Berriak
31-01-13
Doako sarrera eta tarifa murriztu berriak
Artera gerturatzeko helburua errazteko asmoz, Bilboko Arte Ederren Museoak hobaridun tarifa berriak jarri ditu abian, gazte eta langabeentzat.
Museoak tarifa berriak finkatu ditu, gazteak artera gerturatu ahal izan daitezen. Hala, datozen egunotan, tarifa murriztu berria aplikatuko zaie (4,50 euro) 25 urtetik beherakoei; modu horretan, euren adina ziurtatzen duen edozein egiaztagiri ofizial erakutsiz, asteko egun guztietan gozatu ahal izango dute hobariaz. Tarifa murriztu horretaz gain, 25 urtetik beherakoek doako sarrera izango dute igandeetan, 14:00etatik 20:00etara.
Beste alde batetik, langabezian dauden pertsonentzako doako sarrera ere finkatu da; horretarako, egiaztagiri ofiziala aurkeztu beharko da.
Hobari berri horiek bat egiten dute ohiko Museoaren Egunarekin (urteko asteazken guztietan); hain zuzen ere, egun horretan, sarrera doakoa da jende guztiarentzat.