Erakusketa: Arcimboldo - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2017-11-08 • 2018-02-05

Arcimboldo

Florak eta Udaberria

12.-15. Aretoak

Bilboko Arte Ederren Museoak, Banca Marchen babesarekin, Arcimboldo. Florak eta Udaberria erakusketa aurkezten du gaur, Giuseppe Arcimboldok sortutako eta Espainiako bildumetan kontserbatutako obrez gain, obra horiek beren testuinguruan jartzen dituzten beste margolan batzuk eta dokumentazioa batzen dituen lehendabizikoa. Guztira, 14 obrak osatuko dute erakusketa, oinarri nagusi Flora (1589) eta Flora meretrix (c. 1590) taula-gaineko olioak dituela, bilduma partikular batekoak eta Miguel Falomirrek, Prado Museoko zuzendari eta katalogoko testu nagusiaren egileak, 2014an argitara eman arte inoiz erakutsi gabeak. Horiei, oraingo honetan, gehitu zaizkie Udaberria (1563), San Fernandoko Arte Ederren Akademiako Museokoa (Madril) eta Udazkena eta Negua margolanen garaiko bi kopia, Cardonako dukesaren bildumakoak (Kordoba, Espainia), mailarik gorenean erakusteko teste composte edo "buru konposatu" deritzen obra originaltasun handikoen adibideak, Arcimboldoren ezaugarri den estiloaren berezkoak.

Trebetasun tekniko handiz loreen, animalia txikien eta islatutako gaiarekin lotura sinbolikoa duten beste osagai natural batzuen bidez margotuak, Habsburgo Etxekoen zerbitzuan zegoela egin zituen lan horiek Milango pintoreak. Udaberria margolana dinastia inperiala omentzeko egindako urtaroen sail bateko parte zen, eta sail horretako lanak solemnitatez aurkeztu zitzaizkion 1563an Maximiliano II.a enperadoreari, elementu naturalei buruzko sail osagarri batekin batera. Florak, berriz, Rodolfo II.a enperadoreak egindako enkarguaren ondorio dira, eta lotura dute, aldi berean, errege berari Vertumno gisa egindako erretratuarekin (1591), gaur egun Suediako Skokloster Gazteluan kontserbatua.

Obra horiekin batera, pintorearen komitente nagusien erretratuak erakutsiko dira: Antonio Mororen Maximiliano II.a enperadorea (1550), Prado Museokoa; eta Alonso Sánchez Coelloren Rodolfo II.a, Austriako enperadorea (1552-1612) (1567) eta Ernesto Austriakoa artxidukea (1553-1595) (1568), Londresko Royal Collection Trustetik ekarriak. Multzoa Mororen beste lan batekin osatzen da, Felipe II.aren erretratua, Bilboko Arte Ederren Museokoa (c. 1549-1550); bere bilduman Arcimboldoren lanak izan zituen Felipe II.a erregeak.

Oinarri nagusi horren ondoan, garaiko ikonografia artistikoari eta botanikari buruzko zenbait tratatu ere izango dira erakusketan, Milango pintorearen ezagutza zientifiko aditua ilustratzeko, bai eta artistaren asmakuntza ezagunek sortu zituzten lehen iruzkinak ere, horien artean Gian Paolo Lomazzo pintore eta idazleak "Idea del tempio della pittura" (1590) lanean egindakoak.

Azkenik, eta erakusketaren azken erremate gisa, gai floralak jorratzen dituzten museoko bildumako bost obra aukeratu dira: Ama Birjina Haurrarekin, aingeruak eta emaileen familia, Berthomeu Baró; Familia Santua, Jan Gossart, "Mabuse" zeritzona; Loreontzia tulipekin, Andries Daniels eta Frans Francken Gaztea; Lore-otzaratxoa, Juan de Arellano; eta Lore-girlanda, Abraham Mignon.

 

GIUSEPPE ARCIMBOLDO



Giuseppe Arcimboldo 1526an jaio zen, Milanen, eta hiri horretan ikasi zuen, aita Biaggiorekin –hiriko katedralean lan egiten zuen pintore gisa– eta Ambroggio eta Gian Giacomo osabekin, pintoreak haiek ere.

1549koa da haren lan baten lehen erregistroa, Milango katedraleko beirateetarako kartoien marrazkilari gisa; 1557ra arte egin zuen lan katedral hartarako. 1554an, aitarentzat lan egiteari utzi zion, Milango katedralerako lanean jarraitu arren, eta bestelako lan batzuk egin zituen, hala nola Tizianoren Arantzen koroatzea margolanaren markoaren urreztadura, Milango San Maria delle Grazie elizarako. Bi urte geroago, Giuseppe Arcimboldok Giuseppe Meda pintore eta arkitektoarekin (1534-1599) kolaboratu zuen, Monzako katedralerako freskoak pintatzen. Milango San Francesco Grande elizarako ere lan egin zuen.

1558an Comoko katedraleko Ama Birjinaren heriotza tapizerako kartoia (berez, mihisea zen) egin zuen, nahiz eta obra ez zuen 1561era arte entregatu. Urtebete geroago, 1562an, Arcimboldo Vienako gorte inperialari lotu zitzaion, Maximiliano II.a etorkizuneko enperadoreak gonbidatuta, antza denez. Geroago pintatu zuen Lau Urtaroen saila, 1566an.

Gorte inperialerako erretratuen eta bestelako margolanen pintore gisa egin zuen lana dokumentatzen duten lehen erregistroak 1565ekoak dira, eta ez dute zehazten bestelako margolan horiek zer eratakoak ziren. 1569an, Urteberri egunean, aurkeztu zizkion Lau Urtaroen eta Lau Elementuen sailetako lanak –1563an sortuak– enperadoreari, Giambattista Fonteo poetak idatzitako panegiriko bat lagun zutela.

Habsburgotarren gorteko ikuskizunen, harreren, torneoen, antzerki emanaldien eta bestelako jardueren diseinatzaile gisa 1570 eta 1580,urteen artean ageri da erregistratuta. Eta 1571-1576. urteen artean bere autorretratua egin zuen, akuarelan, gaur egun Pragako Galeria Nazionalean kontserbatzen dena.

Urte batzuk geroago, 1581ean –eta Rodolfo II.arengandik jauregiko konde izendapena 1580an jaso eta gero– hirugarren aldiz bidaiatu zuen Milanera, Giovanni Filippo Gherardini adiskidea bere ondasunen usufruktudun izendatzeko, Benedetto semea –1575ean jaioa– adinduna izan aurretik bera hiltzen bazen. 1585ean, pintoreak trajeak, iturriak eta lerak diseinatuz egindako 158 marrazki zeuzkan karpeta bat eman zion Rodolfo II.ari. Bi urte geroago, Milanera behin betiko itzultzea erabaki zuen, eta hantxe bizi izan zen hil arte. Habsburgo Etxearen zerbitzuan egindako lan guztia eskertzeko, Rodolfo II.ak 1.500 florineko aparteko ordaina eman zion.

Aurrerago erabaki zuen Flora margotzea, 1589an, eta Rodolfo II.ari eman zion opari 1590eko Urteberri egunean. Urtebete geroago, Vertumno margolanean, Rodolfo II.aren erretratua egin zuen izenburuan aipatutako jainkoaren irudira, eta obra hori Flora margolanaren bikotekidetzat jo zuen.

Azkenik, 1593an, Arcimboldo Milango bere etxean hil zen.

 

Irudian:
Giuseppe Arcimboldo (Milán, 1526-1593)
Flora meretrix, c. 1590
Olioa oholean, 80,5 x 61 cm (95,5 x 75,5 cm markoarekin)
Marko cassetta pietre dure delakoan egina, Federico Zerik diseinatua, c. 1970
Bilduma partikularra. Banca Marchen eskaintza

Babeslea: