Berriak
18-06-21
Aurkezpena: “Juan de Echevarría 1875-1931. Biografia eta katalogo arrazoitua”
[ Lortu argitalpen hau gure online dendan ]
Bilboko Arte Ederren Museoak artearen historiarako funtsezko argitalpenetako bat aldarrikatzen du katalogo arrazoitua, Juan de Echevarría 1875-1931. Biografía y Catálogo razonado, Modulando la vibración del color liburukia aurkeztuz, Verónica Mendieta historialariak margolariaren iloba-biloba euskal artearen artista ezagunenetako bati eskaini diona.
Juan de Echevarría erakusketa monografikoa pintore hau ezagutzera emateko mugarria izan ondoren 2004an aurkeztua, lehenik, Mapfre Fundazioan (Madril), eta, gero, Bilboko Arte Ederren Museoan, haren arduradun zientifikoa izan zen Verónica Mendietak biografia osoa eta obraren katalogo arrazoitua argitaratu du orain, Bilbon jaiotako artista ospetsu hau ezagutzeko eta aztertzeko ezinbesteko erreferentzia den liburukian.
Testuinguru horretan, komeni da azpimarratzea katalogo arrazoitua artearen historiari buruzko ikerketen berezko argitalpena dela, ezinbesteko tresna artista baten jakintza monografikoki jorratzeko. Normalean, zehatz-mehatz biltzen ditu ibilbide artistiko-biografikoa, ekoizpen artistiko osoa eta hainbat eranskin dokumental, bibliografia edo harrera kritikoarekin, besteak beste. Hortaz, egile baten ondare sortzailea biltzen du.
Juan de Echevarría (Bilbo, 1875 – Madril, 1931) Espainiako panorama artistikoko artistarik garrantzitsuenetako bat izan zen Gerra Zibilaren aurretik. Bere estiloa bat dator espresionismo fauvearekin, zeina Goyaren eta Grekoaren legatuaren oinordekoa den irudien indar emozionalagatik, eta Matisseren idearioa biltzen duen, kolorearen bidez adierazpena bilatzean. Echevarríak, urteekin, kromatismo finduaren estilo bereizgarria lortu zuen, eta, ondorioz, erretratua hala nola ijitoen serie ezagunak eta 98ko Belaunaldiko literatoei eskainitako galeria, natura hila eta paisaia generoetan jarri zuen interes tematikoa.
Orain argitara ematen den liburuak pintorearen biografia eta ekoizpen osoaren pintura eta marrazkiak katalogazio xehatua jasotzen ditu. Horrela, artistari buruz argitaratu den azterlanik osoena da; izan ere, Verónica Mendieta bi hamarkadatan aritu da dokumentazio eta ikerketa-lanean hura egiteko.
Argitalpenaren aurkezpenarekin batera, Bilboko Museoak zeinak Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalarekin batera Echevarríaren bildumarik adierazgarrienetako bat baitu pintorearen produkzioko artelan enblematikoen sorta bat aurkezten du U aretoan (urdin/azul), Echevarría maisu ezaguna izan baitzen kolore horren erabilera dotore eta adierazkorrean.
Juan de Echevarría
Juan de Echevarría Zuricalday Bilbon jaio zen 1875ean, goi burgesiako familia batean. Frantzia, Ingalaterra, Belgika eta Alemania artean jaso zuen hezkuntza, "Sociedad Federico de Echevarría e hijos S.C." familiaren enpresa siderurgiko garrantzitsuan sartzera bideratua.
Alabaina, 1902an, ama bat-batean hil zen, eta horrek bizitza aldatu zion; enpresa-jarduera utzi, eta pinturan jarri zuen arreta, hura baitzen bere benetako bokazioa. Orduan, Manuel Losada pintorearen eskoletara joaten hasi zen handik urte batzuetara Bilboko Arte Ederren Museoko lehen zuzendaria izango zen Losada, eta harremanak izan zituen abangoardian interes handiagoa zuten Adolfo Guiard, Francisco Iturrino eta Dario de Regoyosekin.
Hurrengo urtean Parisen kokatu zen, eta han izan zuen Paul Cézanne, Vincent Van Gogh eta Paul Gauguinen pinturaren berri. Haien eragin sakonaren ondorioz, lana birbideratu zuen, postulatu postinpresionistei jarraituz. Matisseren pintura ere ezagutu zuen, eta, hark bezala, sakon aztertu zituen tonu-erlazioak konposizioan eta koadroari ekiteko modu geldoa, laguna zuen Iturrinoren bidez.
Orduan, Académie Julian-en matrikulatu zen, eta Francisco Durrioren tailerrera joaten hasi zen. Parisen euskal artisten cicerone gisa jardun zuen funtsezko pertsonaia honek Paul Gauguinen pinturen bilduma erakutsi zion Echevarríari. Durriok Parisko Udazkeneko Aretoetara joateko aholkatu zionez, 1911ko eta 1912ko aretoetan aurkeztu zuen bere lana, eta aipamen bikainak jaso zituen, bereziki Guillaume Apollinaire poeta eta kritikariak egin zizkionak. Parisen egon zen arren, Echevarríak ez zuen harremana galdu euskal artearekin, eta aktiboki parte hartu zuen 1911n Bilbon Euskal Artisten Elkartearen sorreran, baita elkartearen erakusketa eta jardueretan ere.
Horrela, Echevarríak laster lortu zuen Frantziako hiriburuan bizi ziren artista espainiarren zirkuluan sartzea. Horien artean, Durrio eta bere lagun Iturrinoz gain, Pablo Picasso, Ignacio Zuloaga, Joaquim Sunyer, Hermen Anglada-Camarasa eta Daniel Vázquez Día zeuden, besteak beste.
Horren adierazgarri dira Verónica Mendietaren hitzak liburuaren hitzaurrean: "Echevarría aitzindarien belaunaldikoa da, Frantziako hiriburuan arte garaikidearen atarian sortutako lehen joerekin elikatu ondoren, mende hasieran, beren herrira itzuli ziren pintore nabarmenen artekoa".
I. Mundu Gerra hastean, pintorea Espainiara itzuli, eta Granadan finkatu zen. Gauguinen eragina islatzen duten emakume ijito enblematikoak erretratatu zituen han. Gero, Ávilara joan zen, 98ko Belaunaldiak nabarmendutako Gaztelako lurraldera; eta urdin eta bioleten paleta hotz bereizgarria erabiltzen hasi zen, Gaztelaz zuen ikuspegi intimoaren isla, "tonu txikiko harmoniak" deituko zuena.
1916an banakako lehen erakusketak egin zituen Bilboko Euskal Artisten Elkartean eta, hilabete batzuk geroago, Madrilgo Ateneoan. Bi urte geroago, 1918an, Madrilen bizitzen jarri zen behin betiko familiarekin, eta José Ortega y Gassetek sortu berri zuen España aldizkariko solasaldietan parte hartu zuen. 1919an Bilboko Pintura eta Eskulturaren Nazioarteko Lehen Erakusketan parte hartu zuen banakako areto batekin, eta Ávilako tipoen olio-lanak aurkeztu zituen, Menditarra (1916)eta Paria gaztelaua (1917), kritikaren laudorio handia lortu zutenak.
Handik aurrera erretratua landu zuen bere ohiko ereduekin, 98ko Belaunaldiko bere lagun idazleekin, bai eta natura hila ere, denboraren poderioz gustukoen zituen generoak izango zirenak. Erretratuen galeriaren barruan, hauek nabarmentzen dira: Azorín, Pío Baroja, Ramón del Valle-Inclán, Miguel de Unamuno, Ramiro de Maeztu eta José María Salaverríarenak, baita bere senideenak ere. Natura hil dotoreetan, zeramikazko loreontziak, loreak, fruta-ontziak, liburuak eta estanpak askotan, ekialdekoak agertzen ziren, eta agerian jartzen dituzte Echevarríak konposizioaz zituen jakintza sakonak eta kolorearen erabilera egokia.
Hogeiko hamarkadaren hasieran, denboraldi luzeak egin zituen udan koinatuaren etxaldean, Oiartzunen (Gipuzkoa), eta lorategiko ikuspegi panoramiko desberdinak margotu zituen. Burgosko Pampliega herri txikian ere egon zen, eta hango zelai argitsuak eta ijito-multzo bikainak marraztu zituen tonalitate beroetan.
1925ean Iberiar Artisten Aretoaren antolakuntza-batzordeko kide bilakatu zen. Funtsezko gertakaria izan zen hura Espainiako arte garaikidean, ondorioz nazio-mailako arte garaikideko lehen erakusketa sortu baitzen, artista ospetsuen eta berrien lanak batera bilduz. 1927tik aurrera, Hendaiara bidaiatu zuen behin baino gehiagotan, laguna zuen Miguel de Unamuno idazle eta filosofoa bisitatzeko eta erretratatzeko; izan ere, Unamuno Frantziako herri horretan erbesteratuta zegoen bere borondatez.
Bere artista-bizitzaren hasieratik, Echevarríak pianoa jotzeko ohitura zuen mihise aurrean jarri aurretik. Gizon ikasia eta sentibera izan zen, jarduera artistiko eta intelektual handia izan zuen beti, Espainiako pinturaren modernizazioarekin konprometitua, eta akuilatu ere egin zuen, herrialdeko egoera artistiko eta kulturalari buruzko hainbat artikulu idatziz. 1931n Arte Modernoko Museo Nazionaleko Behin-behineko Batzarreko kide izan zen, baina urte horretan bertan bihotzekoak jota hil zen, 56 urte besterik ez zituela, Madrilgo bere etxean.
Hil zenean, Madrilgo Arte Modernoko Museoko zuzendariak, Enrique Lafuente Ferrari historialari ospetsuak, margolan multzo garrantzitsu bat museo horretarako erostea erabaki zuen, Juan de Echevarría aretoa muntatzeko asmoz. Gero, Bilboko eta Arabako Arte Ederretako museoek ere artistaren ibilbideko lan aipagarriak eskuratu zituzten, eta gaur egun beren bildumen zati garrantzitsua dira.
Juan de Echevarría 1875-1931. Biografía y Catálogo razonado
Modulando la vibración del color
Verónica Mendieta Echevarría
Liburuaren egileak Juan de Echevarríaren ibilbide kronologikoa eta zeharkakoa aurkezten du, eta, beraz, irakurketa ez dago soilik pintorearengan interesa dutenei edo gai horretako adituei zuzenduta, baizik eta publiko handiago baterantz zabalduta. Artistaren bizitzako errealitatean sartzen gaitu erreferentzia epistolarren eta dokumentalen bidez. Gainera, behar bezala kokatzen du abagune artistiko eta sozialean, eta oso datu erakargarriak dira, Euskal Herriaren eta XX. mende hasierako Parisen artean mugitu zela kontuan hartuta. Horrela, kontakizun biografikoak interes handiagoa du, eta euskal artearen historiarako bereziak diren beste egile batzuen erreferentziak ematen ditu, hala nola Losada, Iturrino edo Durriorenak, horien garrantzia gutxi ospatu baita beren mugetatik kanpo.
Bestalde, kontakizunak Bilboko Alde Zaharreko kaleetatik eta Parisko Montmartre zaharretik eramaten gaitu, zehazki Buttetik, auzo horretako bohemia lagungarria izan baitzen 1903tik Echevarría eta beste artista batzuen prestakuntzan. Kafetegietako bizitzako pasadizoak trebeki uztartzen dira Parisko aretoetan edo Arte Modernoko erakusketetan izandako parte-hartzeekin, pintorea horietan egon baitzen 1913an etxera itzuli zenetik. Bizkaiko hiriburuan, Euskal Artisten Elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta, orduan, gero eta interes handiagoa piztu zitzaion Gaztelako paisaiekiko, bai eta Ondarroako itsasaldeko eszenekiko ere. Toki horiek pintoreen belaunaldi oso bat liluratua zuten jada, Zuloagarekin hasi eta Zubiaurrerengana, eta Echevarríaren lana ere markatu zuten (Granadako eszenekin batera). Xehetasunez jorratzen da 1920ko hamarkada, batez ere Madrilen eman zuena. Garai horretan, artistaren lanez edo erakusketez gain, Iberiar Artisten Elkartean parte hartu izana, kritikari gisa egin zuen lana eta, bereziki, 98ko Belaunaldiarekin izan zituen harremanak nabarmentzen dira.
Adarkaduraz betetako ikerketa biografiko koralaren ondoren, Echevarríak mendeko arte espainiarrean zuen kokapena justifikatzen duen bloke bat agertzen da. Gero, xehetasunez aztertzen dira bere ekoizpeneko genero piktorikoak eta ezinbesteko lanak: erretratua, natura hilak, paisaia edo Granada eta Pampliegako tipoak. Zalantzarik gabe, azterlan honek jarraipena ematen dio Euskal Herrian egin diren ikerketa monografiko zorrotzen bide historikoari, bai erakusketen katalogoei bai monografiei dagokienez. Kontuan hartu beharko litzateke biografia artistikoa eta katalogo arrazoitua lantzeko xedea duten argitalpenetan.
Javier Novo González
Kontserbazio eta Ikerketako koordinatzailea
Bilboko Arte Ederren Museoa