Berriak
19-05-11
Balenciaga. Mugaren diseinua erakusketa finalista izendatu dute FAD sari ospetsuetan.
Duela gutxi, FAD sarien 53. edizioaren finalisten berri eman da. Sariak Arquin-FAD elkarteak (Associació interdisciplinària del Disseny de l’Espai del Foment de les Arts i del Disseny) antolatzen ditu, eta, bertan, Espainiako eta Poltugalgo proiektuek parte hartzen dute. Erakusketaren muntaia, Bilboko Arte Ederren Museoak AV62 Arquitectos estudioari enkargatua, Esku-hartze Iragankorren kategorian da finalista. Azken epaia uztailean emango da.
Epaimahaiak, Benedetta Tagliabue arkitektoa buru duela, honela baloratu du muntaia: “Mugaren zenbait estrategiak, aldi berean, erakutsitako piezak babestu eta hurbilarazten dizkie bisitariei. Argiarekin egindako lanak orainera hurbilarazten ditu jantziak, eta jantzion balio atenporalak areagotzen ditu: kromatikoak, ukipenekoak, pisukoak, distirak…”.
Balenciaga. Mugaren diseinua erakusketak Estrategias aldizkariaren –sektoreko garrantzitsuena– Saria ere jaso du, Marketin Zuzen eta Sustapen Marketinaren kategorian, Bilboko Arte Ederren Museoak Herederos de Rowan agentziari enkargatutako kanpainagatik.
Ohiko komunikabideetara ez ezik, kanpaina publiko zehatz batengana iritsi zen oso era berezian, erakusketa eta, era berean, museoa eta bere bilduma iraunkor garrantzitsua ezagutzeko gonbita eginez. Hirira iristean jasotzen den lehenengo zirraran oinarritu zen, hoteletako logeletan sartuz eta pertxatik esekitako jantzi trokelatu bat (Balenciaga, jakina) utziz; bertatik, etiketa gisa, erakusketa bisitatzeko beharrezkoak diren ohar guztiak (ordutegiak, sarrerak…) dituen bi pertsonarentzako gonbidapena dago esekita (ingelesez eta gaztelaniaz).