Erakusketa: 110 Urte 110 Artelan - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2018-05-09 • 2018-09-17

110 Urte 110 Artelan

BBK eta 32. Aretoak

Datorren urriaren 5ean, 110 urte beteko ditu Bilboko Arte Ederren Museoak. 1908an sortu zenetik gaur egunerako tartean, kalitate bikaineko bilduma osatzea lortu du; izaera entziklopedikoko bilduma da, eta XIII. mendetik XX. mendera bitarteko aldia hartzen du haren kronologia nagusiak. Gaur egun, 14.000 artelanetik gora biltzen ditu: 1.621 pintura, 489 eskultura, 884 pieza apaingarri, paper gaineko 11.152 lan eta, horiez gainera, 3.000 obra inguruko gordailu bat.

Museoaren bilduman, Mendebaldeko artearen historiako itzal handiko artisten izenak agertzen dira. Oinarrizko ibilbidean zehar, hurrenez hurren aurki daitezke Lucas Cranach Zaharra, Martin de Vos, Greco, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Bartolomé Esteban Murillo, Orazio Gentileschi, Francisco de Goya, Joaquín Sorolla, Mary Cassatt, Paul Gauguin, Ignacio Zuloaga, Francis Bacon, Eduardo Chillida, Antoni Tàpies eta Miquel Barceló artisten lanak, beste askoren artean. Gainera, museoak euskal artisten 4.000 obratik gorako sorta du, euskal artisten bildumarik zabalena, Adolfo Guiard, Darío de Regoyos edo Aurelio Arteta pintoreen, Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida eskultoreen nahiz euskal eskultura berriaren azken emaitzen aleek osatua.

Museoa herritar talde baten ekimenez sortu zen, honako xede honekin: burdinaren industriaren eta ontziolen jardueraren bidez lortutako oparotasun ekonomikoari gizarteko talde guztiak onuradun izango zituen kultura susperraldi bat atxikitzea.

Herritar haien ahaleginen emaitza dira, beraz, museoa eta bilduma, hezkuntza helburu hura betetzeko tresna ezin aproposagoak zirela iritzi baitzioten. Sorreran, ekimena aurrera ateratzeko funtsezkoa izan zen Laureano de Jado edo Antonio Plasencia bildumagileen laguntza, artelanak dohaintzan eman, laga edo gordailutu zituzten beste zenbait kiderenaz gainera.

Herri ekimen hari berehala babesa eman zioten zenbait erakundek. Garai hartan Hiribilduko Udala eta Probintzia Diputazioa zeritzenek egitasmoarekin bat egin, eta, partikularrekin batera, museo berrirako artelanak ematen eta eskuratzen hasi ziren (erakunde sortzaile haiei Eusko Jaurlaritza gehitu zitzaien 1991n). Baina, horiek ez ezik, proiektuari atxikimendua eman zion bertako komunitate artistiko zabalak ere, zeinak osatzen baitzuen, urte haietan, penintsulako talderik aktiboena, Europako abangoardiaren guneekin loturik. Durrio, Zuloaga, Losada nahiz Arteta tartean zirela, museoa sortzeko eta garatzeko berebiziko ekarpena egin zuten artistek, eta, horri esker, hasiera-hasieratik eta bere historia guztian zehar izan du izaera garaikidea.

 

110 Urte 110 Artelan

Erakusketa museoko BBK aretotik abiatzen da, eta 32. aretoan –goiko solairuan– du jarraipena; ibilbide horretan, 110 obra ikus daitezke –pinturak, eskulturak eta bideosorkuntza bat–, ordena kronologikoan. Obrak hautatzeko garaian, bildumaren interesgune nagusiak, antzinako maisuak, maisu modernoak eta maisu garaikideak erakusteko helburuari jarraitu zaio. Erakusketarekin batera argitaratutako katalogoko testuan museoaren zuzendari Miguel Zugazak dioen moduan, "Kalitatearen irizpideari erantzuten dio hautaketak, jakina, baina baita irizpide historiko eta geografikoei jarraituz ikusmiraren deskribapen ahalik eta osatuena egiteko asmoari ere".

Ibilbidearen hasieran, XIII. mendeko erromaniko katalaneko adibide adierazgarriak topatuko ditugu; hala nola, Kristo gurutziltzatuaren Maiestatea egur polikromatuzko tailua eta Noeren kutxa eta Jaitsiera irudikatzen dituzten bi oholak. Ondoren datoz, XV. mendean sartuta, nazioarteko gotikoaren oihartzunak, Pietateko Maisuaren zeritzonaren eta Pere Nicolauren eskutik. Orobat daude ordezkatuta hispaniar-flandestar gotikoko maisu originalenak: Bartolomé Bermejo, San Nikolaseko Maisua eta Diego de la Cruz.

Jarraian, XVI. eta XVII. mendeko errenazimentua eta manierismoa aurkezten dira, Jan Mandijn, Ambrosius Benson, Martin de Vos, Hans Vredeman de Vries, Jan Gossart, Antonio Moro eta Frans Pourbus Gaztea flandestarren eta Luis de Morales, Alonso Sánchez Coello eta Juan Pantoja de la Cruz hispaniarren obrekin. Eta, amaitzeko, Lucas Cranach Zaharrak Alemaniako Errenazimentuko pinturaren ikuspegia osatzen du, eta Greco bikainaren berri ematen dute haren bi pinturak.

XVII. mendean, Espainiako Barrokoko goren mailako egileak nabarmentzen dira: Francisco de Herrera Zaharra, Pedro Orrente, Juan Ribalta, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Bartolomé Esteban Murillo, Juan de Arellano eta Claudio Coello. Horiekin batera, Europako Barrokoko pinturaren ereduak ere badira, Orazio Gentileschi eta Domenico Piola italiarrenak eta Anton van Dyck flandestarrarena hain zuzen. Bestalde, Aro Modernoko pinturako genero berriei tartea egin zaie –paisaiari edo generoko pinturari, esaterako–, Jacob Isaacksz van Ruisdael eta Pieter Fransz de Grebber holandarren lanak erakusteko.

XVIII. mendean, Espainiako eskolaren estilo naturalistaren sendotasunaren lekukotza ematen dute Luis Meléndez eta Francisco de Goyaren obrek. Goyaren bi lan aukeratu dira, artistaren bi lagunen erretratuak: Martín Zapaterrena eta Leandro Fernández de Moratín poetarena. Lehena joera neoklasikoko obra da, eta bigarrena, berriz, haren amaierako estiloaren erakusgarria, mende berriarekiko zubia egiten duena. Frantziako rokokoarekiko espainiar zaletasunaren erakusgarri dira Luis Paret y Alcázar eta haren Bermeoko bista zoragarria, Museoaren Lagunen ekarpenei esker berriki eskuratua.

Goyaren lanez gainera, XIX. mendeko Espainiako erretratugintzako beste ale ikusgarri batzuk jarri dira ikusgai, generoko bi espezialista nagusiek landuak: Vicente López eta Federico de Madrazo.

Erakusketa ibilbidearen gune honetan, bildumako gune berezietako bat txertatu da: euskal artistena. Une hartan, XIX. mendean eta XX. mendearen lehen hamarkadetan, talde indartsua sortu zen Bilbon, Eduardo Zamacois, Anselmo Guinea edo Juan de Barroeta aitzindari zirela, besteak beste. Mendeak aurrera egin ahala, Frantziako pinturako berrikuntzen eragina agerian gelditu zen, batez ere, fauvismoarena, Francisco Iturrinoren obran, eta inpresionismoarena, Adolfo Guiard, Darío de Regoyos eta Mary Cassatt nazioarteko kontrapuntuarenean. Bestalde, errealismoa ezin hobeto ordezkatuta dago, Joaquín Sorollaren konstunbrismoaren bidez.

98ko Belaunaldiak arrasto sakona utzi zuen, egile hauen pinturak erakusten duenez: Ignacio Zuloaga, Hermen Anglada-Camarasa, Gustavo de Maeztu, Zubiaurre eta Arrúe anaiak, Juan de Echevarría eta Julián de Tellaeche. Eta, aldi berean, gizarte eta ekonomia aldaketetatik eratorritako gai berriekiko kezka adierazten hasi ziren hainbat egile, hala nola Isidre Nonell, José Gutiérrez Solana, Aurelio Arteta, Joaquín Torres García, Daniel Vázquez Díaz edo Agustín Ibarrola.

Erakusketak 3. aretoan du jarraipena. Bildumako egile aipagarrienetako bat topatuko dugu han, Paul Gauguin, zeina sartu baitzen bilduman oso goiz; baita Paul Sérusier ere, XX. mendearen hasieran Bilboko artean nagusitu zen bizitasunaren lekuko aparta. Une horretatik aurrera, askotariko proposamenak zabaldu zituzten XX. mendeko abangoardiek. Lehenik, kubismoa, futurismoa edo surrealismoa, Jean Metzinger, Robert Delaunay, María Blanchard, Antonio de Guezala, Óscar Domínguez eta Nicolás de Lekuonaren eskutik. Eta, ondoren, abstrakzioa eta figurazio garaikidearen molde berriak, pintore eta eskultore belaunaldi berri bati esker: Francis Bacon, Antoni Tàpies, Pablo Palazuelo, Antonio Saura, Karel Appel, Julio González, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Rafael Balerdi edo Eduardo Arroyo.

110 artelaneko sorta osatzeko, Ángel Bados, Miquel Barceló eta Sergio Pregoren lanak aukeratu dira; belaunaldi eta diziplina desberdinetako hiru artista, gaur egungo artearen esparruan lanean dihardutelarik gure garaikidetasunean bete-betean murgilduko gaituztenak.

 

Irudian:
Adolfo Guiard (Bilbao, 1860 - Bilbao, 1903)
Krabelin gorridun baserritar gaztea, 1903
1903, 73 x 60 cm

 

Babeslea: