Berriak
15-10-15
BBK-Museoa lankidetza-hitzarmena
Bilbon abiatuko da eskultura hiperrealistari buruzko erakusketa handi baten ibilbide europarra, BBK-k eta Bilboko Arte Ederren Museoak gaur sinatu duten lankidetza-hitzarmenari esker
Lankidetza-hitzarmenaren bidez, BBK/Museoa programa babesten jarraituko dute bi erakundeek. Hain zuzen, programa hori da erakunde pribatu batek Bilboko Arte Ederren Museoan sustatzen duen ekimen nagusiena. 2016ra begira, besteak beste, honako erakusketa hau antolatuko dute: Eskultura hiperrealista: 50 urte
Bilboko Arte Ederren Museoaren Fundazioko presidenteak, Juan Marti Aburtok, eta BBK-ko presidenteak, Xabier Sagredo, lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Horren bidez, urtebeteko jarraipena eman zaio BBK/Museoa programari. Hain zuzen, hori da erakunde pribatu batek museoan sustatzen duen ekimenik zabalena, eta, era berean, ibilbide historiko luzeena daukana. 787.500 euroko hornikuntza jasotzen du programak, urtero.
BBK aspalditik aritu da lankidetzan museoarekin, 70eko hamarkadaz geroztik (Bizkaiko Aurrezki Kutxaren bidez), eta 2001ean sinatu zuten lehenengo hitzarmena bi erakundeek. 1994an konponketa-lanak egin ondoren, erakusketa aretoetako batek BBKren izena darama; BBK, gainera, Fundazioaren Ohorezko Babeslea ere bada. Azken urtean, BBK erakundeak ospe zientifikoko erakusketa arrakastatsuak babestu ditu, hala nola, Hiperrealismoa 1967-2013 (83.191 bisitari) eta Equipo Crónica (62.921 bisitari).
2016ko lehen hilabeteetan, museoko BBK aretoak Morales Jainkotiarra erakusketa aurkeztuko du, dagoeneko iragarri dena. Morales margolaria funtsezko artista izan zen XVI. mendeko bigarren erdialdeko espainiar Errenazimentuan. Elkarlanean antolatu da erakusketa, bi erakunderekin: Prado Museo Nazionala (Madril) eta Museu Nacional d'Art de Catalunya (Bartzelona). Udan, aldiz, honako erakusketa hau jarriko da ikusgai: Eskultura hiperrealista: 50 urte. Nazioarteko 19 artistaren 30 eskultura inguru bilduko ditu, eta Bilbon egingo da estreinaldia; izan ere, Bilboko erakusketaren ondoren, Europako beste museo batzuetan ere jarriko da ikusgai erakusketa hori. 1960ko hamarkadatik aurrera, hainbat eskultore errealismorantz hurbildu ziren, giza figuraren imitazio bizi-bizia oinarri hartuta. Modelatzeko eta husteko teknika tradizionalak erabiltzen hasi ziren, eta, horien bidez, obra harrigarriak sortu zituzten: ikuslea zur eta lur geratzen da; izan ere, gorputzaren errepresentazioa benetan sinesgarria da. Tübingeneko (Alemania) Kultur Elkartrukerako Institutuak antolatu du erakusketa, eta, hain zuzen, erakunde horrekin batera antolatu zuen Museoak margo hiperrealistari buruzko erakusketa arrakastatsua, 2014an.
Ohi bezala, hitzarmenaren bidez, BBK/Museoa programak bestelako ekintza interesgarriak ere gauzatuko ditu, hala nola: tailer eta ibilbide didaktikoak, mota guztietako ikusleek artea sakonago gozatzeko eta ezagutzeko helburuarekin; BBK-Museoa ikerketa-beken programa, berriki ireki da 2016/2017ko deialdia; eta hitzaldi-zikloa, Prado Museoko Lagunen Fundazioarekin batera antolatuta. Urtarrilean abiatuko da hitzaldi-ziklo hori, eta, aurten, Pradoko Biblia izenburupean, historia sakratuak artean izan duen presentzia jorratuko da.