Sakata Kinpira irie (Sakata Kinpiraren eran) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Sakata Kinpira irie (Sakata Kinpiraren eran)

Masanobu, Okumura

Japonia, 1686-1764

Xilografia

24,4 x 38,8 cm

Tobu Yamato gashi Okumura Masanobu zu (東,武,大,和,畫,工, 奥,村,政,信,圖,) y sello de artista Masanobu

1710

XVIII. Mendearen lehen hamar urtekoa

82/761

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

XVIII. mendearen lehen hamarraldietako artista garrantzitsuenetakoa izan zen Okumura Masanobu. Genero askotan egin zuen lan, besteak beste, antzerkigintzan, emakume ederren antzezlanetan, pasarte erotikoetan, parodietan eta, gutxiago bada ere, baita gerlarien kontuetan ere. Iraganeko Hishikawa Moronobu, Torii Kiyonobu eta Nishikawa Sukenobu maisuen artearen fusioa da Masanoburen estiloa. Artista ez ezik Okumuraya argitaletxearen jabea zen, eta beraz, teknika, estilo eta formatu berriak askatasun osoz esperimentatu ahal izan zituen. Obra honetan musha-e gerlarien generoa eta mitate-e parodiarena bat eginik ikusten ditugu. Sakata Kinpira gerlari indartsua eta oldarkorra da irudikatutako pertsonaia, ezpata handi bat darama aldean, nahiz eta marrazki honetan monje budisten moduan jantzita ageri zaigun, esku batean juzu arrosarioa duela. XVII. mendearen azken laurdenean jardunean ari zen Sakurai Tanba no Shojo narratzaileak asmatutako alegiazko pertsonaia izan zen Sakata Kinpira. Geroago, kabuki antzezlari handi Sakurai Tanba no Shojok (1675-1704) Edo Aroko super-heroi oldarkorrenetako bat bihurtu zuen pertsonaia hori. Sakata Kinpira gerlari suharra elezaharretako Sakata Kintoki (gazte zelarik Kintaro izenaz ezagutzen zen) heroiaren semea zen, Palacio Bildumaren beste bi estanpa interesgarritan ikus dezakegu. Eszena honetan parodia bat aurkeztu du egileak, mozkortuta dago Sakata Kinpira, edan duen kopa sake handia du alboan, eta Zen budismoaren aitalehen handi Darumak halako gogaidetasun batez begiratzen dio ikusleari Sakataren gibelaldetik, tokonoman (gelako ohorezko gunea da tokonoma, margolanekin eta ikebana artearen araberako loreekin apaindu ohi da), zintzilikatutako margolanaren bidez. Ikebana honetan lirio loreak ageri dira, japoniar kulturan samuraien gizontasunarekin lotzen baitira lore horiek, eta margolanean Daruma ageri da berezkoa zaion ikonografiarekin, hots, monje indioa betazalik gabe, kondairaren arabera moztu egin baitzituen gogoetetan murgilduta zegoenean loak har ez zezan. Lurrera bota zituen betazaletatik erne zen tearen zuhaixka. Aitzitik, ez da tea edaten ari Sakata Kinpira, baizik eta sakea edo arroz ardoa. Darumaren begiradaren gaitzespena alde batera utzirik, estanpa honek segur asko hitz joko bat darama berekin batean izenburuan, sartu aditza eta nyujaku (nirvana) hitza elkarren ondoan ageri baitira, alkoholak Sakata Kinpirari eragiten dion argi bereziari erreferentzia egin nahian. Irudi berezi honen kopiak ikus daitezke New Yorkeko Metropolitan Museum museoan eta San Diego Museum of Art museoan. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 250-251, n° cat. 62.