Erakusketak
Obra gonbidatua
Amaituta
2016-02-15 • 2016-05-30
Adolfo Guiard
Bakioko baserritarra
19. aretoa
Banco Santander Fundazioak babesten duen Obra Gonbidatua programaren 52. deialdiak Adolfo Guiard (1860-1916) artista bilbotarraren margolan bitxi bat dakarkigu. Bakioko baserritarra (1888) obraz ari gara, mihise gainean egindako 127 x 76,2 cm-ko olioa, Kaliforniako (AEB) bilduma partikular batetik datorrena.
Gazterik hasi zuen Adolfo Guiardek bere prestakuntza artistikoa. Bilbon, lehendabizi, Antonio María Lecuona margolari kostunbristarekin, eta Bartzelonan, gero, Ramon Martí i Alsinarekin. 1878an Parisera joan zen ikasketak osatzera. Horrela, bada, Frantziako hiriburuko berrikuntza artistiko guztiak bertatik bertara ezagutu zituen bere belaunaldiko lehen euskal pintorea izan zen Guiard. Bertan ezagutu zituen Edgar Degas pintorea eta Émile Zola eta Alphonse Daudet idazleak, eta horien eskutik sartu zen Frantziako zirkulu artistikoetan; bertan, Édouard Manet, Claude Monet edota Pierre Puvis de Chavannesekin ere izan zuen harremana.
Urte horietan, Guiardek alde batera utzi zuen, pixkanaka-pixkanaka, bere hasierako lanetan horren agerikoa zen ukitu akademikoa, plein air pinturaren berezko lengoaia berria barneratzen zuen heinean.Hori horrela, Degasengandik jasotako espiritu inpresionista hura ez da hain argi islatzen Guiarden obran. Irudi delikatuak baliatzen ditu lehen planoetan, eta pintzelkada egin gabeagoak azkenetan. Paletako kolore argiak erabiltzen ditu, tonu biziekin, batik bat. Gaiari dagokionez, Bizkaiko baserri-giroa eta bertako paisaia, biztanleak eta ohiturak dira egilearen gai gogokoenak.
1885ean edo 1886an Bilbora itzuli zen, eta estudio bat jarri zuen, pintura-eskolak emateko. Ordutik aurrera, modernitatearen erreferente bilakatu zen garaiko artista gazteentzat, bai eta hiriko bizimodu kulturalaren protagonista garrantzitsu ere. Darío de Regoyosekin batera, euskal pintura modernoa abiarazi zuen, eta inpresionismoaren irizpide estetikoak txertatu zituen espainiar pinturan.
1887an enkargu garrantzitsu bat egin zion Sociedad Bilbaína elkarteak, euren lokaletan jartzeko hiru mihise margotzeko. Sasoi horretan, naturarekin lotura zuzena bilatu nahian, Bakiora (Bizkaia) joan zen bizitzera. Bi urte geroago, Aldundiak eskatuta, garden bat egin zuen, Bilboko Plaza Barria apaintzeko. 1890ean, ibilbide artistikoa guztiz finkatuta, Muruetara (Bizkaia) joan zen bizitzera, eta hamarkada horren azken aldera, berriz, Arteara (Bizkaia), Anselmo Guinearekin batera. Sasoi hartan hasi zen Darío de Regoyosekin harremanetan, gutun bidez lehenengo, eta aurrez aurre, ondoren. 1900. urtean beste enkargu garrantzitsu bat jaso zuen: Gernikako (Bizkaia) Batzar Etxeko beirategietarako zirriborroak egitea. Hiru urte geroago, 1903an, Bilbora joan zen berriro ere, eta bertan bizi izan zen, hil arte.
Bilboko Arte Ederren Museoak Adolfo Guiardi buruzko bilduma bat dauka, haren lan esanguratsuekin. Euren artean, adierazgarrienak honakoak dira: Txo (1887), Promesa (1894), eta, batez ere, Krabelin gorridun baserritar gaztea (1903). Bilduma horretan, bederatzi pintura eta paper gaineko hamahiru obra daude, teknika desberdinekin egindakoak: zezenketa-kartel bat, euskal kartelgintzako zaharrentzat hartutakoa; akuarelak, luma-muturrak, tintak, arkatzak eta pastela.
Bakioko baserritarra (1888)
Interes artistikoagatik ez ezik, bestelako kontuengatik ere ezaguna egin zen Bakioko baserritarra lana Guiarden ibilbidean; izan ere, sasoiko prentsan eztabaida bizia piztu zen, lanaren aurkezpena Bilboko Posta kaleko establezimendu batean egin zelako. Halaxe jaso zuen Javier González de Durana arte historiagileak pintoreari buruz idatzi zuen monografian, zeina museoak eta Bizkaiko Aurrezki Kutxak editatu zuten 1984an. Monografia horretan esaten denaren arabera, Nicolás Viar idazle kostunbristak 1888an artelana goraipatuz argitaratutakoari erantzunez, handik lau egunera Antonio Trueba olerkariak idazki gordin bat egin zuen, obraren estilo inpresionista kritikatuz. Polemika urrunago joan zen, ordea, eta, azkenean, Miguel de Unamunok berak ere parte hartu zuen. Inork ere ez zuen zalantzan jarri Guiarden maisutasuna; hala ere, kolore gozo eta harmoniatsuen erabilerak eta efektu atmosferiko handiak eztabaida sorrarazi zuten kritikarien eta zaleen artean.
Juan de la Encina arte-kritikariak zera adierazi zuen, 1921ean, margolan honen garrantziaz: "Ramón de la Sotaren jabetzako Bakioko baserritarra horrek –egilearen garapen artistikoan erabat garrantzitsua, egilearen ibilbide guztian aire librea agertzen den lehendabiziko aldia baita–, lanaldian atseden txiki bat hartu duen baserritar horrek, aurpegiera horren zorrotzarekin, jauntasunaren halako inpresio mantsoa uzten du gugan.
Gauza da, Bakioko baserritarra (1888), Uzta-garaia (1892)–museoan 1999an gordailatu zena, Bilboko bilduma partikular baten eskariz– eta Promesa (1894)–museoak 2008an erositakoa– Ramón de la Sota ontzi-jabe ospetsuarenak izan zirela. Uzta-garaia margolanean, Gernikako itsasadarreko paduretan lanean ari den lagun-talde bat agertzen da. Promesa obran,bestalde, bidean geldialdia egin duten hiru baserritar ageri dira. Horien aurrealdean, otzara bat dago, eta, otzararen barruan, hiletetan erabili ohi ziren bi argimutil eta oihal zuria. Hiru lan horiek ezin hobeto laburbiltzen dituzte Guiarden estiloaren ezaugarriak, marrazketa bikaina eta gris edota urdinak gailentzen diren paleta erabiltzen baititu, efektu atmosferiko sendoa sortzen duten tonu samurrak erabiliz.
Bukatzeko, esan beharra dago hiru lan horiek 1947ko maiatza eta azaroa artean zaharberritu zituela, Parisen, Julián de Tellaeche pintoreak. Azken horrek erosi zizkien, era berean, zurezko marko tailatuak, museoan dauden bi obretan oraindik ikus daitezkeenak.
Adolfo Guiard (Bilbao, 1860-1916)
Bakioko baserritarra, 1888
Olioa mihisean, 127 x 76,2 cm
Bilduma partikularra, San Diego, Kalifornia, Estatu Batuak
Erakusketaren edukia: Adolfo Guiard
Babeslea: