Berriak
03-04-12
Bilboko Arte Ederren Museoa Googleko Art Project-en
Museoaren bildumako 144 lan bereizmen handian digitalizatu eta Art Project entziklopedia bisual handira gehitu dira.
2011ko otsailean, Googlek Art Projecten lehen fasea abiarazi zuen; ekimen horren asmoa artea zabaltzea da, tresna digital berrien bitartez. Une horretan, mundu osoko 17 museo batu ziren, besteak beste, New Yorkeko Metropolitan, Londresko National Gallery, Amsterdameko Van Gogh Museoa, Thyssen-Bornemisza Museoa eta Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionala. Guztira, bereizmen handian digitalizatutako 1.061 artelan gehitu ziren. 12 milioi erabiltzailek baino gehiagok bisitatu zuten Art Projecten webgunea lehenengo hiru hilabeteetan.
Art Projecten bitartez, erabiltzaileek beraien galeria osatu eta edukia esplora dezakete, artistaren izen, artelanaren izen, arte mota, museo, herrialde, bilduma eta garaiaren arabera. Artelanak bereizmen handian digitalizatu dira, eta xehetasun-maila hain da aparta, non pintzelkada bakoitzean bista hutsez atzeman ezin daitezkeen elementu txikiak aurkitu daitezkeen. Horrez gain, Art Project plataformak hainbat tresna eskaintzen ditu artelanen ezagutzan sakontzeko eta horiek erabiltzaileekin partekatzeko.
Orain, bigarren fasea abiarazi du Googlek: 40 herrialdetako 151 museo gehitu dira, eta 30.000 artelan baino gehiago digitalizatu dituzte bereizmen handian. Aukeratu dituzten Espainiako museoak honakoak dira: Bilboko Arte Ederren Museoa, Museu Nacional d’Art de Catalunya, Arte Modernoaren Valentziako Institutua, Santander Fundazioa eta Salamancako Art Nouveau y Art Déco Casa Lis Museoa.
Bilboko Arte Ederren Museoak bildumako 144 irudi gehitu ditu: museoko maisulanak, erromanikotik gaur egunera arte, kartelen hautaketa bat eta ekialdeko artelanak. Bertan daude Espainiako eskolako pinturaren maisuak (Greco, Ribera, Murillo, Zurbarán eta Goya), pintura flamenko eta holandarrekoak (Gossart, Benson, Coecke, Mandijn, Vredeman de Vries, De Vos, Jordaens, Van Dyck, Grebber eta Ruisdael) eta euskal artisten hautaketa handi bat.
Museoko zuzendari Javier Viarren ustez: “Art Project Googleko tresna baliotsua da, gure museoek gordetzen duten ondare artistikoa zabaltzeko. Gainera, teknologia berriak ezagutzen dituen publiko gaztearen parte-hartzea sustatzen du. Bilboko Arte Ederren Museoa gogo handiz gehitu da arte eta kulturarako sarbide unibertsala bultzatzen duen museo birtual honen aukera handietara”.