Arnasa (2020) bideo-instalazioa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2022-03-23 • 2022-06-26

Arnasa (2020) bideo-instalazioa

Maider López

33. ARETOA

33. aretoa, 2022ko martxoaren 23tik ekainaren 26ra
Babeslea: Banco Santander
Fundazioa

Bilboko Arte Ederren Museoa, 2022ko martxoaren 23a.- Obra Gonbidatua programak, 66. edizioan, aurrekaririk gabeko hitzordu artistiko bat proposatzen du; izan ere, Maider Lópezek 2020an museoaren eta Banco Santander Fundazioaren eskariz sorturiko Arnasa lanaren berrirakurketa bat eskainiko du. Obra aktibo egon zen 2020ko ekainaren 4tik 2021eko urtarrilaren 1era bitarteko gauetan. Ibiltariek museoaren “arnasketa” begietsi ahal izan zuten kanpoaldetik, galeria eta espazioen argiztapen gradualaren bitartez.

Aldi berean, artista bideo-instalaziorako materiala grabatzen aritu zen, eta orain jarriko da ikusgai lehen aldiz museoaren 33. aretoan, ekainaren 26ra bitartean. Argi-instalazioaren izaera iragankorraren aurrean, hiru bideo-kanal sinkronizatu eta giro-soinua duen bideo-instalazio honek (16 min 26 s-ko iraupena), loopean, hiru horma hartzen ditu. Museoaren aretoak pizten eta itzaltzen erakusten ditu, modu jarraituan, eta, era berean, artelanak eta elementu arkitektonikoak ere agertu eta desagertu egiten dira ikuslearen aurrean, arnasketaren erritmo motel eta konstantean.

Artelana Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bizirik dauden artisten artelanak erosteko emandako ezohiko dirulaguntzen esparruan eskuratu zen. Artium Museoak –Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa–, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak kudeatutako programa da, eta Bilduma Partekatua izeneko ondare-funtsa osatzen du.

Arnasa

Arnasa bideo-instalazioa Bilboko Arte Ederren Museoan 2020ko ekainaren 4tik 2021eko urtarrilaren 1era gauetan egindako instalaziotik sortu zen.

Eraikinaren barruko argia pixkanaka pizten eta itzaltzen da, arnasketaren erritmo lasai eta konstantean. Argitasuna leihoetatik eta beirateetatik ateratzen da eraikinetik, museoa zabalduz, barrualdea eta kanpoaldea lotuz. Argiaren intentsitatearen aldaketa kaletik ikusten da, eta museoaren barrualdeak argia nola askatzen duen ikus dezake oinezkoak, arnasa hartzen ari den sentsazioa emanez.

Museoko areto guztiak aldi berean pizten eta itzaltzen dira, pixkanaka. Museo osoak unitate bat balitz bezala hartzen du arnasa, eta horrela ikus daiteke, eraikinari mugimendua emanez hormen atzean argia erakusten duten fatxadetan.

Argitik iluntasunerako pixkanakako trantsizioak 8 segundo irauten du, eta argi-trantsizio batetik bestera 4 segundoko atsedenaldi bat dago (argia zein iluna). Eraikinak arnasten duen sentsazioa arnasaren maiztasunaren denborek eta antzekotasunek ematen dute, inspirazioaren (argirako trantsizioa), airea atxikitzearen edo apnearen (argiaren gelditasun laburra), espirazioaren (argitik iluntasunerako trantsizioa) eta apnearen (iluntasuna) bidez, baita fase horien etengabeko errepikatzearen bidez ere.

Proiektuak kontuan hartzen du zein testuingurutan sortu zen, hau da, COVID-19aren osasun-krisian. Kaletik ikusteko egindako pieza da, museoari kanpotik begiratzeko eta hura hirian integratzeko.

Museoa, itxita ere, bizirik dago. Konfinamenduaren ondorioz itxita egon zen bi hilabeteetan bisitatu nuenean, obrak hor zeudela sentitu nuen, gu ez bageunden ere.

Bizi-sentsazio indartsua, museoa ,itxita egonda ere, lagungarria dela, lorategi bat bezala, bertara ezin sartu bagara ere eta zuzenean ezin badugu ere hura ikusi edo hartaz gozatu, bertako zuhaitzek eta landareek elkarrekiko bizitzari laguntzen diotela airearen, bisitatzen duten erleen eta abarren bidez.

Hiru kanal sinkronizatuk osatzen dute Arnasa bideo-instalazioa, bakoitza horma batean proiektatuta. Hiru kanaletan argia une berberean pizten eta itzaltzen da, filmaren argi-erritmoa ikusgai dagoen aretora eramanez.

Elementu arkitektonikoak eta artelanak erritmo motel eta konstantean agertzen eta desagertzen dira. Zokalo bat, adreiluzko horma bat eta koadro bateko pertsonaia poliki-poliki galtzen dira iluntasunean, eta, etenaldi baten ondoren, berriz agertzen dira pixkanaka argiarekin. Planoak xehetasunetik orokorrera irekitzen dira, aretoak erakutsi arte, eta museoaren barrutik kanpora ateratzen dira. Pelikula osoan, iluntasunetik argitasunera eta argitasunetik iluntasunera igarotzeko erritmo etengabea mantentzen da, eta margolanek, eskulturek, eskailerek, ateek, eraikinak, museoak arnasa hartzen dutela ematen du.

Aldi berean, beste bi kanalek museoaren bi fatxadaren plano finkoak erakusten dituzte.

Maider López

Maider López

Nazioartean egin dituen lanak arkitektura eta espazio publikoa abiapuntutzat hartuta egin dituen ekintza eta esku-hartzeak dira, eta ikusleei ingurua hautemateko eta harekin harremanetan jartzeko modu berriak proposatzen dizkiete. Sarri, ikusleen partaidetza eskatzen dute haren lanek, eta sotilki eraldatutako espazio baten parte bihurtzen ditu.

Haren lanak estatuan nahiz nazioartean erakutsi dituzte. Veneziako Biurtekoan parte hartu zuen 2005ean (The Experience of Art, 51 Biennale di Venezia), Xarjakoan 2009an (Provisions for the Future, Sharjah Biennial 9, United Arab Emirates) eta Istanbulekoan 2013an (Mom, am I a Barbarian, 13th Istanbul Biennial).

Hainbat erakusketatan parte hartu du; esate baterako, hauetan: KØS Espazio Publikoetako Artearen Museoa, Danimarka (Hummings, 2021); Bilboko Arte Ederren Museoa (Arnasa, 2020); Statens Konstrad, Suedia (Art is happening, 2019); Prospect 4. Contemporary Art Triennial. New Orleans (2017), Galería Espacio Mínimo, Madril (Zoom in, 2017); Matadero Madrid (1645 Tizas, 2016); Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia, eta MARCO, Vigo (Desplazamiento, 2015 eta 2016); Les Ateliers de Rennes, 4ª Biennale d'Art Contemporain, Rennes, Frantzia (Play Time, 2014); Lower Austria Contemporary (Mountain, 2013); SKOR. Foundation Art and Public Space eta Witte de With Contemporary Art, Herbehereak (Polder Cup, 2010); Centre Pompidou-Metz, Frantzia (Eclats, 2010); SCAPE, Christchurch Biennial of Art in Public Space, Zeelanda Berria (2008); Guggenheim Bilbao (Chacun à Son Goût, 2007) edo Caixa Forum Barcelona (Columnes, 2006).

Maider Lópezek (Donostia, 1975) Arte Ederretako lizentzia eskuratu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta graduondoko ikasketak egin zituen Londresko Chelsea College of Artsen.

Informazio osagarria

2020ko abuztuaren 14an, topaketa birtuala egin zuten Hans Ulrich Obrist Londresko Serpentine Galleries museoko zuzendari artistikoak, Miriam Alzuri museoko Arte Moderno eta Garaikideko kontserbatzaileak eta Maider López artistak.

Gure YouTubeko kanalean ikusgai

Babeslea: