Sorbaldan klamidea daraman Hermes - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Sorbaldan klamidea daraman Hermes

Anonimoa, I-II. mendeak, K.o.

Brontzea

7,1 x 3,17 x 1,9 cm

82/847

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Irudi biluzia, zutik. Eskuineko hanka zuzenean hartzen du atseden, ezkerrekoa aurreratuta du eta apur bat kanporantz bereizirik. Egokia da muskulaturaren modelatua, baina oso lausotuta dago, bizitasun txikia darie formei. Eskuineko besoa beherantz du, soinaren alboari itsatsita, besaurrea aurreraturik, horizontalean, marsupium edo txanpon poltsari heltzeko. Ezkerreko besoa klamideak ezkutatuta du; klamidea sorbaldatik behera erortzen da irudiaren alboa estalirik eta ukondoa erpin hartuta masa triangeluar bat osatzeko, Hermesen irudi hauek biltzen dituen serie oparoaren ezaugarria baita hori. Burua apur bat inklinatuta du eta eskuinetarantz biratua begirada marsupiumera bideratzeko. Buru gainean hegal zabaleko kapela du (petasoa), hegalak kontserbatu ez dituen arren. Oso higatuta dauzka hazpegiak.

Antonio Vives Escudero jaunaren bilduman ezaugarri ikonografiko bertsuko pieza bat izan zen, hankak hobe kontserbatzen zituen, oinetan bota hegaldunak, eta eskuineko eskua marsupium edo txanpon poltsari heltzen. Vivesen albumean idatzitako iruzkinen arabera, San Juan de Carbonellen aurkitu zuten, Mercadal udalerrian, Fornellseko portutik gertu (Menorca). Vilauba herrian (Camós, Girona), etxeko jainkoei emandako aldare bat aurkitu zuten, eta bertan Lara eta Fortuna jainkoez gain, osorik kontserbatzen zen Merkurio berdin-berdin bat topatu zuten, petaso hegalduna eta ezkerreko hanka kontserbatzen zituen, baita eskozia moldeko oinarri oso goratuaren formako idulkia ere. Aipagarriak dira, era berean, trauskilago landuta dagoen Pollentiako bat (La Alcudia, Mallorca), L'Alter (Xilches, Castelló) landetxean aurkitutako beste bat, urrezko eskulekua duen kaduzeoarekin, eta Zuleman (Alcorcón de Júcar, Albacete) azaldutako beste bat.

Frantziako Liburutegi Nazionaleko bilduman aurki ditzakegun pieza antzekoenen artean aipagarria da 1763an Chalon-sur-Saõne hirian aurkitu zutena. Frantziako beste museoetan kontserbatzen direnen artean aipagarria da Alsaziako pieza bat, modelatuaren ikuspegitik kalitate handiagokoa dena, zalantzarik gabe K.o. II. mendekoa. Lausanne-Vidy bildumako pieza bati, era berean begirada marsupiumean jarrita duen irudiari, ezkerreko besoa bere mantuarekin falta zaio, ziriekin lotutako pieza independentea izango zen. Avignongo Calvet Museoan antzeko ezaugarriak dituen irudi bat dago, Orangen aurkitu zuten XIX. mendearen erdialdera. Frantziar jatorriko pieza gertuenen artean Montbeliarden aurkitutako beste bat sailkatu liteke.

New Yorkeko Metropolitan Museum of Art museoko bi brontzek forma triangeluar eta trinko bertsua erakusten dute, klamidea gorputzaren alboari eta ezkerreko besoari itsatsita; horrenbeste aldiz errepikatu den irudi batean ohikoa den estilo apur bat arruntari erantzuten diote biek. Sofiako Arkeologia Museo Nazionalean kontserbatutako serie bereko aleen artean Novaeren Hermes izenekoa da gure piezarekin antz handienak dituena. Italiako piezei dagokienez, aipagarria da Palermoko "Antonio Salinas" Eskualdeko Museo Arkeologikoko sorta, italiar penintsulako erdialdean horren arrunta ez den gurtzaren erakusgarri, oinezkoak babesteko funtzioa batik-bat Herkulesen egitekoa baitzen antza.

Serie osoan onena, erdi tamainakoa baita eta kontserbazio egoera onean baitago (ongi asko antzematen da prototipoaren estilo lisipotarra), 15 zentimetro baino garaiagoa den brontzea da. 1732. urtean aurkitu zuten Pierre-en-Luiseten, Huistik hurbil (Frantzia), egun British Museoan dago. Goi inperioaren garaikoa da, baina jatorrizko pieza grekoaren antz handia du, urrezko lepoko batez apainduta dago eta zilarrezko apaingarriak ditu oinarrian; horregatik da obra baliotsuenetako bat bere alorrean, izan ere, ongi asko antzeman daiteke zeinen estimu handian izan zuten Hermes familien interesak eta banakoen interes pertsonal berehalakoak babesten zituen jainkoa zen aldetik.

Nola pieza honetan hala aurrekoan agerian geratzen da K.a. V. mendeko Greziako lehen estatuetan oinarritu zela egilea pieza hau egiteko, estatua horietan finkatu baitziren gizonen muskuluen formen eta proportzioen kanonak. Prototipoaren sortzailea Argosko Naukydes izan zitekeen; Polikletoren ikaslea izan zen, K.a. IV. mendean zen jardunean, eta Dorifororen atleta itxura hori eraldatu egin zuen merkataritzaren jainkoaren irudi bihurtzeko, horretarako jainko horri dagozkion ezaugarriak erantsi zizkiolarik. Gure bildumakoa bezalako brontze txikien erromatarren garaiko errepiketan eta bertsioetan irudiaren jarrera lasaiak (jatorri klasikoko jainkoa gogorarazten du) baldintzatuta daude muskuluen ezaugarri laburrak eta janzteko arropak deskribatzeko interesa. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 139-143, n° 12.