Erakusketak
2024-05-03 • 2024-12-15
Artearen Ibilbidea BBK V
Haurtzaroa artean
Ibiltaria
Imajina dezagun barrea kutsakorra den mundu bat, fantasia mugarik gabekoa eta egun bakoitza abentura bat. Haurtzaroaren mundua da, askotan itzultzeko jomuga izatea nahi duguna edo akaso lurperatu egin nahi duguna. Gure oroitzapenetan, haurren bihotzak baino uler ez ditzakeen emozioek eta gertaerek egiten dute habia.
Arteak, sortzaileen historiak iragazitako begiradaren bidez, unibertso hori guztia ispilu gisa islatzeko gaitasun miragarria du, gogoraraziz haurtzaroa ez dela soilik iraganeko puntu bat, gure identitatearen zati intrintseko bat ere baita. Gainera, galdutako xalotasuna estimatzen, irudimena baloratzen eta nostalgia besarkatzen erakusten digu, denbora igaro arren izan ginen haurra ez dela guztiz desagertzen oroitarazita.
Haurtzaroa inor hiltzen ez den erresuma da.
- Edna St. Vincent Millay
Atanasio Bocanegra (1638-1689)
Ama Birjina Haurrarekin eta erretratuak
Olioa mihisean
Blanca, Begoña eta Aranzazu Alzola de la Sota andreen dohaintza 2002an
Alonso Canoren jarraitzaile eta Van Dycken miresle, Bocanegrak jarduera bizia izan zuen bere jaioterrian, Granadan. 1686an Madrilera joan zen eta erregearen margolari izendatu zuten. Haren produkzio ia guztia erlijio-gaiei buruzkoa izan zen. Margolan honetan bi neska irudikatzen ditu –horietako bat burua larru-arras moztua duela, guztiz ezohiko zerbait–, eta hirugarren ume bat, adats luzeko mutil txikia, zeinaren kasaka gizon baten janzkerari baitagokio. Gortinak kolore eskarlata bikaina du, eta lagundu egiten du bereizten jainkozko espazioa, erronboidea, non Ama Birjina eta Haurra dauden, eta lurrekoa, emaile txikiena.
Antonio María Lecuona (1831-1907)
Limosna bat, c. 1870
Olioa mihisean
2008an eskuratua
Amak gidatutako haur batek artaburu bat eskaintzen dio eskale bati baserriaren atarian. Bigarren planoan, landatik itzultzen den aita; eta atzean, Loiolako santutegia. Lecuonak Antonio Truebaren literaturaren berri eman zuen, eta Industria Iraultzaren ondorioz kolokan jartzen hasitako tradizioan oinarritutako rolak erakutsi zituen modu tolesgabe eta idealizatuan. 1877an margolariaren tailerra erre zuen suteak jatorrizko margolana suntsitu zuen, eta hau sutearen ondoren egin zuen errepliketako bat da.
Juan de Barroeta Anguisolea (1835-1906)
Haurren erretratua, 1892
Olioa mihisean
Jaime Unceta Satrústegui jaunaren dohaintza 2009an
Irudi hau mende amaierako erretratugintzaren adibide eredugarria da; jarduera horrekin arrakasta handia lortu zuen Juan de Barroeta Anguisoleak Bilboko gizartean. Bi anaia ageri dira garai hartako haur-moda bereziaren arabera jantzita. Argazkigintzako jarrera horrek adierazten du, akaso, erretratu bikoitz honen abiapuntua. Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademian ikasi zuen Barroetak, eta Federico de Madrazoren ikasle eta Fortuny eta Palmaroliren ikaskide izan zen. Ilustratzaile eta eszenografo gisa ere nabarmendu zen, paisaiaren atzealdea dekoratu gisa tratatu izanak salatzen duenez.
Antonio Ortiz Echagüe (1883-1942)
Bazkaria Mamoiadan, 1908
Olioa mihisean
2011n eskuratua
Sardinia uharteko eszena honen trataerak Zuloagaren errealismoaren eta Sorollaren luminismoaren eragina erakusten du. Aurpegi lasai eta lañoak dituzte neskek, eta eskualdeko jantzi ikusgarriz jantzita daude, giro alaian. Mediterraneoko bizitzaren irudi idealizatu batean, bazkariaren zain daude. Artistak pentsiodun plaza lortu zuen Erromako Akademia Espainiarrean, 1904an, eta han bizi izan zen lau urtez. Gai kostunbristen margolari eta goi-klaseko erretratugile gisa nabarmendu zen. Lehen Mundu Gerran, Donostian jarri zen bizitzen errege-familia, eta haiekin harremanetan zeuden echagüetarrak, amaren aldetiko osaba Alfontso XIII.aren landa-laguntzailea baitzen.
Juan Barroeta Lecanda (1801-1852)
Nire familiaren erretratua, c. 1842
Olioa mihisean
Paz Azaola Reyes andrearen dohaintza 2013an
Familia-erretratu hau Europa erromantikoan, bereziki Ingalaterran eta Frantzian, puri-purian zegoen eredu bati dagokio. Artistaren emaztea seme-alabez inguratuta ageri da, erdigunea taldeko adin txikienekoak hartzen duen konposizio batean. Orrazkerak eta jantziak, garaikoak, dotoreak dira, baina nolabaiteko soiltasuna adierazten dute. Barroeta Lecandak miniaturazko pintura eta erretratua landu zituen Bilboko eremuan, baina erreferentzia gutxi ditugu haren bizitzari eta prestakuntzari buruz. Hark txertatu omen zion pinturarenganako zaletasuna semeari, Juan de Barroeta Anguisoleari.
Alberto Schommer (1928-2015)
Vitoria (Vitoria-Gasteiz), 1957
Zilarrezko bromuro-gelatina paperean
Artistaren dohaintza 2013an
Irudi hau Alberto Schommer argazkilari profesionalaren lehen etapakoa da, pintura utzi ondorenekoa. Gasteizko elurte batean dago girotuta, txikitatik bizitoki izan zuen hirian. Konposizio panoramikoak mutil talde baten ibilbidea nabarmentzen du. Haurrek, lanbrotuta irudian, mugimendu- edo joko-une bat islatzen dute; akaso, pilota baten atzetik, edo eskolara presaka doazela. Horietako bat argi ageri da erdigunean, bakarrik edo desberdin. Argazkiak haur garaiko oroitzapenak gogora ekartzera gonbidatzen gaitu, hala biziak nola lausoak, alaitasunez beteak, eta, akaso, traumez ere bai, eta zuzenean subkontzientea gogora dakarren ametsetan murgiltzen gaitu.
© Fundación Alberto Schommer, VEGAP, Bizkaia, 2024
Isabel Baquedano (1929-2018)
Izenbururik gabea, 1963
Teknika mistoa eta collagea mihisean
2019an eskuratua
Isabel Baquedanok testura eta elementu piktoriko apartak dituen collage moduan sortu zuen natura hil gisako erretratu hau. Grisen gama kromatikoak denboraren poderioz horixka bihurtutako argazki-paperak dituenaren gisako kolore-puntuak ditu, eta horrela bi bitartekoak lotzen ditu. Argazkiko neskatila, ezpain ertzetan zigarro bat duela, artegagarri samar loratzen da. Autorearen ibilbidearen hasierakoa da margolana; Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Eskolan ikasketak amaitu ondoren, hizkuntza klasikoetatik urruntzea eta abstrakzio informalistaranzko joera erakusten du.
Sofonisba Anguissola (c. 1535-1625)
Santa Katalinaren ezkon-hitz mistikoak, 1588
Olioa mihisean
2021ean eskuratua
Santa Katalina IV. mendean martirizatu zuten kristau-fedearekin zuen konpromisoagatik, hemen Jesusekiko ezkon-hitzaren bidez sinbolizatua. Jesus haur hazi baten moduan ageri da; ezohikoa, ikonografia honetan, eta guztiz arraroa Kristoren irudikapenetan. Beste margolari baten, Luca Cambiasoren, jatorrizkotik abiatuta egin zuen bertsio hau Anguissolak, eta gozotasun eta intimitate berezia eman zion bi pertsonaiek eraztunak trukatzen dituzten eszenari. Emakume margolari bakan hau gizonak nagusi ziren giro artistiko batean nabarmendu zen –garai hartan oso bitxia zen hori–, eta Michelangelo Buonarrotiren eta Van Dycken onarpena lortzera ere iritsi zen.
Francisco Herrera “Zaharra” (c. 1590-1656)
Senitarte Santua, c.1634
Olioa mihisean
1920an eskuratua
Santa Anaren leinuko pertsonaiez betetako konposizio honetan, haurrak nabarmentzen dira lehen planoan. Erdigunean, Ama Birjinaren eta Santa Isabelen artean, Jesus Haurra ageri da, bere lehengusu San Joantxo besarkatzen. Ezkerrean, Done Jakue Nagusia eta San Joan Ebangelista daude, tunika arrosarekin, Maria Salomeren seme biak. Eskuinean, Maria Kleofasen seme izan daitezkeenak daude: Santiago Txikia, Simon eta Juda Tadeo. Kolore ederra eta teknika soltea nabarmentzen dira, Sevillako naturalismoaren ordezkari garrantzitsuenetako bat izan zen artista honen trebetasuna erakusten dutenak.
Joaquín Sorolla (1863-1923)
Erlikiari musu ematen, 1893
Olioa mihisean
Bilboko Udalaren ekarpena 1913an
Adorazioa eta erreberentziarainoko beldurra nahasten dira lasaitasunez eta intimitatez betetako eszena honetan. Apaizak beirazko ontzi tubular batean gordetako erlikia misteriotsu bat aurkeztu die fededunei; ontzia brontze gorriz muntatuta dago, eta esan daiteke laborategiko objektu bat dakarrela gogora. Eliztarrak errespetuz hurbiltzen dira, eta akolitoak, abarkak jantzita, estanpak banatzen ditu neskatila baten jakin-minezko begiradapean. Arrosa-koloreko larruazala duen neskatila batek musu ematen dio objektuari, tolesgabetasunez, fedea erakusteko. Parisko, Vienako eta Bilboko erakusketetan saritutako lan honekin, Sorollak artearen arloko bere lehendabiziko aintzatespena lortu zuen.
David Vinckboons (1576-c. 1632)
Umeen segizioa edo Mendekosteko emaztegaia, c. 1605
Olioa haritz-oholean
Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an
Margolan honek Espiritu Santuaren Etorreraren ospakizun kristauari lotutako ohitura flamenko bat erakusten du. Lorez eta zintaz apaindutako neskato batek –Mendekosteko emaztegaiak– eztei-segizio moduko bat du lagun: haur asko doaz etxetik belardietako berroei (cresson) buruzko doinuak kantatzen, opari txikiak jasotzen dituzten bitartean. Bi etxek inguratutako eszenaurre batean bezala, atzealdea tonalitate urdinez osatutako paisaia baterantz irekitzen da. Ikuspuntu altuari esker, irudikatutako elementuen xehetasunak antzeman daitezke. David Vinckboons Amsterdamen jarri zen bizitzen 1591. urtearen inguruan, eta batez ere generoko pinturan aritu zen.
Ángel Larroque (1874-1961)
Amatasuna, 1895
Olioa mihisean
Bilboko Udalaren ekarpena 1924an
Bihurgune bihurriz osatutako atzealdeko oihal apaingarri baten kontra, ia nerabea dirudien ama baten irudia nabarmentzen da gorriz, adats iluneko eta adierazkortasunik gabeko begirada moteleko Venus baten antzera. Haren gorputzak bizia eman dio haurrari, eta orain sehaskarena egiten du. Umea ia ez dago estalita, eta agerian du sexu heldugabea. Giro onirikoko lan honetan, loa eta esna-aldia, sexualitatea eta xalotasuna elkartzen dira, eta hainbat interpretaziori irekitzen zaizkio ateak. Angel Larroquek, Anselmo Guinearen ikasle izana Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan, hogeita bat urte zituen mihise hau Parisen margotu zuenean, Eugène Carrièreren akademiara joaten zen garaian.
Juan de Echevarría (1875-1931)
Paria gaztelaua, 1917
Olioa mihisean
Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1920an
Bere natura hil alaiekin eta loredun loreontziekin kontrastean, Juan de Echevarríak bazterreko pertsonaiekiko erakarmena ere adierazi zuen bere margolanetan; horren adibide da lagun bakartzat txakurtxo bat duen mutiko hau, ikusleari etsipenez tinko begira. Argi zenitalak eta tonu arre eta urdinek giro hotz eta oso tristea sortzen dute haurraren inguruan, abandonu eta babesgabetasunaren irudi hunkigarria. Echevarríak hezkuntza zorrotza jaso zuen eta enpresa-mundura bideratuta zegoela zirudien. Hala ere, ama hil ondoren, 1911n bere bizitza aldatu eta Parisa joan zen, benetako bokazioari jarraituz. Lehen bakarkako erakusketa Madrilgo Ateneoan egin zuen 1919an.
Julián de Tellaeche (1884-1957)
Txo zuria, c.1922-1924
Olioa kartoian
1928an eskuratua
Itsasoaren gaia ia esklusiboa da bere bizitzaren zati luze batean Lekeition bizi izan zen pintore honen produkzioan. Argazkigintzarako zaletasuna enkoadraketen eta matematikoki kalkulatutako konposizioen bidez hautematen da mihiseetan. Hemen, diagonalen jolas ikasi batetik abiatuta eraikitako atzealde ia abstraktu baten kontra ageri da gaztea. Haren aurpegi ederrak, adierazpen lasai eta xaloak eta janzkera apartak irudi idealizatua osatzen dute, samurtasunez betea, haurren lanaren drama alde batera utzita. Tellaechek Parisko hainbat akademiatan ikasi zuen eta 1911n Euskal Artisten Elkartearen sorreran parte hartu zuen. 1952an Perura joan zen eta han Altxor Artistiko Nazionalaren Kontserbatzaile izendatu zuten.
Jesús Olasagasti (1907-1955)
Ahizpak, 1926
Olioa mihisean
Bizkaiko Foru Aldundia ekarpena 1926an
Lau ahizpa gaztek garai hartan beren sexuaren berezkotzat jotako jardueretan ematen dute aisialdia: panpinekin jolastea, jostea eta, kasurik onenean, irakurtzea. Beren bob eta garçon erako ile-mozketek kontrapuntua ematen dute, askapen gisako bat itxuratuz; askapen hori, garai hartako artista batzuek, hala nola Olasagastik, iradokitzen zuten abangoardismoa bezala, ezerezean geratu zen gero, Gerra Zibilaren ondorioz. Bere ibilbideko unerik onenean egindako lan honetan, margolariak zantzu kubista eta cézannetarrak erakusten ditu, Daniel Vázquez Díaz maisuarengandik Madrilen ikasiak. Gero, euskal burgesiaren erretratugile preziatuenetako bat izan zen.
Emili Ferrer i Espel (1899-1970)
Chiquilín, Artiach, 1935
Koloretako litografia paperean
1981ean eskuratua
1930eko hamarkadan, Artiach anaiek Jackie Coogan haur aktorea –1922an Charles Chaplinek zuzendutako The Kid filmeko protagonista– izendatzeko Espainian erabiltzen zen "Chiquilín" ezizena erabili zuten beren gaileta ezagunen marka bihurtzeko. Hala, publizitate-kartelak enkargatu zituzten bizitasun handiko pertsonaia bihurriekin, jarrera dinamiko eta kolore alai eta kontrastatuekin irudikatuak. Mutikoaren irudi fresko eta gozoa produktuari lotuta geratzen zen horri esker, eta mezu argia eta oso efektiboa igortzen zuen sustapenaren ikuspegitik.
Herbert Leupin (1916-1999)
Knie´s kinderzoo, 1964
Offseta paperean
Bilduma partikular baten dohaintza 2013an
Herbert Leupinek Knie zirkua iragartzeko diseinatu zuen kartel hau. Suitzako Rapperswil herrian du egoitza zirku horrek. 1803an sortua, funtzionatzen jarraitzen du eta, ikuskizunak eskaintzeaz gain, zoologiko ibiltaria da. Zirkuaren jarduera elefante baten eta pailazo baten irudikapenean islatzen da, haurrentzat egindako marrazki koloreztatu bat gogorarazten duen irudi batean; autoreak maiz erabiltzen zuen baliabide hori, umore finarekin konbinatuta. Haurrentzako liburuetarako irudiak egin zituen arren, Leupin Suitzako kartel-diseinatzaile garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Marka askotarako lan egin zuen, eta Milka txokolate-etxearen behi ikonikoaren sortzailea izateagatik da ezaguna.
Eugène Zak (1884-1926)
Giñola, c. 1920
Olioa mihisean
1924an eskuratua
Eugène Zak margolari poloniarrak tamaina luzeko eta fisionomia klasikoko izaki irrealen mundu bat sortu zuen. Margolaneko familia hau, adibidez, haurretako batek zuzendutako giñol-emanaldi bati begira dago. Espazioaren banaketak berak agertoki bat iradokitzen du beste baten barruan. Parisko Arte Ederren Eskolan trebatu zen Zak, eta 1904an egin zuen debuta, Udazkeneko Aretoan. Haren lanak Picasso, Modigliani eta Chagallen eraginak islatzen ditu. Margolan honetan ezerk ez du autorearen eta haren familiaren patu tragikoa iragartzen: bera 41 urterekin hil zen bihotzekoak jota; haren alarguna, Yadwiga Kohn, berarekin batera Parisko Zak Galeria ezaguna sortu zuena, eta haren seme Yannek Auschwitzen hil ziren.
Roberto Rodet (1915-1989)
Mahai-zapi zuria, 1949
Olioa mihisean
1982an eskuratua
1949an margotutako mihise handi honek zehatz-mehatz erakusten du une hartan emakumeek zer motatako hezkuntza jasotzen zuten, etorkizunean izan behar zuten zereginera bideratuta. Eskolako uniformez jantzitako zazpi neskatila, seguru asko ikastetxe erlijioso batekoak, lepoko gurutzeek adierazten dutenaren arabera, haietako lau josten ari diren mahai-zapi bat inguratzen dute, beste batek taldea entretenitzeko irakurtzen duen bitartean. Eszena, ustez xarmagarria, gaur egun anakronikoa gertatzen da. Rodet Ángel Larroqueren ikaslea izan zen Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan. Artista polifazetikoa izan zen: Arantzazuko basilikako absidea margotu zuen 1957an, antzerkirako dekoratuak egin zituen eta poesia idatzi zuen. Arte Ederren Bilboko Museoko Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen 1970 eta 1982 bitartean.
Cristóbal Ruiz (1881-1962)
Bi neska, 1924
Olioa mihisean
1924an eskuratua
Bi neskatila barnealde batean, agian beren logelan, zeregin xume batean murgilduta daude. Konposizioa, zehaztasunez sortua, plano eta diagonalen bidez egituratzen da, eta horien gainean kokatzen dira irudien lerro uhindunak. Eszena isilak lasaitasuna eta intimitateen eta gauza txikien mundu bat transmititzen ditu. Cristobal Ruize estiloak gogora dakartza Parisen, 1902an, eta Madrilgo San Fernando Akademian ikasi ondoren, ezagutu zituen abangoardiak. Hausturarik handienarekin konprometitu gabe, postinpresionisten, sinbolisten, fauvisten eta espresionisten eraginak ditu. Horren guztiaren oihartzuna eszena eder honen gozotasunean itsatsita dago.
Anselmo Guinea (1855-1906)
Jendea, 1904
Olioa mihisean
Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1921ean
Emakume-talde batek neskato bat inguratzen du, eta neskatoak eskua ematen dio emakume horietako bati, neskame bati beharbada. Limurtzeekin edo txutxu-mutxuekin distraituta, ez dira txikienaz arduratzen; eta hark aurrez aurre begiratzen du, harriduraz eta adierazpen inozoz, mahats-ale batzuk ahoratzen dituen bitartean. Badirudi dena mugimenduan dagoela ilunabarrean Erromako zubi batean girotutako eszena honetan, eguzkiaren argia farolenarekin nahasten denean. Lanak Anselmo Guineak inpresionismoaren, bere heldutasun osoaren eta bere kezken sintesiaren eraginez izan zuen bilakaera erakusten du: nolabaiteko ironiaz aurkeztutako gai kostunbrista eta anekdotikoak, koloreen erabilera pertsonala eta marrazkiaren tratamendu zehatza.
Benito Barrueta (1873-1953)
Neskato baten erretratua edo Carmenchu
Olioa mihisean
1962an eskuratua
Haur baten gorputz erdiko erretratu fin honek Barruetak Velázquezi zion mirespena uzten du agerian. Pintzelkada solteak, ingerada zehaztugabeak eta pixka bat zirriborratutako ezaugarriek irudi etereo eta malenkoniatsua sortzen dute, autorearen erretratu eta barne-eszenen ohiko ezaugarria. Bilbon Antonio Maria Lecuonaren ikasle izan ondoren, Barrueta Parisa joan zen 1900ean, Bermeoko Udalak, bere jaioterriak, emandako beka bati esker. Bertan Bateau-Lavoir eraikinean bizi izan zen, abangoardiako artisten bizilekuan. Lehen Mundu Gerraren ondorioz Bermeora itzuli zenean, marrazketa-katedra bereganatu zuen Nautika Eskolan eta Arte eta Lanbide Eskolan.
Antonio María Esquivel (1806-1857)
Neskatila biren erretratua paisaia batean, 1831
Olioa mihisean
1987an eskuratua
Bi neskatila xarmagarri, agian bikiak, inperio-erako jantzi ederrekin posatzen ari dira. Bata txakur bat laztantzen ari da, eta besteak txori txiki bati eusten dio, hatzei soka batekin lotuta; fideltasunarekin eta alaitasunarekin lotutako maskotak dira. Pinturaren estetikak, itxurati eta handinahi samarra, Esquivelek erretratu askotan eraginkortasun handiz jaso zuen mundu burgesa islatzen du. Artista Sevillako Arte Ederren Akademian hasi zen ikasten, eta San Fernandoko akademiko izendatu zuten Madrilen, non anatomia artistikoko eskolak eman baitzituen. Ikusmena galtzear zegoela, lankideek eta poeta batzuek hura berreskuratzeko aukera eman zion tratamendu garesti bat ordaindu zioten.
Blasco de Grañengo tailerra (1422-1459)
Ama Birjinaren aurkezpena Tenpluan, c. 1437-1445
Tenpera oholean
1999an eskuratua
San Joakinek eta Santa Anak beren alaba Maria eskaintzen dute Jaunari, Ebanjelio apokrifoen kontakizunaren arabera. Zakarias apaizak jasotzen du, hamabost mailako eskalinata baten gainean. Margolan hau Ama Birjinaren bizitzari buruzko erretaula baten parte izan zen, eta museoak beste bost eszena gordetzen ditu. Tenplean landutako kolore lau ikusgarriz eta ikuspegi intuitiboz tratatutako arkitektura ederrean girotu du autoreak gertaera. Haren estiloa nazioarteko gotikoan oinarritzen hasi zen, eta, beraz, Blasco de Grañénen lantegiari atxikitzen zaio, XV. mendeko bigarren laurdenean Aragoiko eskolako emankorrenetako izan zirenetako bati.
Felipe Manterola (1885-1977)
Konposizioa: saia eta haurra, c. 1904-1936
Zilarrezko bromuro-gelatina paperean
Produkzio propioa, artistaren familiaren jabetzako jatorrizko klixean oinarrituta 1983an
Argazki-muntaia honetan irudikatutako eszenan, inkontziente kolektiboaren beldurrak agertzen dira: zuhaitzetan bizi ginenetik datorren erortzeko beldurra, edo heriotzarekiko beldurra, hegazti sarraskijalean irudikatua. Haurren gaueko beldurren irudia da, eta baliteke galdutako haurtzaroa –lapurtutakoa, akaso– izatea aipagai, inoiz itzultzen ez den existentziaren une gisa. Felipe Manterola Zeanurin (Bizkaia) jaio zen; argazki-bilduma zabal batean islatu zuen inguruko landa-gizartea, aldaketa-prozesu garrantzitsu bat bizitzen ari zen garaian. Paisaien, talde-erretratuen eta jaietako zein haur-jolasetako eszena kostunbristez gain, irudi guztiz ezohiko hau utzi zuen.
Antonio de Guezala (1889-1956)
Julio Guezala eta bere lagunak, Bakioko hondartzan, c. 1925
Gelatinobromuro de plata sobre papel
Produkzio propioa, artistaren familiaren jabetzako jatorrizko klixean oinarrituta 1992anan
Guezala sormen-askatasun handiko artista izan zen, bere gizarte-posizio lasaiari esker. Margolari eta diseinatzaile gisa egindako lanagatik ezagunagoa den arren, argazkilaritzako lan garrantzitsua egin zuen, bere familia- eta paisaia-ingurunea erakutsiz. Irudi honetan, semearen irudia atzeman du, itsasertzean lagunekin dagoela. Olatuek ekarritako ura geldi geratzen da eta ispilu gisa jokatzen du. Efektu bikoiztuak, konposizio-motak, zaintza formalak eta atzealde desenfokatuak –autoreak askotan erabiltzen duen baliabidea–berezi bihurtzen dute arte-proposamen hau, argazki-oroitzapen hutsa gaindituz. Irudi hunkigarri honek aire librean, lagunarte bizian, jolasten den haurtzaro zoriontsua irudikatzen du.
José Benito Bikandi (1894-1958)
Sorca (Euskal neskatoa), c. 1926
Olioa mihisean
1926an eskuratua
Bere tamainari ezkerrean dagoen aulkia baino hobeto egokitzen zaion kalamuzko eserleku etzangarri batean eserita, haurren berezko zuhurtasunez, neska koxkorrak apaltasunez eta babesik gabe begiratzen digu. Kolore biziak estilo fauvista gogorarazten du, eta pintzelkadak, aldiz, l espresionismora hurbilarazten du obra hau. Bikandik Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen, Ignacio Zuloagaren eraginpean, eta Madrilen, Parisen eta Erroman jarraitu zuen ikasten, Bizkaiko Aldundiaren beka bati esker. 1926an Argentinan finkatu zen eta ospe handia lortu zuen. Urrezko Domina lortu zuen 1937an, Parisko Nazioarteko Erakusketan. 1950eko hamarkadan, erakusketa ugari egin zituen Europa osoan.
Gustave Doré (1832-1883)
Eskaleak, c. 1868-1869
Olioa mihisean
2020an eskuratua
1860ko hamarkadan, artista frantsesentzat oso erakargarria izan zen espainiarra zen oro, orduan exotikotzat jotzen baitzen. Moda haren isla da lan hau, non pertsonaien ikuspegi goratuak, itxura tente eta harroan jasoak, ez baitu eragozten haurrak ingurune marjinal baten biktima gisa aurkeztuak izatea. Gustave Dorék, batez ere ilustratzaile gisa egindako lanagatik ezaguna, 15 urterekin argitaratu zuen lehen litografia, eta oso emankorra izan zen. 1862an Espainiara egindako bidaiaren emaitza dira Le Tour du Monde bidaia-aldizkarian agertu ziren irudiak. Haren pinturaren ezaugarriak kolore lurtsuak eta testura enpastatua dira, eta Espainiako Barrokoaren eragina antzematen zaio.
Anónimo italiano
Dama baten erretratua mutikoarekin, c. 1570-1580
Olioa mihisean
Óscar Alzaga Villaamil jaunaren dohaintza 2021ean
Dama XVI. mendearen erdialdeko moda espainiarraren arabera jantzita dago, itxura zurrun eta luxuzkoarekin, eta bitxien apainketa ikusgarriarekin. Haurrak Europako gorteetako berezko jantzia du. Biek osatzen dute erretratu bikoitz enigmatiko hau, zeinaren estilo orokorrak artista italiarrak dakartzan pentsamendura. Misterioa indartzen laguntzen duten elementuen artean, damak haurrari eskaintzen dion lore-sorta dago, baita haurra igota dagoen idazmahaia ere. Marketeriako dekorazioa duen altzari mota hura, hondamendian dauden arkitekturak irudikatzen dituena, lantegi alemanetan egiten zen. Alfonbra, berriz, Alcarazko edo Cuencako manufaktura bati dagokio. Pertsonaiek zuzenean begiratzen digute, eta badirudi iraganetik mezu bat bidaltzen digutela, oraindik ere deszifratzeko dagoena.
Vanessa Winship (1960)
Bilbo, 2022
Barita paperean inprimatutako irudi digitala
Lan hau Bilbao Metropoli-30k 2022an enkargatutako hirurogeita hemezortzi argazkiko multzo baten parte da; azken hiru hamarkadetan Bilbok eta haren metropoli-barrutiak izan duten bilakaera atzemateko nazioarteko hiru argazkilariri enkargatuak dira argazki horiek guztiak. Horrela ospatu zen Burdinazko Itsasadarra proiektuaren 30. urteurrena. Proiektu horren bidez, sei argazkilarik inguruko industria-, hiri- eta giza paisaia dokumentatu zuten 1990eko hamarkadan. Vanessa Winshipen ikuspuntua ikuspegi ez-deskribatzailearengatik bereizten da, eta irudien alderdi oroigarri eta sinbolikoa nabarmentzen du. Kasu honetan, erakustoki batean dauden jostailuek, haurtxo-itxura oso errealistak dituzten panpinek, rol- eta nortasun-aldaketei buruzko gogoetak iradokitzen dituzte, gure testuinguruaren hirigintza-eraldaketarekin batera.
Oskar Kokoschka (1886-1980)
Lagundu euskal haurrak!, 1937
Koloretako litografia paperean
2012an eskuratua
Kokoschka anarkista eta antifaxista ospetsuak sortu zuen kartel hau, Gerra Zibilak kaltetutako euskal umeentzat Europan dirua biltzeko kanpaina baterako, eta bera prestatzeko egindako zirriborroa ere gordetzen du museoak. Ezkerreko eszenak Gernikako bonbardaketa irudikatzen du, eta, aldi berean, Hradcanyko gaztelu txekiarra sugarretan erakusten du, naziek Txekoslovakiari egindako erasoaren aurrekari moduan. Eskuinean, Pragaren ikuspegi lasai bat dago. Lehen planoan, Dolores Ibarrurirengan inspiratutako emakume batek haur bati eusten dio besoetan, eta beste bati eskutik heltzen dio. Biktima errugabeen irudia da; soldadu gisa errekrutatuta, erailda edo mutilatuta, familietatik eta etxeetatik bereizita, gerra-gatazken ondorio okerrenrk kolpatzen dietenena.
© Fondation Oskar Kokoschka, 2008, VEGAP, Madrid
John Davies (1946)
Umearen bista, 1997-2001
Poliester erretxina eta pintura
2009an eskuratua
John Daviesek Hull eta Manchesterko goi-mailako arte-eskoletan ikasi zuen pintura, eta gero Londresen, Slade School of Fine Art-en. Surrealismoak eragindako haren lehen lanak absurdoaren antzerkiarekin lotuta daude. Oso ibilbide pertsonala du, baina beti figurazioan errotua. Ibilbide horretan, txotxongiloen antzerkian oinarritutako agertoki-kaxak eta hainbat tamainatako buru-serieak nabarmentzen dira, batzuk txikiak eta beste batzuk, hala nola hau, oso handiak. Eskulturaren gainazal zimurtsuan, zeinaren kolore zurixkak igeltsua gogorarazten baitu –nahiz eta erretxinaz eta poliesterrez egina izan–, gure begirada pertsonaiarenera bideratzen duten zenbait zeinu agertzen dira.
Darío de Regoyos (1857-1913)
Bainua Errenterian, 1900
Olioa mihisean
Bilboko Udalaren ekarpena 1913an
Haur biluzi batzuk ibaian murgiltzear daude. Arratseko argiak haien gorputzak inguratu eta urre koloreko tonua ematen die, paisaian nabarmentzen dena. Kolore saturatuek eta itzalek pozez eta bihurrikeriez betetako arratsalde baten giroa sortzen dute, eskolako oporretako uda amaigabeetan ohikoa. 1900ean, Regoyosek, Irunen (Gipuzkoa) instalatua, eszena hori jaso zuen Errenteriara egindako ibilaldi batean, bere esperientzia inpresionistarekin, argiaren garrantzia nabarmentzeko teknika puntillista erabiliz. Ibaiaren gainaldeko duen muinotik, askatasunaren eta naturarekiko loturaren adierazpen zoragarri hau islatu zuen.
Mary Cassatt (1844-1926)
Emakumea eserita haurra besoetan duela, c. 1890
Olioa mihisean
Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1920an
Zuriek, ñabardura ugaritan, haurraren larruazalaren kolore arrosakarak eta haren posturak, bainutik atera berri, emakumearen gainean kuzkurtua aulkiaren bizkarraldea besarkada batean ukituz, intimitatea, lasaitasuna eta freskotasuna nagusitzen diren giroa transmititzen dute. Margolan liluragarri hau artistak usaimen- eta ukimen-sentsazioak eta afektu- eta atxikimendu-sentimenduak iradokitzeko duen gaitasun bikainaren adibide ona da. Gure lehen urteetako lotura emozionalek ematen diguten segurtasuna gogorarazten digu irudiak. Mary Cassatt izan zen lankide inpresionisten artean bere argiz nabarmendu zen emakumezko artista bakarretakoa, garai hartako aurreiritziak gorabehera.
Carlos Sáenz de Tejada (1897-1958)
Neskatila tristea, 1921
Olioa eta ikatz-ziria mihisean
Bizkaiko Foru Aldundiaren komodatua 1999an
Pinturaren materia-urritasunak, marrazkia bistan utzi ere egiten baitu, irudi etereoa ematen du. Koloreen leuntasunak, ñabardura urdinkara duen gris-gama batean, giro malenkoniatsu eta hunkigarria sortzen laguntzen du, neskatoaren postura laxoak indartua, bizkarra okertuta, burua beherantz makurtuta eta hankak postura ganoragabean dituela. Sáenz de Tejadak ilustratzaile gisa hasi zuen bere ibilbidea modako hainbat argitalpenetan, eta, geroago, Gerra Zibilean, Armada Nazionalaren Prentsa Zerbitzurako lan egin zuen. Horma-irudi ugari egin zituen eraikin publikoetan, eta irakaslea izan zen Madrilgo Arte eta Lanbide Artistikoen Eskolan.
© Saenz de Tejada, VEGAP, Bizkaia, 2024
Gabriel Cualladó (1925-2003)
Miguel Ángel, 1959
Zilarrezko bromuro-gelatina barita paperean
Artistaren dohaintza 1985ean
Cuallado nekazari aritu zen nerabe garaian, eta gero osabaren garraio-enpresan, Madrilen. Bere arte-prestakuntza autodidaktak –berak ere amateurtzat jotzen zuen bere burua– sormen-askatasuna eman zion, eta XX. mendearen bigarren erdian espainiar argazkigintzaren berritzaileetako bat bihurtu zuen. Bildumazalea izan zen, eta diziplina hori arte-genero gisa onartzearen lehen sustatzaileetako bat. 1994an Argazkigintza Sari Nazionala jaso zuen. Familiakoen eta lagunen zirkulurik hurbilena erretratatu zuen, irudi honetan bezala; mutiko batek lotsagabe posatzen du aisialdiko une batean. Argiak mutila nabarmentzen du, jardin itxurako atzealdearen kontra.
Henri Lebasque (1865-1937)
Bakearen mailegua, 1917
Koloretako litografia paperean
Bilduma partikular baten dohaintza 2013an
Gerrak sortzen zituen gastuak finantzatzeko, 1910eko hamarkadan Frantziako gobernuak hainbat bonu jaulki zituen, armistizioaren ondoren herrialdearen berreraikuntza babesteko. Lebasqueren kartel hau sustapenerako erabili zen. Atzean, gizonezko talde bat konponketa materialari emana ari da lanean; lehen planoan dagoen emakume batek, berriz, haurrari bularra ematen dio, alaba ondoan duela. Azken irudi hori, birpopulatzearen sinbolo, bat dator garai hartan Estatuak bultzatzen zituen jaiotza-tasa sustatzeko politikekin. Lebasque –Léon Bonnaten ikaslea izan zen– Parisen jarri zen bizitzen 1886an, eta han inpresionistekin harremanak izan zituen. Matisserekin batera, Udazkeneko Aretoa ezarri zuen 1903an.
Ricard Canals (1876-1931)
Margolariaren emaztearen eta Ricardo semearen erretratua, c. 1918
Olioa mihisean
Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1920an
Benedetta Biancok Parisen ezagutu zuen Ricard Canals; han, Degas, Picasso eta gisako artisten modeloa zen. Picasso, margolariaren gaztetako laguna, haren seme Octaviren aitabitxia izan zen. Canals artista noucentistekin harremanetan egon zen Bartzelonan; esaterako, Nonellekin eta Mirrekin, eta 1897an iritsi zen Frantziako hiriburura. Bere emazte eta seme Rikardo antzekotasun fisiko eta begirada sarkor nabarmenarekin erretratatu zituen margolan honetan; Espainiako erretratugintzari buruzko erreferentzien bilduma da margolan hau: Velázquezengandik hasita, kolorearen erabileran, eta Goyarenganaino, ama-alaben arteko harremana adierazteko moduan. Haurrak, bere amak besarkatuta eta helduta, nerabezaroa ate joka dagoen bizitzako etapa batean bizi duen lotura eta segurtasuna nabarmentzen ditu irudiak.
Udalekua | datak |
---|---|
BILBO | Maiatzaren 3tik 13ra |
BARAKALDO | Maiatzaren 13tik 20ra |
SANTURTZI | Maiatzaren 20tik 27ra |
ALTXAGA ETA ASTRABUDUA | maiatzaren 27tik ekainaren 3ra |
SODUPE | Ekainaren 3tik 10era |
PORTUGALETE | Ekainaren 10etik 17ra |
TRAPAGARAN | Ekainaren 17tik 24ra |
ABANTO ZIERBENA | Uztailaren 24tik 1era |
BALMASEDA | Uztailaren 1etik 8ra |
GETXO | Uztailaren 8tik 15era |
PLENTZIA | Uztailaren 15etik 23ra |
BERMEO | Uztailaren 23tik 29ra |
MUNDAKA | Uztailaren 29tik abuztuaren 5era |
ELANTXOBE | Abuztuaren 5etik 12ra |
ARTZENTALES | Abuztuaren 12tik 19ra |
GERNIKA | abuztuaren 19tik 26ra |
MUNGIA | Abuztuaren 26tik irailaren 2ra |
MALLABIA | Irailaren 2tik 9ra |
ALONSOTEGI | Irailaren 9tik 16ra |
SESTAO | Irailaren 9tik 16ra |
ARTEA | Irailaren 23tik 30era |
GORDEXOLA | irailaren 30etik urriaren 7ra |
UGAO-MIRABALLES | Urriaren 7tik 14ra |
ETXEBARRI | Urriaren 14tik 21era |
BASAURI | Urriaren 21etik 28ra |
LEZAMA | urriaren 28tik azaroaren 4ra |
ZORNOTZA | Azaroaren 4tik 11ra |
DERIO | Azaroaren 11tik 18ra |
GARAI | Azaroaren 18tik 25era |
MARKINA | Azaroaren 25etik abenduaren 2ra |
DURANGO | Abenduaren 2tik 8ra |
LEMOA | Abenduaren 9tik 16ra |
URDUÑA | Abenduaren 16tik 23ra |
Babeslea: