Agustín Ibarrola. Euskadi, 1977-1979 - Bilboko Arte Ederren Museoaren

2025-06-17 • 2025-09-30

Agustín Ibarrola. Euskadi, 1977-1979

Iberdrola-Museoa Kontserbazio eta Zaharberritzea 2024 Programa

11-16 aretoak

berdrola-Museoa Kontserbazio eta Zaharberritzea programaren 2024ko kanpainako jarduketa garrantzitsuenetako bat –lehena Berrugueteren Deikundea izan zen, maiatzaren 21ean aurkeztua– Agustín Ibarrolaren (Bilbo, 1930 - Galdakao, 2023) Euskadi (1977-1979) horma-irudia osatzen duten 27 mihiseetako 18ri emandako kontserbazio-tratamendua izan da. Hain zuzen, duela gutxi, artistaren semeek hamar urterako utzi zizkioten mihiseok museoari, komodatuan.

Esku-hartze horri esker, euskal arte garaikidearen obra nabarmen hori materialki leheneratzeaz gain, Ibarrolak 1979an museoko garai bateko Areto Griserako sortu zuen jatorrizko instalazioaren berreraikitze dokumentala egin da. 18 obra horiek, orain museoan gordailututa daudenak, zaharberrituta aurkeztuko dira, artistak Areto Griseko instalazioan gehitu zituen beste sei mihiserekin batera: lau, museoak 2021ean eskuratu zituen Ibarrolaren Guernica (c. 1977) obrarenak, eta beste bi, margolariak urte hartan bertan dohaintzan emandakoak. Jatorriko 27 aleko multzoa osatzeko falta diren beste hirurak leku ezezagunean daude, oraingoz.

Jon Apodaca kontserbazio- eta zaharberritze-lanen teknikariak koordinatu du kontserbazioko eta zaharberritzeko tratamendua, eta Miriam Alzuri arte moderno eta garaikideko kontserbatzailea arduratu da multzoaren berreraikitze dokumentalaz.

Gainera, Patxi Cobo argazkilariak parte hartu du, Ibarrolak 1980an Barakaldon eta Sestaon egin zituen bi erakusketetako liburuxketan instalazioari buruz argitaratutako irudiak zaharberrituz –argazki originalak ez dira kontserbatzen–.

Azkenik, Txomin Badiola eskultoreak “Euskadi.Ibarrolaren instalazio bat mugan” testua prestatu du, zeina museoak jarduketaren harira argitaratu duen 6. Koadernoan jaso baita, ilustrazio ugarirekin eta 1979ko jatorrizko muntaketaren zenbait irudirekin batera.

Agustín Ibarrola. Euskadi

1979an, Espainiako Konstituzioa indarrean sartu eta Euskadiko Autonomia Estatutua onartu zenetik urtebetera, Ibarrolak horma-irudi handi bat sortu zuen Arte Ederren Bilboko Museoaren Areto Grisean. Guztira 27 koadro ziren, eta horietako 12k 2 x 3,5 metroko tamaina zuten.

Instalazioaren zati nagusiak erabat estaltzen zituen hormak, multzoa osatzen zuten mihise handiekin; izan ere, hiru koadrok osatutako nolabaiteko atariko bat eta lurrean bermatutako “totem” moduko zortzi mihise zituen multzoak, azken horiek horma-iruditik pixka bat urrunduta. Erdigunean, haritz-hosto bat eta idazki bat zituen koadro batek obraren sinbolismoa indartzen zuen, zeina, era berean, areagotu egiten baitzen Picassoren Guernica (1937) lanetik ateratako gaiekin eta koadro ospetsu horri buruz Ibarrolak egin zuen bertsioaren (c. 1977) lau zatiekin.

Abstrakzio formalaren eta irudikapen figuratiboaren arteko tentsioak elkarren artean lotzen ditu eskulanaren mundutik –artisautza tradizionaletik industriara– datozen irudi eta objektuak, zuri-beltzeko zenbait lerroz bortizki marratuak. Lerro horien bidez, Ibarrolak Espainiako Alderdi Komunistako militante izateagatik espetxean igaro zituen bederatzi urteen esperientzia zapaltzailea irudikatzen da. Eskala, perspektiba eta ilunantz bortxatuek irudiak biltzen dituzte, salaketako tresna gisa, eta artea eta artista bera demokraziaren aldeko gizarte-eragiletzat dituen adierazpen gisa.

Kontserbazio- eta zaharberritze-tratamendua

2024ko urritik 2025eko otsailera, obrak kontserbatzeko eta zaharberritzeko tratamendu arretatsu bat egin da, 1979ko instalazio ospetsuan zuten esentzia itzultzeko. Batetik, egindako lanari esker, multzoaren egiturazko egonkortasuna bermatu da; bestetik, obraren inpaktu bisuala eta artistikoa indartu dira, hainbat urtez biltegiratuta egon ondoren.

Museoko zaharberritzaile Jon Apodacak egin du esku-hartzea, Aitziber Iturriagaren laguntzarekin. Argi ultramorea erabiliz egin den azterketa sakon bati esker, egiaztatu da berniza zegoela eremu zehatz batzuetan eta artistak berak gainetik margotutako zati batzuetan. Hori ikusita, hobeto ulertu da mihiseen bilakaera.

Tratamenduaren zehaztasuna ziurtatzeko, aurretiko analisi batzuk egin dira Madrilgo Larco Química y Arte SL eta Durangoko TSA enpresekin lankidetzan. Emaitzek funtsezko informazioa eman dute euskarriei eta polikromiei buruz, eta obra batzuen gainazalean xaboi metalikoak daudela detektatu da.

Euskarrietan, berriz, deformazioak zuzendu dira eta armazoi berriak ezarri dira pieza batzuetan, egonkortasuna hobetzeko.

Polikromiei dagokienez, gainazaleko zikinkeria garbitu da eta berniz zahartuak kendu dira. Halaber, onddoek eta xaboi metalikoek eragindako orbanak tratatu dira, erortzeko arriskua zuten eremuak sendotu dira eta kolorea galdu zuten zatiak iztukatu dira, gero ur-pinturak eta berniza erabiliz koloreekin berriz osatzeko.

Azken ukitua obren perimetroak kotoi-xingolaz babestea izan da, ohiko pinu-listoiak ordezkatuz. Horri esker, piezen osotasuna zaintzen da eta akabera garbi eta finagoa lortzen da.

Agustín Ibarrola (Bilbo, 1930-Usansolo, Bizkaia, 2023)

Ibarrola langile-familia batean jaio zen eta haurra zela bizi izan zuen Espainiako Gerra Zibila. Gertakari horrek haren bizitza markatu zuen. 1945ean, 14 urte soilik zituela, Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan sartu zen, eta hiru urte geroago, 1948an, bere lehen bakarkako erakusketa egin zuen Bilboko Stvdio Aretoan. Urte horretan, Madrilera joan zen bizitzera, han Arte Ederren San Fernandoko Goi Eskolan prestakuntza jasotzeko, baina ez zuenez ikasketarik, ezin izan zen matrikulatu. Beraz, Daniel Vázquez Díaz margolariaren tailerrera joan zen bi urtez. Margolariak lotura estua zuen garaiko euskal artearekin, eta eragin handia izan zuen Ibarrolarengan.

1950ean, Jorge Oteizak Arantzazuko basilikan (Oñati, Gipuzkoa) horma-irudi batean parte hartzera gonbidatu zuen, baina azkenean ez zuen gauzatu lan hori. 1954an, Gaztelan barrena bidaiatu zuen Blas de Otero poetarekin. 1956an Parisera joan zen bizitzera, eta Espainiako Artisten Elkarteko idazkari aritu zen. Han ezagutu zituen gerora, berekin batera, Equipo 57 talde artistikoa osatu zuten artistak. 1961ean Bilbora itzuli zen eta, grabatzaile gisa, Estampa Popular zenaren euskal sailean sartu zen. 1962an Alderdi Komunistako kide izateagatik atxilotu zuten eta, auzitegi militar batek epaitu ondoren, bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Obrak margotzen jarraitu zuen eta, handik urtebetera, lanok Appeal for Amnesty erakundeak Londresen, Parisen, Belgikan, Alemanian eta Italian egindako erakusketa batean erakutsi zituen. 1965ean aske utzi zuten eta euskal abangoardiako talde artistiko hauen sorreran hartu zuen parte: Gaur, Emen, Orain eta Danok. Berriz ere kartzelan sartu zuten 1967tik 1969ra, eta Oteizak urte horretan sortu zuen Debako Arte Eskola Esperimentalean sartu zen jarraian. Ordutik aurrera, euskal artearen inguruko zenbait ekimenetan hartu zuen parte, esaterako, 1971n Barakaldon (Bizkaia) egin zen Euskal Artearen Lehen Erakusketan –“Indiskriminatua” ere deitua– eta 1972ko Iruñeko Arte Topaketetan.

1976an, Veneziako Bienalean parte hartu zuen eta urtebete geroago Guernica horma-irudia egin zuen: hamar metroko friso narratibo handi bat, Picassoren Guernica (1937) lanaren omenezkoa, margolan hori Euskal Herrira ekartzea eskatzen zuen mugimenduari laguntzeko.

80ko hamarkadaren hasieran, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakasle izan zen bost urtez. 1987an, Kultura Ministerioak eta Madrilgo Udalak artistaren lanen inguruko erakusketa antologiko bat antolatu zuten, eta Zaragozan eta Bilbon aurkeztu zuten gero. Urte horietan, naturan egindako zenbait esku-hartze artistikotan jardun zuen, askotariko materialekin esperimentatuz (trenbide-trabesak, kartoiak, makilak, burdinurtua, corten altzairua, etab.). Santimamiñeko historiaurreko haitzuloetatik eta artistaren baserritik hurbil dagoen Omako baso biziduna (1983-1987) haren ibilbideko lanik ezagunenetako bat bilakatu zen.

XX. mendeko azken hamarkadatik aurrera, euskal erakundeek zenbait eskultura publiko eskatu zizkioten. 1993an, Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina jaso zuen Equipo 57 taldeko kideekin batera, eta Salamancako Unibertsitateak Zumar lehorren basoa (1995-1996) sortzeko enkargua egin zion. RENFErekin lankidetzan, 1997tik aurrera, erakusketak egin zituen Espainiako zenbait hiritan, trabesekin egin zituen serieak ikusgai jartzeko. Ibarrolak beste zenbait esku-hartze artistiko ospetsu egin zituen naturan: Harriak eta zuhaitzak (1999) Allarizen (Ourense); Oroimenaren kuboak (2001-2006) Llanesen (Asturias); auditoriuma Bottropen (Alemania) (2002) eta Ibarrola harriak, Garoza de Bracamonte dehesan (Muñogalindo, Ávila) (2005-2009), besteak beste. XXI. mendeko lehen hamarkadan, aktiboki parte hartu zuen terrorismoaren aurkako militantzian eta, ETAren biktimen omenezko hainbat eskultura eman zizkien dohaintzan zenbait hiriri,
esaterako, Santanderri, Andoaini (Gipuzkoa), Ermuari (Bizkaia), Gasteizi, Logroñori, Alacanti eta Murtziari. Osasunari dagokionez zenbait muga zituen arren, sortzeko zuen indarra eta lanerako diziplina mantendu zituen Omako baserrian (Kortezubi, Bizkaia), han bizi baitzen bere familiarekin 1980ko hamarkadatik. Usansolon (Bizkaia) hil zen, 2023ko azaroaren 17an.

Iberdrola España Fundazioa, gizartearekin konprometituta

Iberdrola sorreratik beretik konprometituta egon da presente dagoen komunitateen garapen energetiko, kultural eta sozialarekin. Ildo horretan, Iberdrola España Fundazioa beste urrats bat da konpromiso horretan, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten ekimenak bultzatzea helburu duen heinean. Kultura garatzea eta, bereziki, aberastasun kultural eta artistikoak zaintzea eta mantentzea da haren jardueraren ardatz nagusietako bat.

Esparru horretan kokatzen da Bilboko Arte Ederren Museoarekiko lankidetza. Lankidetza horrek barne hartzen du, besteak beste, Kontserbazio eta Zaharberritze Programari laguntzea, artelanak kontserbatzeko eta zaharberritzeko prestakuntza- eta ikerketa-bekak sortzea, eta museoaren bilduma ikusmen- edo ezagutza-urritasunagatik premia bereziak dituzten publikoei ezagutarazteko bereziki asmatutako jarduera didaktikoak garatzen laguntzea, baita gizarteratzeko programetan parte hartzea ere.

Erakusketako obren hautaketa
Izenbururik gabea, c. 1973-1979
Olioa mihisean
Arte Ederren Bilboko Museoa
Artistaren dohaintza 2021ean
Izenbururik gabea, c. 1977.
Olioa mihisean.
Arte Ederren Bilboko Museoa
Artistaren oinordekoen komodatua 2025ean
Izenbururik gabea, c. 1973-1979
Olioa mihisean
Arte Ederren Bilboko Museoa
Artistaren oinordekoen komodatua 2025ean
Izenbururik gabea, c. 1977.
Olioa mihisean.
Arte Ederren Bilboko Museoa.
Artistaren oinordekoen komodatua 2025ean
Izenbururik gabea, c. 1977-1979
Olioa mihisean.
Arte Ederren Bilboko Museoa.
Artistaren oinordekoen komodatua 2025ean
Izenbururik gabea, c. 1977.
Olioa mihisean.
Arte Ederren Bilboko Museoa.
Artistaren oinordekoen komodatua 2025ean

Babeslea: