Erakusketak
2024-09-27 • 2025-02-27
Antonio de Guezala
Funts berria
8-10. aretoak
Arte Ederren Bilboko Museoa erreferentziazko zentroa izango da Antonio de Guezala margolariaren (Bilbo, 1889-1956) obraren kontserbazioari eta ikerketari dagokienez. Izan ere, bere bildumara ekarri du, erosketa, dohaintza, eta gordailutze bidez, margolari horren familiak daukan funts artistiko eta dokumental baliotsuaren zati esanguratsu bat. Guezalak kontserbatu zuen –bere ibilbidean zehar beti merkatutik at egon zen–, eta haren bilobaren eta bi birbilobaren eskuetan egon da. Haiek, berriz, bere horretan jaso zuten margolariaren alaba Julia Guezala Guinearengandik (1922-2008).
Artelanen corpus zabala da, Guezalaren ibilbideko jarrera kosmopolita eta diziplina anitzeko ikuspegia islatzen duten obra, dokumentu eta askotariko objektuek osatua. Artista originala izan zen Guezala, eta, XX. mendearen hasierako joera plastiko berritzaileen ildotik, margolari, ilustratzaile, kartelgile, karikaturagile, eszenografo eta ex librisen sortzaile jardun zuen.
Funts berriaren oinarria museoak erosketa bidez eskuratutako lanek osatzen dute: artistaren 42 pintura eta paper gaineko obra, eta Sonia Delaunayren akuarela bat. Lan horiek 950.000 €-ko balioa dute, eta Museoaren Lagunen ekarpenari eta BBK Banku Fundazioaren lankidetzari esker eskuratu dira. Eragiketa horren ondorioz, 7.400 pieza iritsi dira dohaintza bidez – kontuan hartuta marrazkiak, kartelen diseinuak, inprimaki iragankorrak, bere eta beste artista batzuen exlibrisen bilduma, argazkilaritzako, filateliako eta heraldikako albumak eta liburutegiaren parte bat–, bai eta Guezalaren sei obra eta beste egile batzuen lau obra ere gordailutze bidez –azken horien artean dira Luis Bagaría marrazkilaria eta Anselmo Guinea margolaria, Guezalaren lehen emazte Eloísaren aita–. Funts berriko lanen sorta hautatu bat ikus daiteke, orain, “Ekitaldiartea” erakusketako 8-10 bitarteko aretoetan. Hain zuzen ere, Arte Modernoaren Bilboko Museoa irekita egon zen urteetan, 1924tik 1945era, Guezalak ezagututako testuinguru soziokulturala aztertzen du erakusketa horrek. Artista eta askotariko ekimenen babesle gisa, Bilboko bizitza kulturalaren sustatzaileetako bat izan zen Guezala, Euskal Artisten Elkartea sortzen parte hartu zuen 1911n eta, geroago, hiriko Arte Ederren eta Arte Modernoaren museoen patronatuetako batzordekidea izan zen.
Gogoratu beharra dago Antonio de Guezalari buruz orain arte egin den erakusketarik garrantzizkoena antolatu zuela Arte Ederren Bilboko Museoak 1991ko abendutik 1992ko urtarrilera. Pilar Mur historialaria izan zen erakusketa haren komisarioa, eta artistari buruzko ikerketa zehatza argitaratu zuen, gainera, museoak orduan plazaratutako monografian. Artistarenganako interesaren erakusgarri da, halaber, bilduman kontserbatuta dagoen obra multzo bikaina, non nabarmentzen baita, kartelez, beste lan grafiko batzuez eta familiako argazkiez gainera, artistaren ekoizpeneko eta Gerra Zibilaz aurretiko espainiar arteko margolanik ikonikoena: Ate birakaria edo Begoña de la Sotaren erretratua (1927). Bilduman daude, era berean, Concha (1915), Artisten gaua Ibaiganen (1927) eta Eresoinka izenburuko bi mihiseak, 1939an datatuak.
Museoak aukera izan du, Museoaren Lagunen ekarpenari eta BBK Banku Fundazioaren lankidetzari esker, beste obra bikain batzuk erosteko, zeinek aberastu baitute artistak bilduman duen presentzia: Guezalaren Eloísa Guinea de Guezala (1916) eta Tranbien arteko talka Areatzan (1922) margolanak, eta haren lagun Sonia Delaunay margolari eta diseinatzailearen Emakume dantzaria (1916) akuarela. Baita Guezalak Euskal Artisten Elkarteko lagunei egin zizkien karikatura zoragarriak, Euskadiko IV. Txirrindularitza Biraren kartelaren zirriborroa (1927) edo 1938 inguruan karta sorta baterako diseinatutako zirriborroak ere.
Aldi berean, Guezalaren ordezkaritza nabarmen handitu da, familiak kontserbatuta zeukan eta museoari osorik dohaintzan eman dion paper gaineko obren katalogo garrantzitsuari esker. 7.350 bat objektu dira, horien artean ex librisak eta material filatelikoak eta diseinatzaile eta ilustratzaile gisa egindako lanaren corpus aparta: jatorrizko zirriborroak eta marrazkiak, grabatuak, kartelak eta liburu eta aldizkarien azalen diseinuak. Baita orotariko inprimaki iragankorrak ere, hala nola Francisco Durrio, Pío Baroja, Julián de Tellaeche, Juan de Echevarría eta Ignacio Zuloagaren omenaldietarako sortutako menuak eta gonbidapenak.
Lan horiek argi erakusten dute diseinatzaile grafiko gisa egin zuen lan esperimental zabala, askotariko teknikak eta euskarriak biltzen dituena. Adibidez, Autorretratua, Libro de autógrafos de Eloísa Guinea de Guezala liburua –artistaren lehen emaztea hil zelarik liburua erabiltzeari utzi zitzaion arren Autorretratu interesgarri bat baduena, 1916an datatua–, edo Pedro Mourlane Michelenaren karikatura (1916) eta Cakewalk dantzariaren irudia (1927), tankera oso fin eta nabarmenki abangoardistakoak.
Autorretratu aipagarriak ere badira multzo honetan, eta Euskal Artisten Elkarteak Madrilgo Retiroko jauregian egindako erakusketaren (1915) eta Manu de la Sotaren Kardin edo hiruretatik zein? balletaren (1931) karteletarako jatorrizko zirriborroak; Resurrección M. de Azkueren Ardi Galdua eleberrirako (1918) jatorrizko ilustrazio bat eta Arte Vasco aldizkariaren lehen zenbakiaren azalaren diseinua.Pieza aipagarriak dira, halaber, 1932ko zezenketetarako kartelaren zirriborroak eta Miliziarraren Umezurtzaren Etxea zenerako dekorazioarenak (1936).
Dohaintzak barne hartzen ditu, orobat, 2.089 exlibris, Guezalak berak egindako ia denak eta beste egile katalan, euskaldun eta europar bikain batzuenak. Bildumazale gisa, lau mila zigilu eta bestelako material filatelikoak ere bildu zituen; haiek izan zituen, hain zuzen ere, bere bizitzaren azken urteetako jardunaren oinarri. Azkenik, dohaintzaren parte dira zirriborroen koadernoak, familiako argazkien albumak eta Guezalaren liburutegiko bostehun bat liburu, artistak liburu haiek gordetzeko diseinatutako jatorrizko altzariez gainera.
Azkenik, Guezalaren sei obra gordailutu dira –horien artean nagusia, bere lehen alaba “Elito”ren erretratua–, eta Anselmo Guinearen, Luis Bagaríaren eta José Benito Bikandiren lau.
Babeslea: