Erakusketak
Amaituta
2017-07-28 • 2017-11-12
Alicia Koplowitz-Grupo Omega Capital Bilduma
BBK Aretoa
Azken hamarkada hauetan, Alicia Koplowitz- Grupo Omega Capital bilduma da Europako bilduma artistiko nabarmenetakoa. Dena den, bilduma ez da argitara atera –Parisko Musée Jacquemart-Andrén berriki berrogeita hamar pieza ingururekin egin zen erakusketa salbu–.
Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketa gertaera artistiko garrantzitsua da; izan ere, erakusketak, lehen aldiz, bildumatik aukeratutako artelan sorta handi bat ezagutzeko aukera ematen dio gure publikoari, eta multzo horretan artearen historiako artisten zerrenda paregabea dago. Guztira, 90 artelan dira: pinturak eta marrazkiak –XVI. mendetik XXI. mendera artekoak–, eta eskulturak –Antzinaro klasikotik gaurdainokoak–.
Bildumak irizpide propioko bildumagile baten izaera islatzen du. Bildumagileak, edertasunaren bilaketa pertsonal horretan, iraganari eta etorkizunari jartzen dio arreta, eta pintura zein eskultura hartzen ditu aintzat. Interes horiek XVIII. eta XX. mendeetako obretan oinarritzen dira batez ere, eta bokazio kosmopolita du; ondorioz, artisten zerrendan, Espainiakoen eta nazioartekoen kopurua parekoa da. Espainiako bilduma pribatu batentzat oso ezaugarri ezohikoak dira horiek.
Erakusketa
Erakusketa dela-eta argitaratu den katalogoko saiakeran Francisco Calvo Serraller irakasleak dioenez, erakusketako ibilbideak mendebaldeko artearen historiaren errepasoa egiteko aukera ematen du –Antzinate klasikoan hasi eta gaur egunean amaitzen da–. Erakusketa bildumagilearen gustu artistikoa oinarri hartuta egindako obren aukeraketaren arabera dago antolatuta, eta ez garai edo artista nagusien arabera.
Ibilbidea –museoko BBK aretoaren eta eraikineko lehenengo solairuaren artean egituratuta– bederatzi ataletan dago bananduta: "Ideal klasikoaren iraunkortasuna", "Argien Mendea", "Bizitza pribatua, bizitza publikoa", "Paris, mende aldaketa", "Bide berriak gerrarteko artean", "Materia, keinua, orbana", "Figurazioak", "Informalismoak eta abstrakzioak" eta "Epilogoa".
Eskultura grekolatindarra abiapuntu hartuta, Alicia Koplowitz– Grupo Omega Capital bildumak agerian jartzen du aro moderno eta garaikideko lanekiko interes handiagoa duela eta, batez ere, XVIII. eta XX. mendeekikoa. Gaiei dagokienez, sentsibilitate berezia ikus daiteke ikonografia femeninoarekiko; hain zuzen, Afroditaren estatuatik abiatuta, hori da ildo nagusia hainbat aro eta genero artistikotan zehar.
Era horretan uler daitezke, XVI. eta XVII. mendeko Espainiako artean bete-betean murgilduta, Juan Pantoja de la Cruzen gorteko pintura (Ana de Velasco y Girón Bragantzako dukesaren erretratua, gorteko jantziarekin)edo erlijioaren alorreko amatasunak, bai Luis de Moralesenak (Amabirjina ijitoz jantzita, gurutzeko Haurrarekin) zein Francisco de Zurbaránenak (Amabirjina, Jesus Haurrarekin eta San Juantxorekin). XVII. mendekopinturen artean, natura hilaren generoa ere nabarmentzen da, eta bertan dago ikusgai Juan de Arellanoren Lore-otzaratxoa lan bikaina.
XVIII. mendean, Goyak protagonismo eztabaidaezina du; aragoiar jenioaren interes ugariak erakusten dituzte ikusgai dauden lau obrek: bidelapurren eszena Erasoa diligentziari lanean; mitologia, Herkules eta Onfala obran; Haroko kondesaren erretratua lan delikatua –lan horren intimismoak Agustin Esteve eta Louis-Léopold Boillyren lanetan du oihartzuna–, eta Maja eta Zelestina balkoian, Goyaren jatortasunaren adibide. Gai herrikoiekiko gustua agerian gelditzen da beste pintore garaikide batzuekin, bai eta beste gai batzuetan ere; esate baterako, Lorenzo Tiepoloren eszena kostunbristetan edo Manuel Camarón eta Luis Paret y Alcázarren pintura adeitsuan.
Mende horretan beste genero bat ere nabarmentzen da, hain zuzen, ikuspegien pintura. Genero hori paradigmatiko bihurtzen da Francesco Guardi eta Canaletto veneziarren obran; topografikoa, Antonio Joliren bi panoramiketan, eta "aurriei buruzkoa" Hubert Robert frantziarraren konposizioetan. Originalagoa da Pietro Antonio Rotariren presentzia; Rotarik bere mihiseetan lau gazte karakterizatzen ditu euren gogoaren adierazpenak nabarmenduz.
XIX. mendea Raimundo de Madrazoren koadro dotore batek ordezkatzen du eta, batez ere, postinpresionismo frantziarra, Gauguin, Toulouse-Lautrec eta Van Goghen obrekin. Van Goghen natura hileko koadro bat dago, eta genero horrek, XIX. mendetik XX.erako igarobidean, Fantin Latour ere ordezkatzen du. Parisko abangoardiaren eta espresionismo austriarraren lehenengo hamarkadetan, Kees van Dongen fauvistak, Amedeo Moglianik eta Egon Schielek erakusten dute emakumezkoen figuraren errepresentazioarekiko zaletasuna.
Ia berrogeita hamar piezarekin, XX. mendea da bildumaren beste nukleo nagusienetako bat, eta erakusketa honetako obren erdia garai horretakoak dira. Horietatik heren bat baino gehiago nazioartean garrantzia duten artista espainiarrei dagozkie. Hauek nabarmentzen dira: Picassoren pinturak –bi olio-pintura eta marrazki bat, eta margotutako metalezko eskultura txiki bat–; Juan Gris eta Luis Fernándezenak, zeintzuek, garai paretsuan, Pablo Gargallo eta Julio Gonzálezekin batera abangoardia historikoaren eferbeszentzia bizi izan baitzuten. Julio Gonzálezen obrak –burdina forjatuan egindako eskultura bat eta hura prestatzeko marrazkia– lotura naturala du Alexandre Calder eta David Smithek gerora egindako lanekin.
Berrogeiko hamarkadako artistei dagokienez, erakusketaren ibilbideak garai hartako arte espainiarraren kezketako asko laburbiltzen ditu, Antonio López, Manuel Millares eta Antoni Tàpiesen lanetan; gero, hirurogeita hamarreko hamarkadari dagokionez, José María Siciliaren margoak eta garai hartako euskal eskultura indartsua, Jorge Oteiza eta Eduardo Chillidaren obrek bikain ordezkatzen dutena, dira horren erakusgarri. Mende horrekin amaitzeko, laurogeita hamarreko hamarkadako Miquel Barcelóren formatu handiko bi koadro eta Juan Muñozen 2000. urteko eskultura bat daude ikusgai.
XX. mende erdialdeko Europako artean, alderdi figuratiboa Germain Richier eta Alberto Giacomettiren eskultura estilizatuetan islatzen da, baita Lucian Freud eta Francis Bacon margolarien erretratu atsekabetuetan ere. Pop artearen adibide bakarra Andy Warholen autorretratu ikoniko bat da.
Hamarkada horietan, Nicolas de Staëlen pinturak ematen du kontrapuntu abstraktua. Hainbat adibideekin, bilduman bide bat egiten du: Piet Mondrianen neoplastizismoa, Lucio Fontanaren espazialismoa eta Frank Stella, Donald Judd, Agnes Martin edo Blinky Palermoren espresio minimalistak, eta Fausto Mellottiren "abstrakzio musikala" daude; denak ere adierazpen horren adibide esanguratsuak dira.
Bestalde, espresionismo iparramerikarreko izen garrantzitsuak ere badaude; besteak beste, Willem de Kooning eta Mark Rothko, bai eta hurrengo belaunaldiko Cy Twombly ere. Azken horrek Anselm Kieferrengan ere izan zuen eragina.
Hain zuzen ere, Kieferrena da bildumako pinturarik berriena: 2014koa. Arte berrieneko beste izen batzuk, esate baterako, Louise Bourgeois edo Ai Weiwei, erakusketaren epilogo aberasgarriaren parte dira.
Irudian: | ||
Egon Schiele (1890-1918) Frau in einem blauen Kleid (Soineko urdineko emakumea), 1911 Akuarela eta arkatza paperean Alicia Koplowitz-Grupo Omega Capital Bilduma |
Francisco de Goya y Lucientes (1746-1828) Maja eta zelestina balkoian, 1810-1812 Olioa mihisean Alicia Koplowitz-Grupo Omega Capital Bilduma |
Amedeo Modigliani (1884-1920) La Rousse au pendentif (Ilegorria zintzilikarioarekin), 1918 Olioa mihisean Alicia Koplowitz-Grupo Omega Capital Bilduma |
Erakusketaren edukia: Alicia Koplowitz-Grupo Omega Capital Bilduma
Babeslea: