Erakusketak
Obra gonbidatua
Amaituta
2013-07-10 • 2013-09-15
Ama Birjina umetan, lotan
9 Aretoa
Obra Gonbidatua programa 2001. urtean abiarazi zen, beste erakunde batzuek utzitako lanak denbora baterako aurkezteko; izan ere, artelanok esanahi eta interes berria hartzen dute museoaren bilduma iraunkorraren testuinguruan erakusten direnean. Banco Santander Fundazioak 2004tik babesten du ekimen hau; modu horretan, urtean zenbait aldiz antolatu izan da programa hau, eta, batzuetan, Fundazioak bere bildumako obrak ere utzi izan ditu. Sortu zenetik, programak 42 deialdi izan ditu, eta, modu berezi horretan, 49 artelan ikusi ahal izan dira, orain aurkezten duguna barne. Besteak beste, Berruguete, Morales, Van Dyck, Tintoretto, Artemisia Gentileschi, Canaletto, Fortuny, Monet, Sorolla, Picasso, Chillida, Hockney, Freud, Rubens, Turner, Magritte edo, oraintsuago, Friedrichen artelanak ikusi ahal izan dira.
Oraingo honetan, obra gonbidatua Francisco de Zurbaránen (Fuente de Cantos, Badajoz, 1598–Madril, 1664) olio bat da. Zurbarán Espainiako Urrezko Mendeko pinturaren pertsonalitate artistikorik handienetakoa izan zen, eta artelan hau, 1630-1635. urteen artean datatutakoa, Banco Santander Bildumakoa da. Banco Santander Fundazioari esker, 2004an Francisco de Zurbaránen beste maisulan bat ikusi ahal izan genuen museoan: Aharia, 1632koa, Bartzelonako Plandiura Bildumako olioa mihisean, 1632an sinatua eta datatua; artelan horretan, Zurbaránen pinturaren alderdirik esanguratsuenetako asko laburbiltzen ziren.
Bilboko Arte Ederren Museoak, era berean, Zurbaránen artelan-sorta aparta dauka: Alexandriako Santa Katalina, c. 1635-1640; Turingiako Santa Isabel, c. 1635-1640; Aurpegi Santua, c. 1660; Ama Birjina Jesus Haurrarekin eta San Joan Bataiatzaile haurrarekin, 1662. Lehenengo biak uztailaren 20ra arte daude lagata, Sevillako Espacio Santa Clara delakoan egiten ari diren Santas de Zurbarán: Devoción y Persuasión erakusketarako, eta, ondoren, Málagako Carmen Thyssen Museorako. Beste koadro biak museoko 11. aretoan daude ikusgai. Benito Navarreteren arabera, Ama Birjina Jesus Haurrarekin eta San Joan Bataiatzaile haurrarekin artelana “Zurbaránek hil baino urte bi lehenago pintatutako obrarik garrantzitsuenetakoa da […]. Hemen, Zurbarán modu autografoan adierazten da, eta duen onena ematen du”.
Ama Birjina umetan, lotan Banco Santander Bildumako obrarik enblematikoenetakoa da. Bertan, Zurbaránek erretratu-egile gisa zuen gaitasun osoa erakutsi zuen, eta erabat menperatu zuen Ama Birjina umearen aurpegiaren intentsitate espresiboa. Gainera, oihalak eta materialak erreproduzitzeko gaitasun miresgarria zuela erakutsi zuen, kolorearen gaineko kontzepzio bereziarekin. Zurbaránen margolan nabarmen hau 9. aretoan dago ikusgai, museoko bilduma iraunkorreko pintura espainiar barrokoaren testuinguruan. Artelan horrekin batera, garai hartako maisu eta eskola handien pieza esanguratsuak biltzen dira bertan; besteak beste, Herrera Zaharra, Orrente, Ribera, Zurbarán, Murillo, Carreño, Ribalta, Roelas eta Castellórenak. Artelan hau Bilboko Arte Ederren Museora heldu izana aukera aparta da artea eta, bereziki, Barrokoa maite dutenentzat.
Ama Birjina umetan, lotan Jerez de la Fronterako katedralean dagoen beste artelan ezagun bat modu fidelean errepikatzen duen bertsioa da. Koadro hau 1996an ezagutzera eman zenean, konposizioaren fintasuna, gozotasuna eta espiritualtasun sakona azpimarratu zen. Bertan, Zurbaránek, sinpletasun miresgarriz, Ama Birjina irudikatu zuen, umetan eta lotan, ezkerreko eskuko liburuarekin egiten ari den otoitzak une batez eten dituenean, agian bere etorkizuneko patuarekin amets eginez, ukondoa eneazko aulki xume batean bermatuta. Konposizioaren eskuinaldean, mahaitxo trauskil samar batean, metalezko plater bat dago, eta, bertan, ekialdeko portzelanaz egindako kaiku bat, esanahi sinboliko argiko hiru lorerekin: arrosa (maitasuna), zitoria (araztasuna) eta krabelina (fideltasuna).
1996 hartan, mihisea zikin zegoela esan zen; izan ere, berniz horiko geruza lodi bat zeukan, eta horrek lanaren fintasunak ezkutatzen zituen eta koloreak estaltzen zituen; ondorioz, koadroa ezin zen ganoraz interpretatu, Jerezko bertsioarekin konparatuta.
Zorionez, modu arretatsuan garbitu da -2002an egindakoa- eta, orain, mihisea ondo ikus daiteke. Gainera, artelanak bere balioak berreskuratu ditu eta agerian geratu da oso izaera zehatza eta zorrotza duela tolesetan, eta xehetasunez betetako ñabardurak dituela. Berpintaketa zaharrak altxatzerakoan, ezkutuan geratutako xehetasunak deskubritu ahal izan dira; esate baterako, aulkitxoaren bizkarraldearen erremate torneatua edo mahaitxoaren oinetan dagoen kuxin gorriaren belusezko ehundura. Koloreak, berniz horietatik libre, jatorrizko tonuak berreskuratu ditu: arrosa morea tunikarako, eta urdin bizia erdi erorita dagoen manturako.
Ama Birjinaren burua inguratzen duten aingeru-buruen aureola argitsua agerian geratu da, eta, ondorioz, mihisea 1630-1635. urteen inguruan datatu daiteke; beraz, agian, Jerezko bertsioa baino justu lehenagokoa da. Hain zuzen ere, Jerezkoa malguagoa eta bigunagoa da, bolumenak ez ditu hain nabarmenduta, eta argilunak ere ez hain indartuta. Gainera, Ama Birjina lotan horren beste bertsio bat ere ezagutzen dugu, Zurbaránen XVII. mende amaierako imitatzaile apal batek egindakoa. Artelan hori Madrilgo Teresarren Etxean dago, eta modu ahulean egindakoa eta pintzelkada askekoa da, beste bi bertsio autografoetatik oso desberdina.
Testua: Alfonso E. Pérez Sánchez
Ama Birjina umetan, lotan , c. 1630-1635
Olioa mihisean. 110 x 93 cm
Banco Santander bilduma
Erakusketaren edukia: Ama Birjina umetan, lotan
Babeslea: