Zutik dagoen zezerna - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Zutik dagoen zezerna

Anonimoa, II-III. mendeak

Brontzea

5,6 x 6,77 x 2,1 cm

82/918

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Apis idiaren irudia, zutik. Jasota du burua, lepoa eskuinetarantz biratuta eta muturra irekita; lodiak eta laburrak ditu adarrak, txikiak belarriak. Paparreraino iristen zaizkion toles batzuek zeharkatzen diote lepoa; zuzenak ditu hankak, eta bizkarraldera du itzulia isatsa. Animalia gazte eta sasoiko baten ezaugarriak ditu, erronka jotzen ari delako plantak egiten ari da.

Oso eredu oparoa da antzinako toreutikan, Apis idiaren egiptoar irudietatik eratorria da, idi hori egiptoarren kultuekin lotzen baita, oso zabalkunde handia zuten kultuekin, bereziki eremu militarretan; horrexegatik aurkitu ahal izan dira sarritan halako irudiak Inperioaren garaiko erromatar kanpamenduetan. Hispanian antz handiko ale bat dago Santiago de Compostelako Erromesaldien Museoan, Iria Flavian (Padrón, A Coruña) aurkitu zuten, baina lau hanka zuzenen jarrerak antz handiagoa du Azailako (Teruel) "zezenkoarekin" (Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalean dago) eta Kordobako Arkeologia Museoko alearekin; izan ere, eredu arruntenak tolestuta izan ohi ditu aurreko hankak, ibilian balitz bezala. Eredu horri erantzuten diote Montealegre de Camposen (Valladolid, Probintziako Museo Arkeologikoa) aurkitutako aleak eta Museo Arkeologiko Nazionalean dauden hiruak, Salamancako markesaren bildumatik iritsiak eta segur asko jatorri italiarrekoak.

Erdi Europako, Portugalgo eta Ipar Afrikako beste leku batzuetan ere ale ugari badiren arren, Milango Museoan dagoen atzeko ale batek, lau hankak era berean zuzen baititu, aukera ematen digu gure alea ere Italiatik iritsia izan daitekeela ondorioztatzeko. Ale batzuek muturrean txertatutako urrezko edo zilarrezko lunula bat izan dezakete, egiptoar eguzki diskoaren urruneko oroitzapena, arte helenistikoan ilgora bihurtua, baina gure aleak ez du horrelakorik izan zezakeenik salatuko lukeen arrastorik bat ere. (Ramón Corzo, 2010)

Bibliografia hautatuta

  • Taurus : del mito al ritual [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2010. p. 206, n° cat. 8.
  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 412-415, n° 82