Berriak
10-05-17
Banco Santander Fundazioa Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren babesle gisa gehitzeko sinadura-ekitaldia
Obra Gonbidatua programa 2001ean abiarazi zen, Richard Serraren Bilbao (1982) eskulturarekin. Programak beste museo batzuek aldi baterako lagatako lan bereziak hurbilarazten dizkio publikoari; horrela, lanok beste esanahi bat hartzen dute museoan, lan bakarreko erakusketa gisa aurkezten baitira, bilduma iraunkorraren testuinguruan. Erakusketa monografiko hauen oinarrizko helburua da, kasu batzuetan, artista jakin batzuen ikuspegia aberastea, eta, beste batzuetan, museoan ikusgai ez dauden artisten lanak erakustea. Xede horrekin antolatu izan dira azken urteotan programa honen 57 edizio, eta, horietan, 66 artelan jarri dira ikusgai (orain aurkeztuko diren Grecoren bi pinturak barne). 2004an, Banco Santander Fundazioak, besteak beste, kultur mezenasgoaren bultzatzaile den aldetik, bat egin zuen ekimen honekin, babesle gisa; era horretan, egonkortasuna eman zion programari, eta urtero hainbat deialdi antolatzea ahalbidetu zuen. Gainera, hamabi alditan, Banco Santander Bildumakoak bertakoak izan dira ikusgai jarritako obrak.
Hamarkada batez baino gehiagoz programa babestu eta gero, Banco Santander Fundazioak museoarekin duen konpromisoa indartu du, Fundazioaren babesle gisa bat eginda. Museoaren gobernuko organo gorena da, eta bertan biltzen dira instituzioetako ordezkariak Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza eta beste hainbat pertsona fisiko edo juridiko; azken horiek, egiten dituzten ekarpen garrantzitsuengatik edo museoaren jardunaren inguruan duten ezagutza zabalagatik, fundazioaren helburuak lortzen lagundu dezakete.
Banco Santander Fundazioaren izenean, Patricia Arias, Banco Santanderko Euskadiko zuzendaria, sartuko da Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren Patronatuan.