Erakusketak
Amaituta
2011-10-10 • 2012-01-29
Antonio López
BBK Aretoa
"Uste dut mugiarazi nauten gaiak, abiapuntu gisa erabili izan ditudan gaiak, berberak izan direla ia hasiera-hasieratik: giza figura bakartiak edo bikoteka, jantzita eta biluzik, euren espazioen barruan. Hain zuzen ere, espazio horiek neureak ere badira; logelak; paisaiak, gehienetan hirietakoak; zuhaitzak; loreak; elikagaiak […]. Interesgarria izango da erakusketak hartzen dituen berrogeita hamazortzi urte hauek osotasunean ikustea. Batez ere, niretzat."
Antonio López, 2011ko maiatza
Antonio López (Tomelloso, 1936) jardunean den artista espainiarrik entzutetsuenetakoa da, bai eta jendearen artean miresmenik handiena sortzen duenetakoa ere. Hala ere, Reina Sofía Museoak 1993an eskaini zion atzera begirakotik, ez zuen beste erakusketarik egin gure herrialdean. BBK Fundazioaren babesari esker Bilboko Arte Ederren Museoan orain inauguratu den erakusketa hau, Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoarekin batera ekoitzi da, eta, hain zuzen ere, aipatutako museo horretantxe aurkeztu da, arrakasta handiz gainera (11/06/28–11/09/25). Madrilgo museoaren zuzendari artistikoa den Guillermo Solana historialaria eta margolariaren alaba den María López izan dira erakusketako komisarioak; bertan, 130 artelan inguru daude bilduta, berrogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbide artistikoaren balantzea egin nahian.
1949 eta 2010. urteen artean datatutako lanak ikus daitezkeen arren, erakusketa azken bi hamarkadetako lanean finkatzen da, eta arreta berezia jartzen die azken aldiko lanei. Margo batzuk, adibidez Madrilgo Gran Vía kaleari eskainitako zazpi koadro berriak, betearazpen-prozesuan daude oraindik, eta, beraz, inoiz ikusi gabeko lanak dira. Gainera, oso pieza esanguratsuak biltzen ditu; besteak beste, bere lehenengo margo surrealizatzaileak eta familiako erretratuak, Madrilgo ikuspegi ospetsuak edo bere estudioko marrazkiak. Horri guztiari esker, erakusketa hau guztiz ezohikoa da, eta, bertan, artistaren partaidetza zuzenarekin, Antonio Lópezen memoria biografiko eta artistikoa biltzen duen ibilbidea osatu ahal izan da. Gainera, aukeratutako lanen ia erdia bere estudiotik datoz, eta horrek areagotu egiten du aipatutako ezaugarria. Beste lanetako asko bilduma partikularretatik datoz, batez ere Espainiakoak, baina nazioartekoak ere bai. Beste zenbait lan, berriz, museoetatik ekarritakoak dira: Madrilgo Centro de Arte Reina Sofía, Bilboko Arte Ederren Museoa, Parisko Centre Georges Pompidou, Hanburgoko Hamburger Kunsthalle edo Bostongo Museum of Fine Arts dira museo horietako batzuk.
Madrilen eta Bilbon ikusgai jarritako lanen kopurua ia bera da, baina, kontserbazio-arrazoiak direla eta, lan batzuei ez zitzaien erakusketa-denbora luzerik komeni, eta, beraz, hamar bat lan ezin izan dira museo bietan egon. Kasu horietan, pieza horien ordez, garrantzi bereko beste batzuk jarri dira. 2
Margoak, marrazkiak eta eskulturak zenbait esparrutan daude banatuta, eta bertan biltzen dira Antonio Lópezen gai nagusiak. Lehenengo espazioek egilearen existentziaren ibilbidea erakusten dute, aire metafisiko eta landa-giroko lehenengo margoetatik hasi eta bere iloben irudirik berrienetara heldu arte. Hemen, natura hilak, Tomellosoko ikuspegiak, familia erretratuak eta margolariaren hurbileko inguruen irudikapenak daude ikusgai, eta, azken horien artean, bere estudioari buruzko marrazki hunkigarriak.
Ondoren, natura hilaren generoa Elikagaiak eta Zuhaitza izeneko ataletan garatzen da. Horren ostean, Madrili eskainitako atalak datoz; bertan, margolariaren koadrorik ospetsuenetakoak daude ikusgai: Lucioren terraza; Atocha; Madril Hegoaldea; Madril, Torres Blancasetik; Madril, Vallecasko suhiltzaileen dorretik; edo Madrilgo Gran Vía kaleari buruzko serie berria, zeinetan margolaria oraindik ere lanean ari baita. Biluziei buruzko aretoak agerian uzten du Antonio Lópezen ikuspegi antropozentrikoa, tradizio klasikoaren herentzia biltzen duten eskultura eta marrazkietan. Azkenik, loreei buruzko zenbait olio eta azken aldiko proiektu batzuk ere ikus daitezke.
Erakusketa osatzeko, Carmen lo eta Carmen esna brontzezko eskultura monumentalak ikus daitezke, museoko atondoan eta Bilboko Kale Nagusiko BBKren egoitzaren kanpoaldean, hurrenez hurren. Erakusketaren katalogoak bi saiakera jasotzen ditu; bata Guillermo Solanak idatzi du, Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoaren zuzendari artistikoak; eta bestea, berriz, Javier Viarrek, Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendariak.
Antonio López
Berrogeita hamarreko hamarkadatik, Antonio Lópezek figurazio objektiboan egin izan du lan beti, eta, nola edo hala nahita jokatuz, errealitatea eraldatu egiten du bere marrazki, pintura eta eskulturetan. Bere ibilbide luzean zehar, giro intenporaleko eta birtuosismo tekniko handiko lanak sortu izan ditu, izaki eta objektuen errepresentazio errealistan oinarrituta. Bere errepertorio ikonografikoa arlo bisualaren errealitatetik abiatzen da, eta intimitatearen espazioen artean kulunkatzen da. Bertan, arlo surreala eta maitasunaren mundua agertzen dira, bai eta kanpoaldeetako paisaiak ere, bere jaioterria den Tomellosotik hasi eta hiri-panoramika zabaletara heldu arte. Horrek guztiak errealitatea erreproduzitzeko eta ukigarria denaren berehalakotasuna gainditzeko daukan gaitasun izugarria laburbiltzen du.
1992an, Víctor Erice zine-zuzendariak El sol del membrillo (Irasagarrondoaren eguzkia) pelikula filmatu zuen; bertan, Antonio Lópezen sorkuntza-prozesu berezia aztertzen da. Bere lanari emandako gizona da, eta interesatzen zaizkion eguneroko gaiak bilatzen ditu inguruan daukan errealitatean. Gero, normalean aldez aurreko zirriborrorik egin gabe, astiro eta gauzak ondo pentsatuta egiten du lan, batzuetan urteak ere emanez obra bakarrerako.
Horren ondorioz, sarri askotan, euskarri piktorikoaren azalera etengabe handitu behar izaten du. Antonio Lópezek behin eta berriro egiten ditu aldaketak eta gehikuntzak bere lanetan, ia inoiz ez baititu amaitutzat jotzen. Hori dela eta, etengabe bueltatzen da bere lanetara, erretratatuaren edo islatutako objektu zein paisaien bizi-dentsitatea antzeman nahian.
Margolariaren begirada bizi eta kontzentratuak denboraren presentzia ematen die bere lanei, eta, ondorioz, ikusleak liluratuta eta hausnarketa betean ikus ditzake margo hauek. Argiaren erabilerak eta mihisearen azaleratik sakabanatzen diren toles eta ehundurek areagotu egiten dute amets metafisikoko giroa, ikusgarria denaren bitartez ikusi ezin dena iradokitzen duen airea. Elementu horiek urrundu egiten dute Antonio Lópezen lana hiperrealismo edo errealismo fotografikotik. Modu horretan, surrealismotik eta informalismotik jasotako zenbait baliabide sartzen ditu; besteak beste, orbanak, urradurak eta materia-gehikuntzak. Horrela, Antonio Lópezek oso lan pertsonala garatu du, Europako joera errealistarik berrienetatik edo hiperrealismo amerikarretik aparte jokatuz.
Datu biografikoak
Antonio López García 1936an jaio zen, Ciudad Realeko Tomelloso herrian. Laster erakutsi zuen marrazketarako dohain harrigarriak zituela, eta osabak, Antonio López Torres margolariak, lanbide honetan hasten lagundu zion. Hamahiru urterekin, Madrilera joan zen, San Fernandoko Arte Ederren Goi Eskolan sartzeko prestatzera, eta, horretarako, maiz joaten zen Erreprodukzio Artistikoen Museora eta Arte eta Lanbideen Eskolara. 1950 eta 1955. urteen artean, pintura ikasketak egin zituen San Fernandoko Arte Ederren Goi Eskolan. Ikasketa horiek oinarri akademiko, tekniko eta teoriko sendoa eman zioten, eta berak bere ibilbide osoan aprobetxatu izan ditu oinarri horiek.
Ikasketak amaitu berritan, Italiara joan zen beka bati esker, eta, han, aho zabalik geratu zen Trecento eta Quattrocentoko margolariekin, eta, bereziki, Piero della Francescaren lanarekin. Primitibismo errenazentistaren eraginaz gain, pintura metafisiko italiarraren eragina ere jaso zuen, eta bi joera horiek, poetika surrealistarekin batera, oso presente egongo dira Antonio Lópezen margoetan, batez ere berrogeita hamarreko hamarkadan. 1958an, Greziara bidaiatu zuen. Eskultura egiptoar, erromatar eta greziarraren ikerketak ere arrasto handia utzi zuen bere lanean.
1960. urtetik aurrera, eta errealismo europarraren eta Objektibotasun Berriaren eraginarekin, Madrilgo ikuspegiak pintatzen hasi zen. Hamarkada hartan, bere pintura errealistagoa izatera pasatu zen. 1961ean, María Moreno margolariarekin ezkondu zen. 1964 eta 1969. urteen artean, Kolorearen Prestaketarako Katedraren irakasle arduradun gisa aritu zen eskolak ematen, San Fernandoko Arte Ederren Eskolan. Hirurogeiko eta laurogeiko hamarkadak lan handiko urteak izan ziren; garai hartan, erakusketak egin eta sariak jaso zituen. 1985ean, Arteetako Asturiasko Printzearen saria jaso zuen.
1992an, Víctor Erice zuzendariak Antonio Lópezen sorkuntza-prozesuari buruzko filma grabatu zuen, El sol del membrillo (Irasagarrondoaren eguzkia), zeinak, urte hartan bertan, Nazioarteko Kritikaren Saria jaso baitzuen Cannesko Jaialdian. 1993ko urtarrilean, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kide oso izendatu zuten, eta, 2006an, Arte Plastikoen Velázquez Saria jaso zuen. 2008an, Bostongo Museum of Fine Arts museoak margolariaren atzera begirakoa antolatu zuen; hain zuzen ere, Lópezen lanari buruz Estatu Batuetan egindako lehen atzera begirakoa zen.
Gaur egun, Madrilen bizi da eta hantxe egiten du lan.
Irudian:
Antonio López, (Tomelloso, Ciudad Real, 1936)
Madrid desde Torres Blancas, 1974
Olioa oholan, 165,8 x 244,9 cm
Marlborough International Fine Art
Erakusketaren edukia: Antonio López
Babeslea:
Beste laguntzaile batzuk: