Erakusketak
Amaituta
2015-10-20 • 2016-01-04
Beranaren itzala luzea da
Lucas Van Leyden Mariano Moret bilduman
13, 14. ETA 15. ARETOAK
Bilboko Arte Ederren Museoak bat egin du azaroaren 19tik 22ra Bilbon egingo den Grabatuaren Nazioarteko IV. Jaialdiarekin (FIG), eta obra grafikoa jarriko du ikusgai bere aretoetan, adierazpen artistiko hori sistematikoki lantzen baitu bere erakusketen programazioan. Aurreko hiru urteetan, Giovanni Battista Piranesi (2012), Sardinia dezifraezina (2013) eta Mimmo Paladino (2014) erakusketak egin dira; eta, erakusketa horietan, ikusgai egon dira grabatuaren historiako maisurik handienetako baten nortasun artistikoa, Sardiniako hamar grabatzaileren lanak, eta gaur egun nazioartean garrantzi handienetakoa duen italiar artista baten obra grafikoa, hurrenez hurren.
Oraingo honetan, Holandako grabatzailerik nagusienari eskaini zaio erakusketa, Lucas Huyghzooni, historiografia artistikoan Lucas van Leyden (Leiden, c. 1489/1494-1533) izenaz ezagutzen denari. Van Leydenen 70 estanpa, eta XVI. eta XVII. mendeetan bere eraginpean lan egin zuten beste artista garrantzitsu batzuen estanpa batzuk egongo dira ikusgai. Mariano Moret bildumagile valentziarrak jasotako estanpen funtsekoak dira denak, paperean egindako obrei buruz museoak duen bildumako Van Leydenen bat izan ezik. 70 estanpa horietatik 26 Lucas van Leydenen jatorrizkoak dira, eta gainerakoak (44) maisuaren estanpak kopiatu zituzten edo obra originala sortu zuten artistenak, besteak beste, hauenak: Nicolaes de Bruyn, Jan Muller, Jan Saenredam, Pierre Firens eta Hendrick Goltziusenak.
Lucas van Leyden 1489an edo 1494an jaio zen –iturrien arabera, data batean edo bestean– Leidenen (Herbehereak), eta 1533an hil zen. Artista goiztiarra izan zen: oso gazte zela egin zituen lehenengo margolanak, eta handik gutxira grabatuak egiten hasi zen. Gazte hil zen arren, ekoizpen artistiko handia utzi zuen, baina grabatuak egiten nabarmendu zen, batez ere; gai erlijiosoei eta alegorikoei buruzko 200 estanpa inguru egin zituen. Dirudienez, grabatuetako lengoaia eta teknika ikasteko obra txikiak egin zituen lehenengo, eta obra horietan nabari da teknika ez zuela erabat menderatzen, deskripzio anatomikoak eta espazioaren erabilera ez zirelako hain onak. Dena dela, lehenengo estanpa horiek ere oso adierazkorrak dira eta bat-batekotasuna nabari zaie; denborarekin hori guztia onduz joan zen, teknika menderatu ahala.
Erakusketarako aukeratu diren estanpetan argi ikus daitezke Van Leydenen dotorezia, beranarekin egiten zituen lanen fintasun harrigarria, xehetasunarekiko zuen maitasuna, objektu eta ehunen kalitatea, eta ehundurak erakusteko abilezia; Iparraldeko eskoletako artisten ezaugarriak, alegia. Estilo originala zuen eta konposizio konplexuak egiten zituen; zilar koloreko tonuak erabiltzen zituen, ia gardenak, irudi dotore delikatuak eta pertsonaien janzkera aberatsak, beste hainbat xehetasunez gain.
Lucas van Leydenen grabatuetan azken gotikoaren misterioa eta dotorezia eta Errenazimentuko berrikuntzak elkartu ziren. Alberto Dureroren mireslea izanik, hark bezala grabatuaren indarra maite zuen, eta horren eragina nabari da Van Leydenen lanetan. Eskola flamenkoaren naturalismoa eta xehetasunak ere nabari dira bere lanetan, eta italiar estilo berriaren perspektiba eta paisaia ere sartu zituen bertan. Amaitzeko, genero-eszenen Iparraldeko tradizioa dago, herriko jendea ageri da, contrapposto jarreran egon arren (heroiak eta jainkoak bezala, Antzinate klasikoko eskulturen herentzia gisa). Lucas van Leydenen lanaren ezaugarri horiekin txundituta geratu ziren bere garaiko eta ondorengo hainbat artista, eta ezaugarri horiek hartu eta Van Leyden omendu nahi izan zuten, hura imitatuz edo kopiatuz. Horren adibide ditugu Jan Muller eta Hendrick Goltzius, bai eta azken horren ikasle izandako Jan Saenredam ere: artista horien estanpetan ikus daiteke aipatutako txundidura hori.
MARIANO MORET BILDUMA
Mariano Moret Bilduma XVI. mendeko metal gaineko grabatuei buruzkoa da, batez ere. Bilduma pribatua izan arren, bokazio publikoa du, eta bere xede nagusia da grabatuaren artea hedatzea, eta bitxiak direlako eta zaintza bereziak behar dituztelako jendaurrean gutxitan ikusten diren lanak erakustea.
Paperean egindako lan hauetan, arte-diziplina honen historiako bi maisurik handienen eragina nabari da; hau da, Alberto Durerok eta Lucas van Leydenek beren garaiko eta ondorengo Europa erdialdeko grabatuetan izan zuten eragina. Estanpa guztiak metal gainean egindako grabatuenak dira, gehienak beranarekin eginak kobre gainean –nahiz eta artearen historiako lehenengo akuaforte batzuk ere badauden–, eta, salbuespen batzuk badauden arren, alemaniar edo flandiar-holandar artistek egindakoak dira. Hainbat gairi buruzko grabatuek, eta lan horien ibilbideek eta interpretazioek interesa eta erakargarritasuna ematen diete bildumari, eta loturak sortzen dira bertako obren artean. Indarkeria, espiritualtasuna, mitoa, herrikoitasuna, maitasuna, grina... bitxikeria ikonografikoak eta ezkutuko mezuak, jainkoen eta gizon-emakumeen istorioen bidez.
Irudian:
Lucas Van Leyden (Leiden, Alemania, c. 1489/1393-1533)
Ornamentua gerlari baten buruarekin (xehetasuna), 1527
Mariano Moret Bilduma
Erakusketaren edukia: Beranaren itzala luzea da
Babeslea: