Berriak
26-04-17

Bilboko Arte Ederren Museoak eta BBVA Fundazioak bideoarteko eta sorkuntza digitaleko programa sortu dute
Programari hasiera emateko, Different Trains obra egongo da ikusgai. Beatriz Caravaggioren lana da, Steve Reichen musikan oinarrituta
Bilboko Arte Ederren Museoak eta BBVA Fundazioak berritu egin dute lankidetza-hitzarmena, eta, horren harira, Bideoarteko eta Sorkuntza Digitaleko Programa sortu dute. Programari hasiera emateko, Beatriz Caravaggio artistaren Different Trains obra egongo da ikusgai, Steve Reich konpositorearen izen bereko musika-piezan oinarrituta.
Bi erakundeen arteko lankidetza 2002. urtean hasi zen. BBVA Fundazioak museoarekin duen konpromisoa (Patronatuko kide ere bada) kultura babesteko ildoaren barruan dago sartuta; hain zuzen ere, fundazioa zenbait erakunderekin konprometitu da, gure garaiko adierazpen artistikorik berritzaileenak eta bereizgarrienak sortzen eta zabaltzen laguntzeko asmoz.
Azken urteotan, BBVA Fundazioak bideoartearen eta sorkuntza digitalaren sustapena eta zabalkundea sartu du bere ardatzen artean; izan ere, formatu horrek mugitzen den irudiarenak, alegia erabat garaikidea den sorkuntza-ildo berria ireki du. Alabaina, bideoarteak sentsibilitate kolektiboari egindako ekarpenak ez du behar bezalako babesik eta aitortzarik jaso, eta BBVA Fundazioak hutsune hori bete nahi du. Horretarako, Multibertso Beken deialdi irekia egiten du urtero, bai eta enkargu bereziak ere, tartean Beatriz Caravaggiori egindakoa.
Different Trains apirilaren 26tik irailaren 25era bitartean egongo da ikusgai Arte Ederren Museoko 33. aretoan. Steve Reich konpositorea, 2013an BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak Saria jasotakoa Musika Garaikidearen alorrean, honela mintzatu izan da obra honi buruz:
“ Garai honetan, jende askok osagarri bisuala eskatzen duenez musikarentzat kontzertuetan ere bai, pertsona batzuek bideoak sortu izan dituzte Different Trains izeneko nire piezarako. Zintzoa izateko, ez ditut horietako gehienak ikusi, eta ikusi ditudanek desbideratu egin naute musikaren entzunalditik. Salbuespen bakarra Beatriz Caravaggioren bideo multikanal bikaina da: bere horretan ikustea merezi du, eta, aldi berean, sendotu egiten du Different Trains piezaren entzunaldia. Beatrizek artxiboko irudiak erabili ditu, eta, multipantaila erabiliz eta muntaia bikainaren bitartez, obra gogoetatsu eta liluragarria sortu du. Primeran, Beatriz! ”