Berriak
06-02-13

Aurkezpena: Vicente Larrearen dohaintza
Vicente Larrea eskultoreak zazpi artelan eman dizkio dohaintzan Bilboko Arte Ederren Museoari
Duela gutxi, Vicente Larrea (Bilbao, 1934) eskultoreak zazpi eskultura eman dizkio dohaintzan museoari: sei brontzezkoak eta bat altzairu herdoilgaitzezkoa, denak ere 1967 eta 2002. urteen artean egindakoak. Denak dira artistaren bildumatik ekarritako pieza bakanak, eta 645.000 -an daude zenbatetsita.
2012ko dohaintza
1.- Bizitza baterako espazioa I, 1967. Brontzea. 35 x 43 x 55 cm
2.- Katea 3, 1968. Brontzea. 33 x 16 x 22 cm
3.- Hutsik gelditu den kartzela baterako proiektua, 1969. Altzairu herdoilgaitza. 52 x 60 x 67 cm
4.- Santimamiñe bat bis (Trenbideetako langilea), 1971. Brontzea. 52 x 28 x 37 cm
5.- Achúcarro, Alzola eta Hoffmeyer, 2002. Brontzea. 29,5 x 58 x 26 cm
6.- Churruca, 2002. Brontzea. 62,5 x 51 x 61 cm
7.- Bastida, 2002. Brontzea. 37,5 x 31 x 32 cm
Multzoa museoko 32. aretoan dago orain ikusgai, museoaren bildumakoak diren Larrearen beste lau piezarekin batera; modu horretan, artista bilbotarraren ibilbidearen maila erakutsi ahal izango da, eskultura eraikitzaile eta geometrikoekin izan zuen hastapenetatik abiatu eta elementu organikoen garapen librean oinarritutako estilora heldu arte. Eskultura hauek etengabeko lamina batez daude eraikita, itxura naturalekoak eta lodiera aldakorrekoak, erritmo uhintsu eta barrokoaren arabera sortzen direnak; bertan, masak, itzalean dagoen hutsuneak eta ertzen marrazkiak hartzen dute parte.
Ikusgai jarritako beste pieza batzuk
1.- Omenaldia Kirikiñori, 1966. Brontzea eta harria. 52 x 34,5 x 51,8 cm. 1990ean eskuratua
2.- Anduia 2, 1967. Egur pintatua. 198 x 170,5 x 70 cm. Artistaren 2010eko dohaintza
3.- Forma zentrokideak, 1968. Altzairu herdoilgaitza. 42 x 40 x 30 cm. 1968an eskuratua
4.- Dodekathlos, 1997-1998. Brontzea. 85 x 88 x 42 cm. Artistaren 2003ko dohaintza
Orain aurkezten diren Achúcarro, Alzola eta Hoffmeyer, Churruca eta Bastida lanak burdinaz eta neurri handiagoan egindako izen bereko piezetarako brontzez egindako maketak dira, 2003 eta 2004. urteen artean Bilboko San Jose plazan egon zirenak, eta omenaldia egiten diete hiriaren definizio urbanistikoaren alde lan egin zuten ingeniari, hirigile eta arkitektoei.
Bestetik, Dodekathlos, Larreak 2003an eman ziona dohaintzan museoari, dodekatloiko hamabi probak egiten zituzten atleten eta, era berean, Euskalduna ontziolako langileen omenezko soina da. 1987az geroztik gai figuratibo antropomorfikoak berreskuratzen dituzten eskulturen sortakoa da, eta burdinazko eskultura publiko handietarako erreferentzia gisa jokatzen duten brontzeen adibidea ere bada; izan ere, dagokion bertsioa Bilboko Euskalduna Jauregiaren inguruan dago jarrita.
Prestaketarako obrek eta behin betiko bertsioek agerian uzten dute zeintzuk diren artistaren materialik gustukoenak: hain zuzen ere, burdina eta brontzea, biak burdinurtuan. Lehenengoa neurri handiko edo ertaineko lanetan erabiltzen du, eta lan horiek, ia beti, brontzez egindako aurretiazko ereduak handitu eta eraldatzeko prozesuaren emaitza dira. Material batek edo besteak lanaren arlo jakin batzuk baldintzatzen ditu; esate baterako, laminaren lodiera, proportzionalki handiagoa dena burdinaz egindako eskulturetan, eta gainazalaren modelatua, zeina brontzeetan xehatuago agertzen baita, argia zatituz eta desmaterializatze-efektua sorraraziz, aipatutako Dodekathlos lanean gertatzen den moduan.
Pieza horiez gain, museoaren bildumak artistaren estiloko adibiderik onenetakoa dauka, Santimamiñeko Venus (1985-1986. Burdina. 207 x 115 x 94,5 cm. 1986an eskuratua), Gautegiz Arteagan (Bizkaia) Madeleine aldiko margolanak dituen kobazuloari erreferentzia eginez. Sarrerako atondoan dago ikusgai.
Vicente Larrea (Bilbao, 1934)
Bere aita zen José Larrea Echaniz eskultore bilbotarraren alboan hasi zen artearen munduan trebatzen, eta Arte eta Lanbideen Eskolan eta Bilboko Berreginen Museoan jarraitu zuen gero. 1957an, Meatzeetako eta Siderurgiako ingeniari teknikari gisa graduatu zen. Hasierako aro hori osatzeko, zenbait denboraldi egin zituen Raymond Dubois eskultorearen tailerrean, Frantziako Solesmes herrian. 1966an, Emen eta Gaur taldeetako kide izan zen. 1968an, bere lehenengo erakusketa indibiduala egin zuen, Bilboko Grises Galerian.
Baliabide sendoak eman zizkion tailerreko heziketa horrekin, Vicente Larrea abstrakzioan hasi zen 1968an, izaera eraikitzaile geometriko, lerrozuzen edo bihurgunetsuko eskulturen bitartez. Lan horiek ez zuten iragartzen gero etorriko zen obra, ez bada kutsu barrokoko egitura dinamikoengatik eta gainazalaren modelatuagatik. Denbora batez forma geometrikoak eta organikoak uztartu ondoren, bigarrenen alde egin zuen, eta, apurka-apurka, forma horiek konplexuagoak eta itxiagoak bihurtu ziren, barruan zutena ezkutatu arte.
Mendiburu eta Balerdirekin batera, Larreak belaunaldi bat osatzen du euskal arte abstraktuaren barruan; itxurengatiko eta deskribapen naturalengatiko interesa da beraien ezaugarria, bai eta formen oparotasuna eta adierazpenaren intentsitatea ere. Larrearen kasuan, funtsezko baliabide espresiboa, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran aurkitu zuena, etengabeko lamina materialarena da, lodiera aldakorrekoa obraren neurriaren arabera, askatasunez tolestuz eskultura hutsa osatzen duena, barruan labirinto-itxurako zuloa duela kobazulo natural batzuen tektonikari jarraituz. Kanpoan, aldiz, forma barrokoak izaten ditu, eta, modu horretan, erabateko bolumenek eta hutsune ilunek harreman lausoa dute beraien artean.
Texto: Javier Viar
Euskal artisten gida, Bilboko Arte Ederren Museoa, 2008.