Bilboko Arte Ederren Museoak bat egingo du BookCrossing-arekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

19-04-12

Apirilaren 23an ospatzen den Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta, ostiral honetan, 71 arte-zentro eta museo BookCrossingeko esperientzia batean elkartuko dira. Bertan, 5.000 liburu baino gehiago askatuko dira. Espainiako 64 museok eta mundu mailako 7k hartuko dute parte; horien artean, Euskadiko zenbait museo egongo dira; adibidez, Gasteizko Artium, Donostiako San Telmo Museoa edo Bilboko Arte Ederren Museoa.

Laugarren urtez jarraian egingo den ekimen honi esker, 5.000 liburu baino gehiago jarriko dira zirkulazioan, topatzen dituztenek irakurketaz goza dezaten eta munduko beste lekuren batean askatu ditzaten berriro. Liburu guztiak behar bezala etiketatuta daude, irakurleek kanpainan nola parte har dezaketen jakiteko beharrezkoak diren argibideak dituzte eta www.bookcrossing-spain.com webgunean erregistratuta daude. Bertan, irakurleek liburu bakoitza non askatuko duten esan dezakete. Ekimenaren helburua da museoetako liburutegiak irakurketa sustatzeko ahaleginean eta ezagutzaren zabalkundean murgilaraztea.

2001ean mundu mailan agertu zenetik, BookCrossingak liburu-klub global gisa definitzen du bere burua, eta hiru arau ditu: irakurri, erregistratu eta askatu. Liburuak leku publikoetan askatzen dira, eta www.bookcrossing–spain.com webgunearen bitartez, egin duten ibilbidea ezagutu daiteke. Aurreko esperientzietan, elkarrengandik oso urrun dauden hirietan askatutako liburuak aurkitu izan dira; adibidez, Paris, New York, Erroma edo Kairon askatutakoak. BookCrossingak aukera ematen du liburuak dohainik konpartitzeko, liburu horien pista jarraitzeko, eta nork eta non irakurri duen jakiteko. Edonork har dezake parte, liburuak jasoz eta bere jabetzako beste liburu batzuk zirkulazioan jarriz.

Askatutako liburu guztiak BookCrossingaren nazioarteko sinboloarekin daude etiketatuta, eta identifikatzen dituen testu bat ere badute. Gainera, www.bookcrossing-spain.com webgunearen bitartez parte hartzeko argibideak ere izaten dituzte, bai eta pegatina bat ere, irakurleak bere izena eta liburua aurkitu zuen lekua adieraz ditzan.

Apirilaren 20an, liburuak maite dituen edonork kate honetan parte hartu ahal izango du, mundu osoan liburuak konpartitzeko eta irakurtzeko asmoz.