Berriak
30-03-22
Bilboko Arte Ederren Museoak argitara eman du Norman Foster eta Luis María Uriarteren “Agravitas” proiektua handitzeko obraren lizitazioa
- Proiektuaren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 29,5 milioi eurokoa da, eta, aurreikuspenen arabera, 22 hilabete iraungo du.
- Proiektuaren aurrekontu osoan, % 9,5eko igoera aurreikusi da, dauden eraikinak suteen aurka babesteko eta ebakuatzeko arau berrietara egokitzeko, eta, orobat, egungo egoeraren ondorioz, ziurrena hornidura-prezioak igo egingo direlako.
- Proiektuak bermatzen du obrak egiten diren bitartean museoa partzialki irekiko dela.
Bilboko Arte Ederren Museoa, 2022ko martxoaren 30a.– Bilboko Arte Ederren Museoak gaur argitaratu du, Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataforman, bere instalazioak handitzeko obra gauzatzeko lizitazioa, Norman Foster eta Luis María Uriarte arkitektoek sinatutako eta Foster + Partners Ltd + LM Uriarte Arkitektura S.L.P. aldi baterako enpresa-elkarteak aurkeztutako “Agravitas” proiektuaren arabera. Bilboko Arte Ederren Museoak 2019ko otsailaren 11n deitutako Handitze eta Zaharberritze Proiektuen Lehiaketa irabazi zuen “Agravitas” proiektuak, eta lehiaketa horren epaia urte horretako uztailaren 23an jakinarazi zen jendaurrean.
Eraikin zaharra egokitzeko lanak egin ondoren –2021eko irailean hasi ziren, eta apirilean amaitzea aurreikusten da–, gaur, asteazkena, 2022ko martxoaren 30ean, lizitatuko da obraren fase nagusia. Eskaintzak aurkezteko epea –50 egun natural, kontratatzailearen profilean argitaratzen denetik aurrera– 2022ko maiatzaren 19an amaituko da.
Proiektua bat dator Bilboko Udaleko Babes Zibileko zerbitzuen eskakizunekin, jatorrizko arkitektura suteetatik babesteko eta ebakuatzeko egungo araura egokitzeko. Besteak beste, agindu horiek betetzeko, 1945eko eta 1970eko eraikinen egituraren zatirik handiena ignifugatuko da.
Bestalde, Museoaren Batzorde Betearazleak bere gain hartu du proiektuaren aholkularitza den Krean ingeniaritzak aurkeztutako irizpidea, zeinak gomendatzen baitu aurrekontuan ehuneko gehigarri bat sartzea, eraikuntza-sektorearen egungo egoerak ekarritako prezioen gorakadaren ondorioz. Hori guztia dela-eta, lizitazioaren guztizko aurrekontua % 9,5 handituko da, hasieran aurreikusitakoaren gainetik, eta, beraz, Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta zaharberritzeko lanen behin betiko lizitazio-aurrekontua 29,5 milioi eurokoa izango da.
Jakinarazi den bezala, 2021eko abenduaren 17an Kutxabankekin sinatutako maileguaren bidez finantzatuko da proiektua. Mailegu horrek Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren bermea du. Babes Zibilaren arloko egokitzapenaren eta kontingentzien aurreikuspenaren ondorioz duela gutxi onartutako 3,6 milioi euroko aurrekontu-eguneratzea hiru instituzioek erdibana onartutako ezohiko dirulaguntza baten bidez finantzatuko da.
Obrak 22 hilabeteko iraupena izango du, zuinketa-aktarekin hasten denetik. Aurreikusitako egutegiaren arabera, uztailetik aurrera eraikin modernoa jendearentzat itxiko da, eta erakusketa-jarduera eraikin zaharrera eramango da, instalazioak egokitzeko lanak egin ondoren, obrak egiteko eperik luzeenean museoa partzialki irekita izateko asmoz.
Handitze-proiektuaren helburuak
Proiektuaren helburu nagusiei dagokienez, batetik, museoari espazio gehiago eman nahi zaio jarduera garatzeko, bai publikoa bai barnekoa, eta, bestetik, irisgarritasuna hobetu nahi da, dauden arkitekturen eta bertako ingurune naturalaren balioa errespetatuz eta indartuz. Museoaren hedapen fisikoa adierazgarria da: 6.743 m2 berri eraikiko dira (% 60 baino gehiago) eta lehendik zeuden 8.000 m2-ak birmoldatuko dira. Aldi berean, instalazioen jasangarritasuna sustatuko da eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko, eta museoari protagonismo berria emango zaio hiriaren arkitekturan.
Bildumarako eta aldi baterako erakusketetarako espazioa handitzea izango da proiektuaren lorpenik handienetako bat. Bildumak 1.635 m2 gehiago izango ditu (egungo espazioak baino % 45 gehiago). Aldi baterako erakusketek, bestalde, BBK-Museoa espazio berria izango dute, handitze-lanetako solairurik altuenean kokatuta. Terraza berriaren ondoko espazio hori 2.200 m2-koa izango da, eta gaur egungo erakusketa-azalera bikoiztuko du.
Beste helburu garrantzitsu bat jarduera publikoetarako espazioari dagokio, % 81 handituko baita. Arriagaren Monumentuko plaza estaliak 1.000 m2 baino gehiago izango ditu, eta hori izango da bisitariak hartzeko eta artatzeko irabazitako gune nagusia. Museoko edozein sarreraren bidez sarbide librekoa den ardatz publiko handi horrek aukera emango du eraikin zaharreko atea irekitzeko, eta fatxada neoklasikoari jatorrizko funtzionaltasuna itzultzeko. Era berean, Arriaga espaziotik zuzenean sartu ahal izango da Arteder dokumentazio- eta ikerketa-zentro berrira. Zentro horrek 500 m2 baino gehiago izango ditu eraikin zaharraren sotoan.
Irabazitako gainerako azalera bulego, zirkulazio, zerbitzu eta instalazioetan banatuko da.