Erakusketa: Arrue anaiak Parisen - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2021-11-16 • 2022-06-26

Arrue anaiak Parisen

Obra Gonbidatuak ekimen artistiko berezia proposatzen du 65. edizioan, hain zuzen ere, José Arrue(Bilbao, 1885-Laudio, Araba, 1977) eta Ramiro Arrue (Bilbao, 1892-Donibane Lohizune, Frantzia, 1971) anaienformatu handiko bi margolan: JosérenBaserritarrak eta Ramiroren Fandango. Biak batera aurkeztu ziren Parisen 1925. urtean, eta, orduz geroztik, bereizita egon dira, museoaren 33. aretoan berriro ere elkarrekin erakutsiko diren arte, Banco Santander Fundazioaren babesa duen programaren barruan.

Ekimen horren bitartez ospatu nahi da, batetik, José Arrueren familiakBaserritarrak lana eman berri duela dohaintzan, eta, bestetik, Ramiro anaiaren heriotzaren 50. urteurrena. RamirorenFandango lana Donibane Lohizuneko Udalaren (Frantzia) aldi baterako maileguari esker erakutsiko da museoan.

Bi mihise horiek ikusgai jarrita, Parisko 1925eko Exposition Internationale des Arts Décoratifs et Industriels Modernes erakusketan bi lan horiek izan zuten parte-hartzea berregiteko aukera eman duen ikerketa egin ahal izan da. Museoaren Kontserbazio eta Ikerketako koordinatzaile Javier Novo izan da ikerketaren egilea; hitzaldi batean azalduko ditu, azaroaren 22an, ikerketaren ondorio nagusiak, eta lagunduko digu euskal artearen pasarte interesgarri horren garrantzia ulertzen.

Bi margolanak testuinguruan jartzeko helburuarekin, beste hainbat material dokumental eta artistikorekin erakutsiko dira: erakusketa hartako "Stand Basque" delakoaren maketa –hor egon ziren lanak–, Baionako Departamentuko Artxiboetan (Frantzia) gordetako planoetatik abiatuta egina; Parisko 1925eko Nazioarteko Erakusketa iragartzeko Robert Bonfilsek (Paris, 1886-1972) egindako kartela –koloretako litografia, museoko kartel bilduman gordea–; eta Ramiro eta Ricardo Arrueren esmalte multzo bat (Bilbo, 1889-Caracas, 1978), museoaren dekorazio arteen funtsetakoa eta Espainiako Pabiloian ikusi ahal izan ziren berrogeita hamar lanen ordezkari, zeinari eman baitzitzaion Urrezko Dominaren diploma.

1
José Arrue
Baserritarrak, c. 1925
Olioa mihisean. 152 x 304,5 cm
Bilboko Arte Ederren museoa.
Artistaren oinordekoen dohaintza, 2020. urtean
Ramiro Arrue
Fandango, 1925
Olioa mihisean. 155 x 300 cm
Collection Ville de Saint-Jean-de-Luz
José ArruerenBaserritarrak eta Ramiro ArruerenFandango "Stand Basque"-n,Ipar Euskal Herrikosekzioan, erakusteko xedez agindu ziren. Bertan bildu ziren pinturak, eskulturak, zeramikak eta altzariak, 1925eko Parisko Exposition Internationale des Arts Décoratifs et Industriels Modernes erakusketan.

Urte hartako apirila eta urria bitartean izan zen erakusketa hartara bisitari ugari joan ziren, eta arkitektura modernoa erreibindikatzeko helburuarekin antolatu zen, industriaren aurrerakuntzak eta hark dekorazio arteetan zuen aplikazioa erakutsiz. Horrez gainera, funtsezko ekimena izan zen art déco estiloa nazioartean zabaltzeko.

Arrue anaien bi lanek izan zuten saria erakusketan, eta Benjamin Gomez (Baiona, Frantzia, 1885-1959) arkitektoak nazioarteko ekimen entzutetsu hartan Euskal Herria sustatzeko turismo bulego gisa egindako eraikuntza efimeroan,Hall d'un syndicat d'initiative en Pays Basque, egon ziren ikusgai.

Orduz geroztik, bi lan horien historiak ez zuen bide beretik jo.Baserritarrak lana Bilboko museoan egon da gordailututa 2003ko azaroaz geroztik, eta orain dela gutxi artistaren familiak dohaintzan eman du, zorionez. Bestalde,Fandango lana aurrekoarekin elkartu ahal izan da, lanaren gaur egungo jabeari esker, hau da, Donibane Lohizuneko Udalari (Frantzia) esker, zeinak maileguan utzi baitio museoari, Arrue anaien ekoizpenean eta aurreko mendearen hasierako euskal artean funtsezkoak izan diren bi lan hauek elkarrekin ikusteko asmoz.

José Arrueren erromerien eta eszena kostunbristen arrakastak –zeinek baitute indar komiko handia– ezkutatu egin du, maila handi batean, margolariaren gai aldakortasuna. Edonola ere, margolariaren izaera artistiko zabalaren alderdi nagusietako bat formatuetara eta tekniketara egokitzeko gaitasun handia da:gouachea, olio pintura, murala edo beirategia.

Hego Euskal Herriari eskainia,Baserritarrak lanak landa-lanari dagokion eszena bat erakusten du, egileak berezkoak dituen argitasunarekin eta indarrarekin. Jatorrizko kokaera dela-eta, altuan, ia-ia neurri naturalean ageri diren irudiak dira protagonistak. Atondoaren beste muturrean dagoen anaiaren lanean bezala, behean zeramikazko plaka bat zegoen, lelo honekin: "Biarritz reine des plages. Plage des rois" (Biarritz, hondartzen erregina. Errege-erreginen hondartza). Zilarrezko Dominaren diploma eman zioten.

José Arrue (Bilbo, 1885-Laudio, Araba, 1977). Bilbon ikasi zuen, Arte eta Lanbide Eskolan, eta Antonio María Lecuona margolariaren estudioan; ondoren, Ramón Casasekin ikasi zuen, Bartzelonan. Han ezagutu zuen Santiago Rusiñol margolaria. 1905ean Parisera joan zen Alberto anaiarekin batera, eta hurrengo urtean familiarekin bidaiatu zuen Italiara. 1906an, Bilbora itzulirik, umoreko euskal eszenak margotzen hasi zen. 1908. urtean,El Coitao umore kritikoko egunkaria sortu zuen Maezturekin batera, baina ez zuen luzaroan iraun. Horren ostean, hainbat egunkaritan jardun zuen kolaboratzaile, eta, ordutik, ilustraziora eta karikatura kostunbristara bideratu zuen bere lana. Anaien antzera, zuzendaritza postuak bete zituen Euskal Artisten Elkartean.

Ramiro Arruek "Stand Basque" standerako egindakopanneaux handiak euskal folklorearen alaitasuna erakusten du, Iparraldeko dantza herrikoiena den fandango baten irudikapenaren bitartez. Lan honetan ezin hobeto agertzen dira erromantizismoa, sintetismo estetikoa eta kolore neurritsua, hau da, egilearen ekoizpenaren ezaugarri nagusiak. Atondoaren albo batean kokatu zen, eta zeramikazko plaka batean lelo hau agertzen zen: "Le Pays Basque beau tout l'an. Bayonne et ses Musées" (Euskal Herria eder urte osoan. Baiona eta bertako museoak). José anaiaren izaera guztiz bestelakoarekin, baina orekatua parte hartzen zuen dekorazio zikloarekin, margolana saritu egin zuten 7 Klasea-Ensembles de mobiliers sailaren barruan, Urrezko Dominaren diplomarekin.

Ramiro Arrue (Bilbo, 1892-Donibane Lohizune, 1971). 1907an Parisa joan zen bidaian, eta han egin zituen lehenengo marrazketa eta pintura ikasketak; bestalde, Nemesio Mogrobejo, Francisco Durrio eta Antoine Bourdelle eskultoreekin eta Ignacio Zuloaga pintorearekin elkartzeko aukera izan zuen sarritan. 1911n Ziburun hartu zuen bizilekua. Urte hartan bertan Euskal Artisten Elkartearen sorreran lagundu zuen, non hainbat zuzendaritza kargu bete baitzituen, anaiekin batera. 1929an ezkondu zenetik eta hil zen arte Donibane Lohizunen bizi izan zen. Margolari ez ezik, eszenografo gisa eta esmalte finen egile gisa ere jardun zuen Ricardo anaiarekin batera, bai eta ilustratzaile eta kartelista gisa ere.

Hitzaldia "Arrue anaiak Parisen"
Jose ArrueARTEDERren
Ramiro Arrue en ARTEDERren
Komentatuak: Ramiro Arrue

Patrocina: