Erakusketak
Amaituta
2015-03-10 • 2015-08-31
50eko hamarkada. Moda Frantzian 1947-1957
1. - 12. aretoak
50eko hamarkada oso etapa esanguratsua izan zen Frantziako goi-mailako jantzigintzarako, 1929ko porrot finantzarioaren eta, batez ere, gerraren ondorioz gainbehera egin ostean. Hamarkada horretan, Paris modaren munduko hiriburua izan zen berriro, eta, berpizkunde horretan, maisu handiak izan ziren nagusi: Jacques Heim, Chanel, Schiaparelli, Balenciaga –Bilboko Arte Ederren Museoak Balenciaga. Mugaren diseinua erakusketa monografikoa eskaini zion (2010)– edo Jacques Fath, baita Balmain, Christian Dior, Jacques Griffe, Hubert de Givenchy edo Pierre Cardin ere. Guztiek luxuaren, dotoretasunaren eta sormenaren adierazgarri zen moda frantsesaren ospe iraunkorra suspertu zuten, baita euren lorpenak prêt-à-porterrera eramateko ahalegina ere.
Erakusketa honetan, emakumeen gorpuzkerak 1947-1957ko hamarkadan izandako bilakaeran zehar egingo da ibilbidea, hau da, New Look delakoa sortu zenetik hasi eta Christian Dior hil eta Yves Saint Laurent iritsi zen arte. Iaz, Palais Gallieran, Pariseko Modaren Museoan, aurkeztu zen, eta bertako zuzendariak, Olivier Saillardek, museoko ehunetik gora modelo zein osagarri hautatu zituen. Gehienak, gainera, pieza paregabeak dira. Bilboko erakusketako komisario elkartua Miren Arzalluz izan da, trajearen nahiz modaren historiako aditua.
1.- Sarrera. Christian Dior
1947ko otsailaren 12an, Montaigne etorbidean finkatu berri zen Christian Diorren lehenengo bilduma aurkeztu zenean, moda aldatu egin zen betiko. Izan ere, emakumeen silueta berria sortu zen, eta, Harper's Bazaar moda-aldizkariko Carmel Snow erredaktore-buruak New Look zela adierazi zuen. Maisoneko aretoetan desfilatzen zuten modeloek luzera zein forma iraultzaileko jantziak zeramatzaten soinean.
Azpiko gonez harrotutako gona zabal bezain luzeak harrigarriak izan ziren benetan, Bigarren Mundu Gerran inposatutako murrizketen ondoren. Gerriak estu-estuak zirenez, kortseak itzuli ziren. Gona handi neurrigabeek estiloa eman zioten berriro diseinatutako siluetari. Sorbalda estuak eta eskote zabalak emetasun berriaren adierazgarri ziren, eta irudi hori hamarkada osoan izan zen nagusi. Atlantikoko bi aldeetan, eskandalu handia sortu zen.
Berrogeita hamarreko hamarkadako modan, gizonezko diseinugileak ziren nagusi, eta, emetasuna goraipatu arren, estutu ere egin zuten. Jacques Fath euretako bat izan zen. Cristóbal Balenciagak, maisuen maisuak, artaziez eta bolumen arkitektonikoko ehunez idatzi zuen mendeko bigarren zatia. Beste batzuek, ordea, zenbaiten ustez inoiz gainditu ez den dotoretasunaren ideiaren eraketan lan egin zuten; esate baterako, Jacques Heim, Jacques Griffe, Jean Dessès eta Antonio del Castillok; eta, laster, Pierre Cardin edo Hubert de Givenchyk. Atzerakako kutsu nagusi horren aurka, mademoiselle Chanelek bere itzulera prestatu zuen. 1954an, 71 urte zituela, aurrena gaitzetsitako eta gero txalotutako bildumak ospea eman zion bere emakume-janzki ezagunari, garaikidetasun eztabaidaezineko janzkera gisa. Gorpuzkera androginoa finkatu zuen, eta hori hurrengo hamarkadako eraldaketen iragarpena izan zen.
1957an monsieur Dior bat-batean desagertzean, berrogeita hamarreko hamarkadako errepertorio idealizatua amaitu egin zen. Hona hemen 1957an Paris Match aldizkariak argitaratutako izenburua: "Beste aurpegi bat azaldu da itzaletatik. Yves, 21 urteko delfina". Diorren ustez, Yves Mathieu Saint Laurent bere oinordeko espirituala zen, eta, beraz, konpainiako zuzendari artistiko izendatu zuten. Zenbakiek agerian uzten dute desberdintasuna: 1946ko 106 etxeetatik, 60 baino ez zeuden 1952an; eta 36, 1958an. Berrogeita hamarreko hamarkadaren ostean, prêt-à-porter delakoa iritsi zen. Izan ere, hamarkadak joera horren agerpena eta moda demokratizatzeko "mehatxua" suspertu zituen, eta goi-mailako jantzigintzak nekez aurkitu zezakeen fenomeno horretarako erantzun egokirik. Hori guztiori dela eta, ez da harritzekoa 1950eko hamarkada eta bere chic erradikala modaren historiako mugarriak izatea.
2.- Eguneko jantziak
Goizerako emakume-janzkia, bidaietarakoa, klasikoa, goizerako bi piezakoa, bidaietarako berokia, eguneroko berokia, bazkaritarako soinekoa, arratsalderako soinekoa, arratsalderako soineko formala, arratsalderako jantzi-sorta soila, arratsaldearen amaierarako soinekoa, egunaren amaierarako soinekoa, kalerako bi piezakoa, harrerarako jantzi-sorta, bidaietarako jantzi-sorta, asteburuetarako jantzi-sorta, jai-aretoetarako jantzi-sorta, etxeko soinekoa, hiriko soinekoa, afari informalerako soinekoa... 1950eko hamarkadan, emakumeen jantziek gaur egun itzulpenik ez daukan hiztegia osatzen zuten, nonbait. "8", "H", "A" edo "Y" lineek jostunek soineko eta jaketarako nahi zituzten mugimenduak eta luzerak zehazten zituzten. Goi-mailako jantzigintzako tailer eta aretoetan, emakume-janzkiak eta beste modelo batzuk ere "bataiatzen" zituzten: "Bonbon", "Bernique", "Esperanto"…
Mademoiselle Chanelek gorrotatu eta "jostungaien lantzat" hartzen zuen poesia hori –nahiago zuen bere sorkuntza-lanak zenbakien bidez identifikatu–, moda-aldizkarietan eta komunikabideetan zabaltzen ari zen. 1950. urtearen hasieran martxan zeuden goi-mailako jantzigintzako hirurogei inguru etxeetan, lizentzia eta linea eskuragarriagoen sistema ezarri zuten euren aretoetara joan ohi ez ziren bezeroentzat: Jacques Fath Université, Heim Jeunes Filles, Lanvin Boutique... Gainerako emakumeek, beraz, hain sofistikatua ez zen joskintzako arropa besterik ez zuten aukeran, edo moda-aldizkarietan zabaldutako patroiak. 1960ko hamarkadara arte, emakumeak jostunak ziren, eta euren gustuko modeloak berregin zitzaketen. Funtsezko osagarriek (eskularruak, kapela, poltsa...) silueta osatzen zuten.
Balenciaga
"Balenciagaren moda fintasun frantsesaz eta grina espainiarraz eginda dagoenez, aratza bezain orekatua da. Ezustekorik gabe eta amore eman gabe. Bere emakume-janzkiek jostura iraultzaileak dituzte, eta ezin dira kopiatu. Bere gaueko soineko zoragarriak ezin soilagoak dira, ordea". 1951n Paris Match aldizkarian argitaratutako artikuluak horrelaxe gogoratu zuen Balenciagaren misterioa. "Modako gizon ikusezina" "enigma" gisa hartzen zen, eta, "kontraesana badirudi ere, oihartzun entzunenek baino publizitate handiagoa eman dio horrek". Jostuna 1937an finkatu zen Parisen. Bere bilduma ezin bikainagoak George V.a etorbideko aretoetan baino ezin ziren ikusi.
Jacques Fath
Jacques Fath etxea 1937an ireki zuten arren, 1940ko hamarkadan egin zen ospetsu. Bere sortzailearen antzera, fantasiaz betetako moda arin bezain alaia proposatzen zuen. Jostunak bazekienez begira komunikabideak oso garrantzitsuak zirela bere markaren irudirako, bere burua sustatzen zuen jendearen arreta erakartzeko, mozorro-dantzetan zein bainutik irtetean. Diorrek hasitako New Lookaren haritik, Fathek bolumenen asimetriarekin, emakume-gorputz idealizatuaren birmoldaketarekin eta gorpuzkeraren estilizazioarekin jokatzen zuen.
Jacques Heim
Familiaren larrugintza-negozioa heredatu ostean, 1925ean Jacques Heimek enpresa dibertsifikatu eta goi-mailako jantzigintzaren atala sortu zuen. 1936an, Heim Jeunes Filles ireki zuen beheko solairuan. Diseinugilearen estiloa neurriz eta dotoreziaz inspiratzen zen tradizio frantsesean, eta tailer ospetsuen esperientzia ere bazuen. Heim ordura arte goi-mailako jantzigintzan gutxietsitako ehunak erabiltzen hasi zen; kotoia, esaterako. Horrez gain, oso brodatu eta apaingarri gutxi erabiltzen zituenez, bezero gazteak erakarri zituen, eta prêt-à-porter sortu berria ere sustatu zuen.
1987. urtean, Heimtarrek oso dohaintza handia egin zioten Palais Gallierari: artxiboak, arropa asko, marrazkiak eta argazkiak. Guztiak dira 1960ko hamarkadan ateak itxi zituen goi-mailako jantzigintzako etxe horren energia sortzailearen erakusgarri.
Christian Dior
Batzuetan, erakusketak oso lagungarriak dira zenbait pieza identifikatzeko orduan. Hau, esaterako, etiketarik gabe heldu zen Palais Gallierara, eta, Christian Dior etxearekin ikertu ondoren, zein zen zehaztu ahal izan zen. Soineko eta jakadun janzkia da, eta bere jatorrizko diseinua Montaigne etorbidean finkatutako etxeko 1950-1951ko udazken-neguko bildumako artxiboetan aurkitu zuten. "Bernique" izena jarri zioten, jakan sortu eta gona handiaren gainean proiektatzen den maskor-itxurako (edo kapela txinatarraren itxurako) konkorragatik. Doi-doia denez eta profil aparta duenez, jostunaren eta 50eko hamarkadaren espirituaren adierazgarri nabariena da. New Looka agertu zenetik lau urte igaro zirenean, Frantziako goi-mailako jantzigintzako esportazioen %49 zeuden Christian Diorren esku. 1950-1951ko udazken-neguko Dior bilduman, 191 modelo, 64 beroki eta 23 larru zeuden. Ez zen luzera aldatu, baina, lerro bertikala erabili beharrean, zeiharra nagusitu zen. Forma naturalak itzuli ziren: sorbalda eroriak, bular banatua, gerri fina eta aldaka markatuak, Paris Match aldizkariak 1950eko abuztuaren 12ko edizioan azaldu zuen bezala.
Carven
Goi-mailako jantzigintzako Carven etxea Champs Elyséeseko apartamentu batean sortu zen 1944an. Madame Carven sortzaileak bazekienez garai hartako jostunek emakume lirain bezain altuak bakarrik janzten zituztela, altuera txikiagoko emakume dotoreentzat lan egitea erabaki zuen, bera ere halakoxea zen eta. Hori dela eta, Carven gazteen idoloa izan zen laster. Bere moda ezaugarri horren erakusgarri da. Ehun soil bezain arinak erabiltzen hasi zen; kotoia eta lihoa, esate baterako. 1950ean, Carven etxeak Dessès, Fath, Paquin eta Piguetekin bat egin eta Couturiers Associés eratu zuten. Bostek zazpi ekoizlerekin lan egiten zuten, eta, denboraldi bakoitzean, hiriko bina soineko sortzen zituzten, baita hiruna beroki (euren artean, zira bana) eta bina janzki ere.
Modelo horiek eskualdeko jantzi-dendetan prezio eskuragarrietan banatzen zirenez, prèt-à-porterra iristear zegoela iragarri zen. "Esperanto" gona eta jakadun janzkia da, eta Carven etiketa darama. Buche etxeko alpaka-artile zurizkoa da. Bularra Rébéko zurdazko kordoitxo beltzaz egindako trazu arkitektonikoez dago estalita, eta gorputz estutuan gurutzatu eta banatzen dira. 1951ko emakumeen gorpuzkera da, eta ezin emeagoa da New Lookaren iraultzari esker. Bularra zein gerria nabarmendu nahi dituen egitura da; izan ere, jakako hegalak betegarrien bidez handitzen ditu. Lehenengo Dior bildumako "Bar" janzki esanguratsutik datorren baliabidea da hori.
Madame Grès
Madame Grès 1930eko eta 1940ko hamarkadetan egin zen ezagun, gaueko zein eguneko jantzietan erabiltzen zituen drapeatu trebeei esker. Bere tailerretan zetazko edo artilezko puntuz nabarmendutako eta prestatutako tolesdurek ospe handia eman zioten, eta bere modeloak benetako maisulanak zirela ere esan daiteke. 1950eko eta 1960ko hamarkadek, ordea, bidegabeki ezkutatu dute bere lanen eragina. Sasoi hartako prentsan sarritan agertzen ez bazen ere, ez du esan nahi jantzi bereziak egin ez zituela bere garaikideen aldean.
Pierre Cardin
Pierre Cardin oso-oso preziatua da bere jantzi futuristengatik. Haien bidez, 1960ko hamarkada eta hurrengoa asmatu zituen. Edonola ere, jostun ameslariak 1953an sortu zuen bere marka, 1947an Dior etxe berriaren abenturan parte hartu ostean. Diseinugile eta jostun paregabea zen, eta, Christian Diorren zuzendaritzapean, antza denez, berak ebaki eta muntatu zuen "Bar" janzkia. Hiru urtez elkarrekin lan egin ondoren, independizatu eta antzerkirako zein dantzarako jantziak egiten hasi zen. Horrez gain, emakume-janzkiak eta berokiak ere egiten zituen, trebea baitzen benetan. Marrazten, ebakitzen eta josten zekiten jostunen genealogia horretakoa zen Cardin. 1958. urtean, moda-sortzaileen belaunaldi berriaren sinboloa zen. Jakintza tekniko handiak zituenez eta material berriak ikertzen zituenez, 50eko hamarkadako oinordekoa izan zen, nahiz eta haustura estilistikoen erantzulea izan.
Tweedaren erabilera eta gonaren zein mahuken luzera kontuan hartuta, agerikoa da janzki hau 1950eko hamarkadako azken urteetakoa dela. Bizkarreko idunekoa zabala aintzat hartuta, eta, biribilkatutako ehunezko arrosa izan ezik, oso apaingarri gutxi dituela kontuan edukita, argi dago 60ko hamarkadan formak bakundu egingo zirela iragartzen duela soineko honek.
3- Hondartzarako eta landa-ingururako jantziak
Hondartzarako soinekoa, oporretarako soinekoa, landarako zein bainuetxerako soinekoa, mantal-soinekoa, marinel-brusa, blusa, kortsarioa, estola, hondartzarako jantzia, bainu-txabusina, osoko jantzia, kotoizko prakak, praka laburrak, pareoa, bainujantzia, lastozko kapela... 50eko hamarkadaren hasieratik, gazteak ez ziren goi-mailako jantzigintzarekin batere identifikatzen, edo neurri batean besterik ez. Aldizkarietako azaletan agertzen ziren Brigitte Bardoten eta Françoise Saganen begirada dibertigarripean, bezero alaiek jantzi liberatuak nahi zituzten eguzkitarako, ebakidura naturaleko eta kotoizko jantziak, alegia. Arratsalderako kolore anitzeko marradun soinekoak, estanpatu biziko eta kanpai formako gonak eta hondartzarako jantzi exotikoak ezin erakargarriagoak ziren, oso erosoak zirelako. Erraz paseatzeko eta dantzatzeko aukera eskaintzen zuten bailarina lauak ere naturaltasun horren bila zebiltzan. Joskintzako enpresak ekoizpen horretaz jabetu ziren, eta goi-mailako jantzigintzako etxeek linea egokituak garatu zituzten. Hirian zein hondartzan eramateko moduko udako moda hori 1960ko hamarkadan behin betiko inposatu zen prêt-à-porter sortu berriaren saiakuntzazko plataforma eta tranpolina ere izan zen.
Hermès
French Vogue aldizkariak 1952ko maiatzean argitaratutako alean, "Hermeselle" soinekoaren argazkia agertu zen, eta honako iruzkin hau egiten zen bertan: "Oro har, soinekoa sortzeko orduan estanpatuari erreparatzen badiogu ere, Hermèsek guztiz kontrakoa egin du. Léonard ehungintza-enpresaren laguntzaz, soineko bakarra aurkeztu du, ebakidurak diseinua bera zehazten duelako. Badirudi atzealde argiaren gaineko estanpatua ikatz-zirizko trazua dela; eta, atzealde ilunekoa, gouachearen pintzelkada. Ikusizko efektu horrek esklusibotasuna ematen dio soinekoari. Kotoizko gabardinan, zeta basatian eta popelinean dago eskuragarri, baita kolore guztietan ere. Larruzko gerrikoa eta kolore bereko kotoizko banda ditu. Soineko honen botoiak ere irudimen betekoak dira, eta Hermèsen bertan nahiz Canneseko, Biarritzeko zein Deauvilleko dendetan ere badago salgai…".
Lanvin-Castillo
Jeanne Lanvin 1946an hil zen 79 urte zituela. Sasoi hartan, 1.500 emakumek buru-belarri lan egiten zuten Faubourg Saint-Honoréko lokalean. 1950ean, Antonio Cánovas del Castillo jostun espainiarra goi-mailako jantzigintzako Lanvin etxean hasi zen lanean bertako zuzendaritza artistikoan. 1936ko altxamendutik erbesteratuta zegoenez, Castillo Parisen finkatu zen, eta, gerra baino lehen, diseinugile gisa lan egin zuen Paquinekin; eta, ondoren, Piguetekin, harik eta Elizabeth Ardenek New Yorken kontratatu zuen arte. Horrez gain, mademoiselle Chanelen eskuin eskua ere izan zen. Chaneli Castillori buruz zer uste zuen galdetu ziotenean, hauxe esan zuen: "Nolabaiteko jeinu ezkutua da. Hudoa balitz bezala tratatu beharra dago, zulotik irtetera behartu behar duzulako. Orduan, zoragarria da benetan…". Antonio del Castillok Lanvin etxeko bildumak diseinatu zituen 1963. urtera arte. 1950eko hamarkadan, ahalegin handia egin zuen etxearen sortzaileak hain gustuko zituen koloreak zein brodatuak berreskuratzeko. Kutsu garaikidea eman zien goi-mailako jantzigintzako etxe antzinakoenetako modeloei, arindu egin zituen-eta. Bere estiloa ebakidura soilen bila zebilen, eta, batzuetan, apaindurarik gabeko ebakiduren bila ere bai. Nolanahi ere, kolore biziak eta diseinu sendoak oso gustuko zituela kontuan hartuta, agerikoa zen bere sustraiak iberiarrak zirela.
4.- Gorputzaren eraketa. Barruko arropa eta lentzeria
Gerruntzea, paxa, aldakak estutzekoa, kopa erdiko sostena (balconneta), balconnet culottea, azpiko gona, sostena, kortsarioa, pantya, galtzerdiak, leotardoak... 50eko hamarkadan, badirudi eguneko eta gaueko jantziak jostunen figurin estilizatuekin mimetizatu zirela. Sorbalda biribilak bular txikitik aldendu ziren. Aldakak handiagotu egin ziren gerri estutuaren azpian. Hankak arkatzezko bi trazu urduri balira bezala parekatu ziren. 1947. urteaz geroztik, emakumeek bazekiten berriro inposatu ziren era guztietako barruko arropak erabiltzen hasi beharko zirela berriz. Arropa horiek, hain zuzen ere, sortzailearen diseinuen arabera eratu eta modelatzen zuten gorpuzkera. Gerruntzeak gerriaren liraintasuna nabarmentzen zuen. Paxak aldakak ezabatu eta bizkarra trinkotzen zuen. Pigeonnier sostenak bularrak argi eta garbi banatzen zituenez, eskote sakonak agertzen ziren. Lentzeria linea sigi-sagatsua edo taxutua egiten hasi zen. "Azpiko gona da une honetako gogokoena. Jantzietako funtsezko osagarria da. Linoiz, plumetiz, kotoiz edo parpailez eginda dago, begizten bidez nabarmentzen da eta ehun bereko gerruntzeaz eramaten da, uhalekin edo uhalik gabe. Bere zabaltasunagatik, lasaieradun gonei eman die sendotasuna," azaldu zuen Vogue aldizkariak 1954an. Galtzerdi estandarren aroa amaitu egin zen: brodatutako, estanpatutako edo inkrustaziodun eta soinekoarekin konbinatutako nylonezko galtzerdiek emakume dotoreen hankak estaltzen zituzten.
Jostunen etiketa zeraman kortseteria berri horrek antzinako garaiak dakarzkigu gogora. Kortsearen oroitzapena paxan berpiztu zen. Hiru kolore (beltza, arrosa eta zuria) erabiltzen ziren, 60ko hamarkadan bertan behera utziko zuten lentzerian. Gero, 1980ko hamarkadara arte itxaron behar izan zen haren xarmak berriro ezagutzeko.
5.- Koktelerako soinekoa
Gaueko soineko informala, jatetxerako soinekoa, afaritarako soinekoa, dantzarako soinekoa, jai-aretorako soinekoa, harrerarako soinekoa... Gaur egun, pasarela, aldizkari eta ohituretatik desagertu bada ere, koktelerako soinekoa 50eko hamarkadako emakumeen modaren eta jantzien adierazgarri da. Aurreko hamarkadetako janzteko soinekoaren edo gaueko soineko informalaren bilakaera naturala zen. Gerraosteko urteetarako sortu zen, eta hurrengo hamarkadako prêt-à-porterraren goraldiaren ondorioz desagertu zen. Luzera aldagarria zuenez, erabilera ez hain formaleko gaueko soinekoa zen. Gainera, era guztietako zabalerak eta lasaierak zituen, eta, beraz, ehun preziatuz dotoretutako arratsalderako soinekoen oinordekoa zen. Berez, tirantedun edo tiranterik gabeko gerruntzearen forma bazeukan ere, hiru laurdeneko mahukak izan zitzakeen, eta ehun bereko beroki laburra ere eraman zezakeen. Arrosa argia, gorri bizia, urdin distiratsua edo disolbatua, tinta beltzak eta estanpatuak bolumen handiko gonen gainean nabarmentzen ziren. Koktelerako soinekoak "arratsaldeko 8etatik eramaten dira afaritara, jatetxera, antzokira. Bere formak dotoretasuna eta erosotasuna bateratzen ditu... Spencer jakatxoak, boleroak, xalak edo berokiak sorbalda biluziak estaltzen ditu, harik eta erakustea egokia izan arte", zioen Vogue aldizkariak 1950ean.
Zinegintzak argazkietan irudikatutako eta zabaldutako modaren benetako arketipoa bazen ere, koktelerako soinekoa desagertu egin zen André Courrègesek 1964an iraganarekin goitik behera hautsi zuten jantziak diseinatu zituenean. Garai hartako gazteentzat, emakumeen esklabotasunerako elementua zen soineko hori, lakrikunkeriaren adierazgarri hutsa, besterik gabe. 1980ko hamarkadara arte, ez zen berriro sortzaileen bildumen inspirazio-iturria izan.
1958an, goi-mailako jantzigintzako Cristóbal Balenciaga etxeak ateak itxi baino hamar urte lehenago, jostun espainiarrak "Baby doll" modeloa jaulki zuen Pariseko modaren mundura. Bere forma bakun-bakuna zen, eta proportzio harrigarri samarrak zituenez, gaur egun oversize gisa hartuko zen, beharbada. Gorpuzkera berri horren ezaugarri nagusiak bi dira: neurriz kanpoko bolumena, eta 20ko hamarkadako panpinen soinekoak gogorarazten dizkiguten tolesdura ugariak. Zeharo originala zen, eta, beraz, 1960ko hamarkadako joera eraldatzaile bezain bakuntzaileak iragarri zituen. 1958ko bildumetan, Balenciagak direktorio eta inperio estiloko erreferentzia historikoak hartu zituen kontuan. Bere arauak maisutza eta teknika baino ez ziren.
Pierre Balmain
Pierre Balmainen soinekoak Pralineren eta Stellaren kurba ugariko silueten gainean daude ebakita. 1945ean sortutako markako manikiak eta musak moda-aldizkarietako emakume irakurleei igorritako emetasunaren adierazgarri ziren. Balmainen arrakasta bere proposamen neurritsuan zegoen oinarrituta. Estilo zapaltzaileegiaren atzean desagertu nahi ez zuten bezeroak erakartzen zituen. 1952-1953ko udazken-neguko denboralditik, bere bildumen izenburua "Jolie Madame" izan zen (lurrin batek eman zion izena). Eslogana baino gehiago zen. Pierre Balmainen moda emakumeen laguna zen, eta berdin zion emakume horiek manikiak, emakume ospetsuak, aktoreak nahiz bezeroak ziren. Ez zen inoiz inposatzen, diskrezioa jostun horren sorkuntza-lan erakargarrien oinarrizko printzipioa zen-eta.
Christian Dior por Yves Saint Laurent
22 urte zituela, Yves Saint Laurentek "Trapezioa" linea kaleratu zuen bere lehenengo bilduman. Jostun gaztea Diorren oinordekoa zen; izan ere, Dior 1957an hil zen modu tragikoan, hamar urtez sortzen aritu ondoren. Haren espirituari helduta, Diorrek atseginez berritzen zituen lineen eta josturen lengoaian oinarritzen zen Yves Saint Laurent. "Trapezioa" lineak bularra zanpatzen zuen, eta zabal-zabal hedatzen zen gonen gainean. Manikiek "Printemps", "Porcelaine", "Séduction"… delakoak zeramatzaten soinean. Jostun gazteak izen horiek aukeratu zituen bere lehenengo urratsetako organdizko soinekoetarako, tulezko gonetarako edo artilezko edo franelazko emakume-janzkietarako. Dior etxeko artxiboetan, "Aurore" soinekoaren bertsio portzelana-urdina dago, eta, oraindik ere, 50eko hamarkadako errepertorioan sartzen da. Yves Saint Laurentek, hain zuzen ere, Dior etxea utzi bezain laster baztertu zuen errepertorio hori, 1960. urtean.
6.- Gaueko jantziak
Gorteiatzeko soinekoa, atari zabaleko jaietarako soinekoa, ohorezko dama izateko soinekoa, koktelerako soinekoa, gaueko soineko informala, jatetxerako soinekoa, afaritarako soinekoa, dantzarako soinekoa, galarako soinekoa, gala handirako soinekoa, udako soinekoa, harrerarako soinekoa, galarako jantzi-sorta, gaueko tutu-soinekoa, gaueko soineko handia, gala handirako gaueko soinekoa, zeremonietarako soinekoa…
"Gaueko soinekoak jostunen luxua dira. Euren fantasia osoaren erakusgarri dira. Bildumako modeloen hamarrena dira, gutxi gorabehera", zioen Paris Match aldizkariak 1950ean. Balmain, Dior, Fath, Schiaparelli edo Balenciaga, guztiak, ohi baino askoz hobeak ziren desfilean soineko luzeak agertzen zirenean. Sirena-estilokoak, tutu-erakoak edo, aitzitik, zabal-zabalak, guztiak ziren sortzaileen asmo magistralen edo fantasien erakusgarri.
Tafetak, satinak, belusak eta antzeko ehun astun bezain nobleak, geruza arinetan jarritako tulak eta muselinak, parpailak… Tonu sotileko edo antzerki-tonuko gaueko soinekoek margolari inspiratu bihurtzen dituzte zenbait jostun; eta beste batzuk, berriz, iragankortasunaren eskulturagile. Anne Saint-Marie, Bettina, Dorian Leigh, Dovima edo Susy Parker maniki goraipatuen gainean, aztarna historikoko eta luxuzko jantziak jartzen ziren, eta, handik gutxira, zineko nahiz antzerkiko emakumezko aktoreen estaldura haragikoiak izatera helduko ziren.
Jacques Fath
Jacques Fathek arrakasta handia lortu zuen, bere gaztetasuna eta alaitasun aparta sorkuntza-lanetan islatzeko gai izan zen-eta. 1937an bere etxea sortu zuenetik, jostunak aldaken zein bularraren kurbak nabarmendu eta 1950eko hamarkadako New Lookari ireki zion bidea. Horrez gain, kolorea erabiltzen ere ausartu zen. Gerraren aurretiko garaiko dotoretasun zorrotzaren ordez, bizi-pozaren adierazgarri zen moda sortu zuen. Talentu eta aurpegi berriak izan zituen inguruan, eta, batez ere, Bettinarena, huraxe izan baitzen bere maniki izarra zenbait urtez. Asimetrikoak ez direnean, esku hutsez marraztutakoak ez direnean eta artazi-ebaki urduri bezain laburren bidez ebakita ez daudenean, beste kolore eta material batzuk darabiltza soinekoetan. Modelo hau da horren adierazgarri, bertako tul zuria arto-alezko apaingarriz atondutako gerruntze polita erakusteko markoa da-eta.
Pierre Balmain
50eko hamarkadako gaueko soinekoa –gona zabal bezain luzeaz konbinatutako gerruntzea– jantzi ikono desiratuenetakoa da. Era guztietako ehunez dago eginda, eta XVIII. mendeko soineko frantsesak dakarzkigu gogora. Pierre Balmain, Christian Dior eta Jacques Fath Argien Mendean inspiratzen ziren sarritan, eta satinak, tafetak eta belusak berriz erabiltzen hasi ziren, moda-saltzaileek begiztaz, agremanez eta beste beira-ale batzuez gustura apaintzen zituzten-eta.
Besteak beste, Piguetekin eta Lelongekin lan egin ondoren, Balmainek 1945ean ireki zuen bere etxea, eta, koktelerako nahiz gaueko soinekoetan, eragin horri eutsi zion. Edwige Feuillère antzerki-aktoreak "Antonia" soinekoaren erreplika zehatza eraman zuen soinean, eta, apaingarriak zein formak kontuan hartuta, aztarna horien adierazgarri ezin hobea da. Soinekoaren erdialdeko metalezko brodatuak eta muselinazko arrosak historiarekiko gustuaren berreskurapenaren erakusgarri dira 50eko hamarkadako modan.
Christian Dior
Hauxe azaltzen da Diorrek 1955-1956ko udazken-neguko bildumarekin batera argitaratutako prentsa-komunikatuaren hasieran: "Berriro ere, alfabetoko letra baten bidez, Y-aren bidez adieraziko da bilduma berriaren muina [...]. Oso goian jarritako bularra loratu egiten da sorbalda natural bezain txikien oinarrira iristen diren Y formako adarren artean". Zenbait puntutan estilizazioaren inguruan antzemandako gurariaren aldean, "failadun gona ugari ekialdeko erara harrotu, bildu, puztu eta hanpatu egiten dira". Modako koloreei dagokienez, nabarmendu beharra dago gaueko soinekoen artean arrosak, urdin argiak eta "isabelotik bolira" doazen zuriak direla nagusi.
Jean Dessès
Jean Dessès Alexandrian jaiotako jostun greziarra izan zen. Zuzenbidea ikasi ondoren, berehala aukeratu zuen moda, eta, 1937an, goi-mailako jantzigintzako etxea ireki zuen. Gerraren ostean, gaueko soineko drapeatuak, toles ugaridunak, egin zituen, eta tonu lisoetatik kontrasteen mailaketa sotiletara zihoazen koloreak erabili zituen. Drapeatuan erakutsitako maisutasunaz gain, bere sorkuntza-lanetan ez da Antzinaroko beste erreferentziarik antzematen.
Jacques Heim
Jacques Heim jostunaren sorkuntza-lan gehienak Palais Gallieran artxibatu dira, eta agerian jartzeko prest daude. Heimek Sonia Delaunayren eta Dora Maarren lanak babestu zituen (Maarrek goi-mailako etxe honen logoa zein iragarkiak diseinatu zituen, hain justu). Jostuna artezalea eta bildumagilea zen, eta argitalpen bitxia kaleratu zuen artearen inguruan sentitzen zuen maitasunaren adierazgarri. Goi-mailako jantzigintzako Heim etxeko sorkuntza-lanak bikainak ziren, eta argi dago bere tailerren kalitatea ere izugarria zela. Estilo soila duenez, ez du beharrezkoa ez den apaindurarik erabiltzen. Jacques Heimen soinekoak ez dira liluragarriak, diskretuak bezain dotoreak baizik.
Irudian:
Carven
Bildumako figurina: "Esperanto" emakume-janzkia
1951ko udaberri-uda
Tinta txinatarra, grafitozko arkatza eta akuarela paperean
Palais Galliera, Paris
Erakusketaren edukia: 50eko hamarkada. Moda Frantzian 1947-1957
Babeslea: