Scena D'Invenzione del Cavalier Bibiena rappresentante Galleria Reale - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Scena D'Invenzione del Cavalier Bibiena rappresentante Galleria Reale

Galli Bibiena, Giuseppe

Parma (Italia), 05/01/1696 - Berlin, 1756

Akuafortea paperean

37 x 50,3 cm (papera) 31,8 x 47,7 cm (orbana)

J. G. Bibiena inven. et delin. (ángulo inferior izquierdo del margen del papel), A. O. Sculp. (ángulo inferior derecho del margen del papel)

94/30

1994an eskuratua

Giuseppe Galli Bibienak asmatu zuen eszena hau Poloniako Erregegaiaren eta Saxoniako Hauteslearen ezkon hitzak omentzeko, jatorrizko irudiaren oinetan irakur daitekeen inskripzio honen arabera: Scena della Festa Teatrale in ocassione delli Sponsali del Principe Reale di Polonia ed Elettore di Sassoni. Johann Andreas Pfeffel (Bischofingen, 1674 - Augsburgo, 1748) izan zen grabatzailea, eta plantxa hau eta egile horrek landutako beste batzuk Augsburgon argitaratu zituzten 1740. urtean Architetture e Prospettive izenburupean. Bilboko Arte Ederren Museoko grabatua Pfeffelek landutako grabatuaren kopia da ia, hori bai, alderantzikatua. Behe eskuineko bazterrean ageri dira egilearen inizialak, A.O., segur asko Ambrogio Orio (1737 - 1825) grabatzaileri dagozkio. Zizel txikiarekin lan egiten zuen Bassanon sortutako grabatzaile horrek, Volpatoren ikaslea izan zen, eta Giusepperen aita Ferdinando Galli Bibienaren irudiak ere grabatu zituen. Ez dakigu noiz landua den Pfeffelen obrarekin antz harrigarria duen grabatu hau; izan ere, alderantzikatuta dagoela eta oinean inskripzio bat duela alde batera uzten baditugu, eszenaren neurrian (jatorrizkoa apur bat handiagoa da, 33 x 48 cm-koa) eta marrazkian inolako garrantzirik ez duten xehetasun batzuetan (apaingarriak eta pertsonaiak) baizik ez dira bereizten bi grabatuak.

Antzezlan baterako dekorazioa balitz bezala, jauregi bateko barrunbe galant bat ageri zaigu albo batetik begiratuta, gutxi gorabehera 45 graduko angeluan. Bibienatarrek ezin hobe erabili zuten baliabide hori, perspektiba sakona eta konplexua eskaintzeko aukera ematen baitzien, benetako espazioaren neurriak itxura batean handitzeko asmoarekin. Lan honetan eszenografia kontuak ez ezik arkitekturari dagozkionak ere ongi asko menderatzen zituela uzten du agerian Giuseppe Gallik. Galleria Reale hau margolanekin eta elementu arkitektoniko konplexuekin eta handiekin dekoratuta ageri zaigu. Hiru pertsonaia dotore ageri dira antzoki batekoa dirudien agertokian espazioaren handitasuna agerian utzirik. (Ana Sánchez-Lassa de los Santos, 2005)

Bibliografia hautatuta

  • Dibujos y grabados, siglos XV-XVIII : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2005. pp. 54-57.