Berriak
19-06-24
BBVAk Arte Ederren Bilboko Museoari laga dio Eduardo Chillidaren Burdinaren gorazarrea III, ikusgai jar dezan
BBVAk, artearekin eta Euskadirekin duen konpromisoaren ildotik, hitzarmen bat egin du Arte Ederren Bilboko Museoarekin, Eduardo Chillidaren Burdinaren gorazarrea III eskultura komodatu eran lagatzeko eta, hala, Chillida plazan –Bilboko museoaren hegoaldeko fatxadan– epe luzerako ikusgai jartzeko. Eskultura oraindik ere Chillida Lekun geratuko da, Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko obren lehen fasea amaitu arte. Era berean, Museoaren barrualdean –atari berrian–, Chillidak 1973 eta 1974 artean gauzatu eta 1982an museoari dohaintzan eman zion Topa-lekua IV eskultura zintzilikatuko da.
Burdinaren gorazarrea III 1990ean enkargatu zuten bankuaren egoitza nagusirako, eta, 1997an inauguratu zutenetik, Bilboko Kale Nagusiaren hasierako zatian jarri zuten. Garaieraz 4 metrokoa da eta 18 tonako pisua du. Aipatutako kokagune horretan egon zen bi hamarkadatik gora, eta, hala, hiriaren sinbolo bihurtu zen.
2018an, bankuaren titulartasun- eta funtzio-aldaketagatik eraikinean egindako obrak zirela-eta, komenigarri iritzi zitzaion eskultura ingurune museografiko egoki batera eramateari, kontserbazio-arrazoiak zirela medio. Orduan, BBVAk obra Chillida Lekun uztea erabaki zuen. Une horretatik aurrera, Zabalagako zelaian egon zen ikusgai, Bilbora itzultzeko toki egoki baten zain.
Egileak bere jaioterriarekiko eta naturarekiko zuen errotze-sentimendu handiak eragina izan zuen erabilitako materialean. Burdinan, Chillidak argi aldakorra aurkitu zuen, zeinak, oxidazioaren bidez, gama kromatiko handiagoa ematen dion. Material horren gorazarreak zuzenean Bilbori egiten dio erreferentzia, XIX. mendeko industria siderurgikoaren erdigunea baitzen, eta artistak haren historia miresten baitzuen.
BBVAren presidente Carlos Torres Vilak adierazi duenez, “Eduardo Chillidaren eskultura BBVAren eta Bilboren historiaren parte da; hiri horrekiko errotze eta konpromiso handia dugu, eta horregatik pozten nau bereziki eskultura hara itzultzeak, bilbotar guztiek harekin gozatzeko aukera izan dezaten”. “Guztiok Eduardo Chillida miresten dugulako bildu gara gaur hemen, hain justu, haren jaiotzaren mendeurrena betetzen den urtean, eta ekitaldi honekin omenaldia egin nahi diogu guk ere”, gehitu du.
Eduardo Chillidaren seme eta Chillida Fundazioaren presidente Luis Chillidaren hitzetan, aurten Donostiako eskultorearen jaiotzaren mendeurrena izatea “aukera paregabea da aitak Bilbori omenaldia egiteko zuen nahia betetzeko, hau da, aitaren obran bezalaxe, burdinaren energia sumatzen den hiri bati”.
Horri buruz, Juan Mari Aburtok zera adierazi du: “Bilbok berriz ere jasoko du, poz handiz, eskultura hau, zeinak artearen unibertsaltasuna eta balioak gogorarazten dizkigun, Eduardo Chillida hurbileko jenioaren obran adierazita”. Gainera, Bilboko alkate eta Museoaren Patronatuko presidente den aldetik, BBVAri eskerrak eman dizkio “erakundearen maila kulturala berritzen duen keinu honengatik, eta sortu zen hiriarekin eta euskal jakintzaren eta sorkuntzaren adierazpen guztien babesarekin duen konpromisoagatik”.
Argazkia: Alberto Cobo