Alegiak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

2025-02-18 • 2025-06-15

Alegiak

Félix María de Samaniego / Daniel Tamayo

7. aretoa

Bere belaunaldiko eta ondoko belaunaldietako artista askorentzat bezala, Daniel Tamayorentzat (Bilbo, 1951) ere Arte Ederren Bilboko Museoa bere ibilbide artistikoaren parte da. Arestiko pinturen sorta batekin 2011n antolatutako Fabulario izeneko erakusketa egin ondoren, museoak argitalpen-proiektu oso berezi bat aurkezten du orain, artistarekin lankidetzan eta BBK Banku Fundazioaren laguntzaz ekoitzia: Félix María de Samaniego (Guardia, Araba, 1745-1801) idazlearen ehun bat alegia xelebre biltzen dituen Fábulas en verso castellano lanaren euskarazko argitalpena, Tamayoren ilustrazioekin. 7. aretoan aurkezten da Alegiak, jatorrizko irudiekin eta Fábulas lanaren zenbait ale historikorekin batera. QR kode batek aukera ematen du literatura-testuen euskarazko eta gaztelaniazko audioak eskuratzeko.

Bere ibilbide artistiko oparoan, Tamayok estrategia sortzaile bat garatu du. Sistematikoki erabiltzen du marrazkia —arkatzez egindakoa eta, 1990etik aurrera, digitala— irudiak sortzeko, eta, gero, mihisera edo paperera eramaten ditu, espiritu ludikoz, ironikoz edo surrealistaz antolatzen eta pizten dituen konposizioetan. Oraingoan, artista bilbotarrak ehun bat marrazki egin ditu, eta batera agertzen dira normalean animaliak —askotan gizatiartuak— protagonista dituzten kontakizun labur horiekin eta darien balio unibertsaleko —eta batzuetan satirikoko— helburu moralizatzailearekin. Horrela, argitalpen berri hau ilustrazio fabulistikoaren tradizioan txertatzen da, irudi alegorikoak erabiliz mezu iradokitzailea, ikasbidea, sendotzeko xedez. Tamayok testuaren indarraldia gaurkotzen du, gaur egungo ikonografia erabiliz eta praktika artistiko digitala soilik landuz, aukerakoa baita formak marra zehatzekin eta bere estiloko berezko tinta lauekin lantzeko.

Samaniegoren Fábulas lanak islatzen duen mundua animaliaz, pertsonaiaz eta objektuz beteta dago, eta hurbil du Tamayoren iruditeria, batzuetan haurren animazioa izan baitu inspirazio-iturri. Edizio berezi hau da emaitza, non kromatismo bereizgarria araztu egin den gorri eta beltzeko bikromia bateraino.

Generoko maisuekin—Esopo, Fedro, La Fontaine eta Uriarterekin— bat etorriz, Samaniegok 1787an argitaratu zuen bere fabulen lehen edizio osoa, bi bertsiotan. Horietako bat luxuz aberastu zuen, hainbat artistak marraztu eta grabatutako estilo neoklasikoko estanpekin. Urte batzuk lehenago, 1781ean eta 1784an, bi liburuki bereizitan agertua zen testua. Harrezkero, ondoz ondoko hainbat edizio izan dira, batzuk artista nabarmenen ilustrazioekin apainduta, hala nola J.J. Grandville marrazkilari frantsesaren ilustrazioak dituena, jada XIX. mendean egina.

Koldo Bigurik euskara batura egindako itzulpenetik abiatu da museoaren argitalpena. 2004. urtean Arabako Foru Aldundiak sustatu zuen edizio elebidun baterako egin zuen itzulpena –Emilio Palacios Fernández katedradunaren eskutik–, eta Aldundiak berak eman du bertsio berri hau. Testuak neurri jakineko bertsogintzari eusten dio, normalean fabularen generoan erabiltzen denari, egokia baita buruz ikasteko eta, beraz, helburu didaktikorako. Kasu honetan, eta euskarazko alegien tradizioari jarraikiz, Bigurik “zortziko nagusia” egitura erabiltzen du, aldaera batzuekin, Samaniegok nagusiki erabili zuena baino laburragoa baita. Horrela, itzultzaileak lortu duen testua hurbil-hurbil dago jatorrizkotik.

Audioetara sartzeko
Félix María de Samaniego (Guardia, Araba, 1745-1801)

Samaniegoren garaian tradizionalismoa eta Ilustrazioa aurrez aurre egon ziren, eta aldaketa zorabiagarriak izan ziren. Ilustratu gisa, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorreran (1765) eta nekazaritza, ardo-ekoizpena eta komunikabideak hobetzeko proiektuetan parte hartu zuen. Arabako Foru Aldundiaren ordezkari gisa, Foruak defendatu zituen gortearen aurrean. Matxinoen erreboltaren (1766) eta Frantziako Iraultzaren (1789) garai nahasiak egokitu zitzaizkion. Ipuin libertinoak idatzi zituen eta Inkisizioaren aurrean salatu zuten. Baina Bergarako Seminarioko gazteei irakasteko alegiak ere paratu zituen. Haren lanak XVIII. mendeko euskal gizartea islatzen du: hezkuntza, ohiturak eta libertimendua, antzerkia, literatura eta bidaiak, amodio-bizitza eta garaiko erreboltak eta matxinadak. Azken finean, azaltzen digu nola heldu krisi-garaietan, dena aldatzen ari denean, bizitzeko erronkari.

José Luis Martín Nogales
Literaturako irakaslea eta UNEDeko zuzendaria Iruñean

Daniel Tamayo (Bilbao, 1951)

Hirurogeiko hamarkadaren amaieran, Daniel Tamayok aparejadore-ikasketak hasi zituen —laster utzi zituen—, eta esperientzia laburra izan zuen publizitateko marrazkilari gisa. 1969 eta 1970 artean diseinua, marrazketa eta pintura ikasi zituen Bartzelonako Massana eskolan. Aldi labur batzuetan Londresen eta Parisen bizi izan zen, eta 1970eko udazkenean Bilboko Arte Ederren Eskola sortu berriaren lehen promozioan sartu zen. Prestakuntza horren ondoren, irakaskuntza eta ibilbide artistikoa bateratzen hasi zen. 1980an Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Pinturako irakasle-lanetan hasi, eta jarduera horretan aritu zen 2021era arte.

Hasieran, Tamayok pop figurazioaren eta Luis Gordillo eta arte espainiarreko beste erreferente garaikide batzuen eragina izan zuen, eta berezko izaera artistikoa lortu zuen. Marrazketa geometrikoa, izaera objektualeko formak eta tinta lauetako kromatismo biziak erabiliz osatu zuen kodearekin, mundu konplexu bat konta zezakeen alegiazko agertokietan.

Berak honela aitortzen du, Metodologia eta Proiektu Piktorikoa irakasgaiko irakasle gisa egindako lanagatik: “Esperientzia nuen esparru errealetan objektuak proiektatzen, marrazketa lineala, perspektiba, akuarelaz koloreztatutako grafitoa, fotomuntaketa... erabiltzen. Horrek sentsibilizatu ninduen hiru dimentsioko formen edertasunarekiko”. Horrela, 1980ko hamarkadaren hasieran, hiru dimentsioko elementuekin zuen interesak bultzatuta, elementu geometriko eta arkitektonikoak sartu zituen horizonte altuko paisaietan, non txori-begiz ikusten diren bere iruditeria zabaleko objektuak eta zeinuak.

Panorama horietan, Tamayok, ikuspegi orokorra proposatu arren, aldi berean, begirada geldiarazi nahi du ikuspegi hori osatzen duten elementu ugarietan, azkenean ikusleak berak osa dezan bere kontakizuna. Horrela, mihisea mukuru betetzen da askotariko adierazpen kulturaletatik datozen irudiz: arte primitiboa, haurren mundua eta animazioa, geometria, alfabetoak, graffitiak, erlijio-iruditeria, miniaturak, artisautza, folklorea, zirkua, publizitatea, diseinua, komikia, literatura... Potentzialki denak balio du, dena bihur daiteke kontakizun nabar eta fantastiko, XV. mendeko pintore italiar eta flandestarrak —Ucello, Fra Angelico, Brueghel...— gogora ekarriz. Pintoreak berak azaldu duenez, nerabezaroan Jeronimo Boschen Atseginen baratzea ikusi zuen Pradoko Museoan, eta hori erabakigarria izan zen izaera fantastikoko narratiba piktorikoarenganako gustua izan zezan.

Argitalpena

Félix María de Samaniego. Alegiak (ilustrazioak, Daniel Tamayo)

Egileak: Félix María de Samaniego, Daniel Tamayo

ISBN: 978-84-18171-22-2

Hizkuntza: euskera

Neurriak: 15 x 25 zm (zabalera, altuera)

Koadernaketa: Azal gogorra

Orrialde kopurua: 227

Ilustrazio kopurua: 100 koloretan

Museoko dendan ikusi

Babeslea: