Berriak
05-07-18
Darío urzayren obra baten zaharberritzea
Behatzailearen sabela (Arreta-atalasea) (Afterimages), 2001
Museoak bere bildumako artelanak kontserbatzeko eta zaharberritzeko zenbait tratamendu egiten ditu urtean, Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren Patronatuko kide den Iberdrolaren babesari esker. Programa horri jarduera berezi bat gehitu zaio aurten, arte garaikideko bildumako obra berezi eta sofistikatuenetako bati loturikoa. Behatzailearen sabela (Arreta-atalasea) (Afterimages) da aipatutakoa, hain zuzen, euskal arte garaikideari buruzko Gaur, Hemen, Orain erakusketaren karietara museoak berak 2001ean Darío Urzayri (Bilbo, 1958) egindako enkargu baten emaitza.
Jatorrizko obra museoko gune jakin baterako proiektatu zuen Urzayk eraikin modernoko korridorea, Arriagaren Monumentuaren Plazara ematen duen beirateak mugatua, eta elkarri loturiko bi ataletan egituratu zuen; egituratze horretan, garrantzizkoena ez da pieza bakoitza modu independentean harturik, koadro txikien (Arreta-atalasea) “ama sorkuntzatik” abiatutako multzoaren batasuna baizik.
Arreta-atalasearen bost koadro txikiak (150 x 122 cm) hartu zituen egileak koadro handiak lantzeko oinarri. Koadro txikiak olioz, erretxinaz eta argazki paperez eginda daude, egur gainean, eta haien irudi negatiboak dira. Koadro handiak (280 x 235 cm) egiteko, txikiei argazkia atera, irudiak digitalizatu eta burdinazko euskarrietan muntatutako beirazko bi laminaren artean ahokatutako material zeharrargian inprimatu ziren Afterimages.
Hala, obrak artistaren interes nagusiak laburbiltzen ditu, besteak beste, teknika eta baliabide artistikoen hibridazioa (pintura, argazkia edo sorkuntza digitala); arlo abstraktuaren eta hark errealitatearekin duen baliokidetasunaren arteko konbinazioa, egitura biologikoetatik abiatutako irudi handituen bidez; piezak behatzailearen begiradan osatzen duen behaketa bikoitzaren probokazioa; edo gorria eta horren kontrakoa, berdea bizitzaren metafora gisa erabiltzea.
Pieza hamabost urtetik gora egon da erakusgai, eta, ondorioz, aldaketa esanguratsuak zituen. Hala, hari buruzko azterlan xehea egin da, Urzayk berak esku hartuta, eta muntaia museografiko berri bat eratu da: piezak berrargitaratu dira, mugatu egin da haien kopurua zortzi piezara, hain zuzen, eta atzetik argitutako argi kutxetan antolatu dira lau pintura handiak, horma muntaia batean.
Artistaren aburuz, aurkezpen berriak piezen bestelako “egoteko modu” bat eskaintzen du, eta behatzailearekiko bestelako harreman bat, baina obra berbera da. Sintesi obra bat da, artistaren “pintura negatiboak” saileko onena, akaso, eta esku-hartzearen xede izan diren irudien intentsitate kromatikoa eta adierazkortasun-energia berreskuraturik ageri da orain.
Esku-hartzea
Esku-hartze honetan, Arreta-atalasearekin batera obra osatzen duen Afterimageseko lau elementu berrekoitzi dira. Murriztu egin da atal bakoitzeko elementuen kopurua, bostetik laura. Prozesu hori Darío Urzayrekin eta Estudios Durero etxearekin lankidetzan gauzatu da. Jatorrizko irudiak abiapuntu hartuta, UV inprimatze bat egin da berariazko oihal batean (Artist Backlight Senfa), inprimatze kalitate gorenean. Lau oihaletako bakoitza irudiak atzetik argitzeko led argiztapenaz hornituriko aluminiozko panel batean jarri da. Horrela, artistak bilatutako zeharrargitasunaren efektua lortzen da, argiaren transmisioaren bidez.
Topaketa Darío Urzayrekin
Darío Urzayrekin aretoan egingo den topaketan, obraren sorkuntza-gakoen berri emango du artistak, eta María José Ruiz-Ozaita museoko Zaharberritze Saileko buruarekin solasean jardungo du obra berregiteko prozesuari buruz.
Doako jarduera, Museoaren Lagunentzat soilik antolatua
Osteguna, uztailaren 19a, 11:30ean, 32. aretoan
Informazioa: 94 439 60 60 tel. zk.
PLAZAK AGORTUTAK
Iberdrola, gizartearekin konprometituta
Iberdrolak konpromiso sendoa izan du, sorreratik bertatik, jarduera-esparrutzat dituen komunitateen energia, kultura eta gizarte-garapenarekin. Ildo horretatik, konpromiso horretan sakontzeko egindako aurrerapausoa da Fundación Iberdrola España fundazioa, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten ekimenak sustatzen dituen heinean.
Fundazioak prestakuntza eta ikerketa arloak lantzen ditu, batik bat, honako esparru hauetan: energia, gazteentzako beka programen eta laguntzen bidez; biodibertsitatea, ingurumena babesteko proiektuen bidez; kultura garapena, aberastasun kultural eta artistikoak zaintzeari eta mantentzeari begira; eta nazioarteko lankidetza, sektore ahulenekin, bereziki haurrei eta gazteei begirako gizarteratze eta laneratze ekimenen bidez.
Iberdrolaren eta museoaren arteko lankidetzak hiru jarduera-ildo nagusi hauek ditu:
• Kontserbazio eta Zaharberritze programa, zeinaren bidez finantzatzen baita museoaren bilduma iraunkorreko artelanen sorta baten tratamendua urtero. • Iberdrola-Museoa beka, artelanen kontserbazioaren eta zaharberritzearen arloko prestakuntza eta ikerketa sustatzeko xedea duena.
• Museoaren bilduma ezgaitasun bisual edo kognitiboagatik premia bereziak dituzten edo gizarteratze programetan ari diren publiko bereziei erakusteko bereziki diseinatutako jarduera didaktikoak.
Azkenik, gaur aurkeztuko den Darío Urzayren obrari dagokionez, aipatzekoa da Iberdrolaren arte-bildumak artista horren bi obra dituela, Gaueko igarobidea 1 eta Gaueko igarobidea 2, Iberdrola Dorreko atarian.