Erakusketak
Amaituta
2016-09-30 • 2017-01-09
1937. Gernikari buruz. Gerra eta “civitas”a
33. aretoa
Santiago Erasoren ideia batetik abiarazitako Bake-ituna proiektuak, Pedro G. Romero komisarioa dela, barne hartzen ditu artearen historian, kulturan eta eskubideetan bakea errepresentatzeko izan diren moduei buruzko erakusketak, ekoizpen artistiko garaikideak eta argitalpenak. Iaz eta aurten, proiektuari lotutako hainbat jarduera ari dira egiten hogei bat tokitan, Bilbotik Bartzelonaraino, eta Baionatik Salamancaraino.
1516-2016. Bake-itunak erakusketa nagusiaz gain (Donostiako San Telmo Museoaren eta Koldo Mitxelena Kulturunearen artean dago banatuta, eta Bilboko Arte Ederren Museoak ere bertan kolaboratu du, bere bildumako hogei artelan inguru lagata), gertakari historikoei buruzko Azterketarako kasuak jasotzen ditu, zazpi hain justu; kasu horietako bakoitzean, aditu bat aritu izan da komisario lanetan. Era berean, José María Serti buruzko azterketa monografikoa eta Kanpoaldeak izeneko zazpi ekoizpen artistiko garaikide ere jaso dira bertan.
Azterketarako kasuen artean, Picassoren Guernica lanari buruzko erakusketa hau nabarmentzen da, eta, datorren urteko urtarrilaren 9ra arte, Bilboko Arte Ederren Museoan egongo da ikusgai. Mota askotako berrogeita sei pieza daude bertan –batez ere, margolanak eta grabatuak; baina eskulturak, maketa bat eta txanponak ere bai–, denak ere hainbat instituziok lagatakoak: Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionala (Madril), Museu Nacional d'Art de Catalunya eta Fundació Antoni Tàpies (Bartzelona), Museu Fundación Juan March (Palma Mallorcakoa), Fundación Pablo Ruiz Picasso Museo Casa Natal (Málaga) edo Kaliforniako Unibertsitateko liburutegia (UCLA) dira aipatutako erakundeak, besteak beste. Bilboko Arte Ederren Museoko liburutegiko zenbait dokumentu ere gehitu dira.
Erakusketaren komisarioak, Valentín Roma arte-historialariak, honela laburbiltzen du erakusketaren edukia: "Museo modernorik handienean (MoMA-n, alegia) kanonizatua izan ostean, Guernica lanaren inflazio sinbolikoko prozesuak, alegoria albo batera utzi izanak, eta munduko bakearen 'agente' bihurtu izanak bat egiten dute gerra modernoaren bilakaerarekin, eta ez gara ari gerra apokaliptikoaz, ez biblikoaz, ez zibilaz, baizik eta bizitzeko moduen eta arlo politikoen arteko gerraz".
Erakusketa hiru ataletan dago artikulatuta, eta, bakoitzean, gai bat aztertzen da: Parisko 1937ko Nazioarteko Erakusketako Espainiar Pabiloia, Picasso eta Guernica, eta Guernica obrak garai hartako beste artista batzuengan izandako eragina. Lehenengo atalean, Bigarren Errepublikako gobernuak enkargatutako koadroa zein testuingurutan erakutsi zen irudikatzen du: Espainiar Pabiloiaren arkitektura, aipagai dugun artelanarekin batera ikusgai jarritako beste zenbait obra, eta Espainiak Nazioarteko Erakusketan izan zuen parte-hartzeari buruzko garai hartako materialak. Bigarren atalean, Guernica lana egiteko prozesua errepasatzen da: batetik, Picassoren aurretiazko marrazki eta olioak daude ikusgai, eta, bestetik, Dora Maarrek margolariaren Parisko estudioan ateratako argazkiak, zeintzuen bitartez koadroa osatzeko prozesua dokumentatu baitzuen.
Azken atalean, nazioarteko artisten obrak daude ikusgai, denak ere Guernica lanaren eraginpean egindakoak; izan ere, mihiseak hiru bira egin zituen Europako eta Amerikako hirietatik, Espainiako Errefuxiatuentzako Laguntza Batzorde Nazionalari zuzendutako dirua biltzeko asmoz.
1937. Gernikari buruz. Gerra eta civitas
1937an, Parisko Nazioarteko Erakusketako Espainiar Pabiloian aurkeztu eta berehala, Guernica obra alde batetik bestera ibili zen; izan ere, Europako iparraldeko zenbait hiritara eta Estatu Batuetara eraman zuten, Espainiako Errefuxiatuentzako Laguntza Batzorde Nazionalerako dirua biltzeko erakargarri antifaxista gisa. Lehenengo bira 1938an antolatu zuen Paul Rosenberg galeristak, eta, Matisse, Braque eta Laurensen beste zenbait obrarekin batera, Guernica koadroa Oslora, Stockholmera eta Kopenhagera eraman zuten. Bigarrena, aipatutako Batzordearen ekimenez antolatutakoa eta Juan Larrea poeta bilbotarrak koordinatutakoa, Ingalaterrako zenbait hiritara joan zen: Londres, Oxford, Leeds eta Manchesterrera, hain zuzen ere. Hirugarrena New Yorken hasi zen 1939an, eta, handik, Los Angeles, San Frantzisko eta Chicago bisitatu zituen; ondoren, MoMAra bueltatu zen, Picasso. Forty Years of His Art erakusketan parte hartzeko. Erakusketa hori, gero, Estatu Batuetako hamaika hiritan ikusi ahal izan zen. Ondoren, 1944an, Guernica Mexikora, Milanera eta Stockholmera eraman zuten, bai eta Sao Pauloko II. Bienalera ere. 1958an, koadroa eta berau prestatzeko marrazkiak MoMAn gorde zituzten, Picassoren borondatea betez; izan ere, lanok hantxe egotea nahi zuen, demokrazia berriz ere itzuli arte Espainiara. 1981ean, artelana berriz ere bueltatu ahal izan zen –joan den irailaren 10ean, 35 urte bete ziren–, eta Madrilgo Casón del Buen Retiro aretoan jarri zen ikusgai. 1992tik, koadroa eta bere zirriborroak Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionalean daude gordeta.
Joan-etorri horiek ondorioak izan zituen, lehenengo eta behin, artearen historian, koadroak eragin handia izan zuelako zuzenean ikusi ahal izan zuten hainbat artistarengan. Bigarrenik, Picassoren prestigioan, zeren MoMAk, modernitatearen museo handiak, erabateko gailurrera eraman zuen margolaria. Azkenik, Guernica obran bertan; izan ere, tour haren ostean, eta gaur egunera arte, artelanak bi arlo uztartzen ditu: bakezaletasunaren ikono izatearena, eta souvenir demokratizatua izatearena, baldintzarik gabeko mirespenaren eta koadroak duen karga sinbolikoaren balio-galeraren arteko bidean.
Funtsezko interes horien bitartez artikulatutako erakusketak zenbait arlo aztertzen ditu: koadroaren hasierako urteetako paradoxak, eta indarkeria ezaren sinbolo bihurtzeko prozesua, gerraren basakerian oinarritutako narrazio batetik abiatuta.
Parisko 1937ko Nazioarteko Erakusketako Espainiar Pabiloia
Gune honetan, Guernica koadroa aurkezteko erabili zen pabiloia dago irudikatuta, zeinetan kritika zorrotzak eta atxikimendu sutsuak bizi izan ziren. Bertan, Francisco Mateos González, Santiago Pelegrín, Arturo Souto eta Eduardo Vicente Pérezen zenbait margolan daude ikusgai, milizianoek gerra-garaian izaten zuten eguneroko bizimoduaren berri ematen dutenak eta garai hartan ere ikusgai jarri zirenak. Era berean, beste hainbat pieza ikus daitezke: Josep Lluís Sert eta Luis Lacasaren proiektuaren arabera egindako pabiloiaren maketa, kartel adierazgarriak, Joan Miró eta Alexander Calderren obrak, eta Bigarren Errepublikan egindako pezeta, zeina «ilehoria» izenarekin egin baitzen ezaguna, zeukan koloreagatik eta aurrealdean agertzen zen emakumeagatik.
Picasso eta Guernica
Koadroari eskainitako gune honetan, elkarrekin agertzen dira Picassoren aurretiko eraginak eta muralaren prestaketarako balio izan zuten aurreko zenbait obra: pintoreak korrelatu zuzentzat hartutako Peter Paul Rubensen Gerraren izugarrikeriak (1637) obraren erreprodukziotik Minotauromakia (1935) eta Francoren ametsa eta gezurra (1937) akuaforteetara, prestaketako lau marrazkitara (1937) eta zaldi baten burua irudikatzen duen mihise gaineko olio batera (1937). Horiek guztiak Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionaleko pieza bikainak dira –Museu Fundación Juan March museoko (Palma Mallorcakoa) eta Fundación Pablo Ruiz Picasso Museo Casa Natal (Málaga) fundazioko bi akuaforteak kenduta–, eta Picassok gauzatutako lan-prozesua berreraikitzea ahalbidetzen dute, hala nola, artista baztertzen edo berresten joan zen ahalegin ikonografikoak eta konposiziokoak. Azkenik, Dora Maar argazkilariaren erreportaje ospetsuak Guernicaren bilakaeraren etapa guztiak dokumentatzen du. Parisko rue des Grands-Augustins kalean zegoen tailerrean egin zen erreportajea, 1937ko maiatzaren eta ekainaren bitartean, koadroa zazpi astean baino ez baitzen egin. Argazkiak Cahiers d'Art aldizkarian argitaratu ziren, eta Picassok koadroa sortzeko izandako arrazoiak ulertzeko ezinbesteko dokumentu historikoa da.
Guernicaren eragina
Hirugarren gune hau murala zuzenean ikusi zuten edo jasotako eraginetik obrak egin zituzten artistengan muralak izan zuen garrantzian oinarritzen da; besteak beste, Asger Jorn, Jackson Pollock, Jorge Oteiza –Bogotáko Guernica parkerako 1945ean egindako plaka bat eta Gernika deitzen zen herri baketsurako estela (1937) eskultura– eta Luis Fernándezen mailako artistak, Oskar Kokoschkaz gain –Euskal umeei lagundu! (1937) gouachearekin, Gernikako bonbardaketak
kaltetutako umeentzako funtsak biltzeko egindakoarekin–. Berria denez, bereziki esanguratsua da New Yorkeko Greenwich Village auzoan 30eko hamarkadan garatutako dantza garaikidearen agertokiarengan Guernicak izan zuen eraginaren berreraikuntza, dantzan espezializatutako Barbara Morgan argazkilariak egindako askotariko irudien bitartez. Koreografo oso politizatuen (besteak beste, Anna Sokolow, Sophia Delza, Lily Mehlman eta Martha Graham) obrarengan izandako eraginetik abiatuta, koadroaren sinbologia dantzaren mugimenduaren eta keinuaren bitartez erreproduzitu zen. Hain zuzen ere, Martha Graham dantzari eta koreografo estatubatuar garrantzitsuak Deep Song (1937) egin zuen, Isamo Noguchiren eszenografiarekin eta Henry Cowellen musikarekin, Picassoren lanean modu zuzenean inspirazioa hartuta.
Irudian:
Pablo Picasso (Málaga, 1881- Mougins, Frantzia, 1973)
Mano con espada rota. Dibujo preparatorio para «Guernica», 1937
Grafito paperean. 23,9 x 45,4 cm
MNCARS, Madrid
Babeslea: