Berriak
04-07-17
Bilboko Arte Ederren Museoak Thomas Schütteren (1954) “Stahlfrau Nr. 16 (Altzairuzko Emakumea, 16. Zenb.)” -2004- obra jarriko du ikusgai bihartik aurrera
Alicia Koplowitz - Grupo Omega Capital Bilduma erakusketako 90 piezetako bat da, eta Bilboko Arte Ederren Museoak lehen aldiz jarriko du ikusgai espainiar Estatuan, uztailaren 28tik aurrera, Petronorren babesarekin. Museoak Stahlfrau Nr. 16 (Altzairuzko emakumea, 16. zenb.) –2004– aurkezten du. Bildumako bigarren obra hori bihartik aurrera egongo da ikusgai, Chillida Hallean.
Bilboko Arte Ederren Museoak Thomas Schütte (1954) artistaren Stahlfrau Nr.16 (Altzairuzko emakumea, 16. zenb.) –2004– obra instalatzeko lanak egin ditu gaur, eta bihartik (uztailak 5) aurrera bisitatu ahal izango da, museoko Chillida Hallean. Alicia Koplowitz – Grupo Omega Capital Bilduma erakusketatik aurkeztu den bigarren obra da; izan ere, maiatzean, Anselm Kieferren (1945) Le Dormeur du Val (2014) aurkeztu zen. Biak ala biak uztailaren 28tik aurrera ikusi ahal izango den 90 piezako erakusketaren parte dira.
Thomas Schütte (1954) artista aleman garaikidea bere belaunaldiko aintzatetsienetakoa da. Aniztasun handiko obra egiten du: margolanak, eskultura, arkitektura, instalazioak eta diseinua, hain zuzen ere. Stahlfrau Nr. 16 (Altzairuzko emakumea, 16. zenb.) –2004– "Frauen" (Emakumeak) seriearen parte da. Altzairuz, brontzez eta aluminioz egindako 18 eskulturako multzo hori 1998. eta 2006. urteen artean sortu zuen egileak, eta, bertan, hainbat jarreratan etzandako emakumeak agertzen dira, altzairuzko mahaien gainean. Figuretako batzuek emakumezkoen biluzi klasikoak gogorarazten dizkigute, eta beste batzuk monumentalak dira, gorputz-atalak moztuta edo distortsionatuta dituzte, eta, hain daude modu boteretsuan bihurrituta, ezen ia ez baitzaie forma femeninoa sumatzen. Stahlfrau Nr. 16 (Altzairuzko emakumea, 16. zenb.) –2004– obran gertatzen den bezala, eskultura guztiak giza gorputzaren irudikapenak dira, hainbat egoera fisiko eta emozionaletan, denak ere eskala aztoragarrian.
Alicia Koplowitz- Grupo Omega Capital Bilduma
Azken hamarkadetan, Alicia Koplowitzek Europako bilduma artistikorik esanguratsuenetakoa osatu du. Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketa punta-puntako gertakari artistikoa da; izan ere, lehen aldiz, bildumako obren aukeraketa zabala aurkezten du gure publikoaren aurrean, artearen historiako maisuen zerrenda apartarekin. Guztira, 90 pieza dira: margolanak eta marrazkiak –XVI. mendetik XXI. mendera bitartekoak–, eta eskulturak –Antzinaro klasikotik hasi, eta gaur egunera arte–.
XVI. eta XVII. mendeetako eskola espainiarreko maisuen artean, Pantoja de la Cruz, Morales, Zurbarán eta Arellano nabarmentzen dira. XVIII. mendean, protagonista nagusia Goyaren talentua da, bai eta haren garaikide ziren Esteve edota Paret ere. Mende horretan bertan, presente daude eskola italiarrak –Guardi, Canaletto eta Tiepolotarrak, besteak beste– eta frantziarra –Hubert Robert–. Espainiako XIX. mendeari dagokionez, Raimundo de Madrazoren lana jarriko da ikusgai. Posinpresionismo frantsesa oso goi-mailan dago ordezkatuta, Van Gogh, Gauguin eta Toulouse-Lautrecen obrekin.
XX. mendean sartuta, Picasso, Juan Gris, Antonio López, Millares eta Barcelóren margolanak nabarmentzen dira, arte espainiarrari dagokionez; eta Mondrian, Modigliani, Schiele, Van Dongen, Willem de Kooning, Mark Rothko, Cy Twombly, Lucian Freud, Lucio Fontana edota Anselm Kieferrenak, nazioarteko testuinguruari dagokionez. Atal garaikidea osatzeko, Gargallo, Julio González, Oteiza, Chillida, Calder, David Smith, Giacometti, Fausto Melotti, Louise Bourgeois edota Donald Judden eskulturak egongo dira ikusgai.