Rikômono (Orojakilea) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Rikômono (Orojakilea)

Utamaro, Kitagawa

Japonia, 1753-1806

Xilografia paperean

37,3 x 25,2 cm

Utamaro hitsu

c. 1802-1803

XIX. mendearen hasiera

82/780

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Kitagawa Utamaro ukiyo-e grabatuak lantzen artista handienetakotzat hartua bada ere, egia esan urri dira haren biografiari buruz ezagutzen diren datuak. Lagun eta argitaldari zuen Tsutaya Juzaburoren arrakasta editorialen paraleloan igaro zen haren garairik gogoangarriena. Baina Juzaburo hil zenean, 1797an, antza krisialdi bat bizi izan zuen Utamarok, eta krisialdi hori areagotu baizik ez zuen egin bakardadeak, alarguna baitzen Utamaro. Azken etapa artistiko horretan aurreko lanetan baino bizitasun txikiagoa nabari zaie Utamaroren lanei, baina tarteka serie apartak landu zituen, esate baterako, estanpa hau biltzen duen Kyokun oya no me kagami seriea. Betaurrekoen formako kartutxoan dago idatzita seriearen izenburua, eta emakumeak nola hezi gomendatzen duten gaitzespen moralisten errepertorio zabala dago jasota ondoan. Garai hartako japoniar kulturaren matxismo nabarmena, neokonfuzianismoak eta samurai klaseko eredu militarrek finkatua, gaur egun oztopo da serie hau baloratzeko; nolanahi ere den, maisulan aparta da obrari emandako tratamendu grafikoa.

Erdi adineko emakume ezkondua eta nagia aurkezten digu estanpak, eleberri bat ari da irakurtzen. Rikomono du izenburua, hots, orojakilea, eta erreferentzia egiten dio gehiegi jakin nahi duen eta ongi pasatzeko irakurtzen duen emakumeari, etxeko eginkizunak bazter uzten dituen bitartean. Bizio gaitzesgarri hori azaltzen duen testu luzeak adierazten du emakumeak zintzoa izan behar duela, ez duela maiterrerik eragin behar bikotearen barruan, eta gaitzesten du ikaskuntza, jarduera horrek eramaten baitu emakumea adinekoak ez zaintzera eta joste lanak zein etxeko beste eginkizunak alde batera uztera. Protagonistaren jarrera lasaia eta arroparen eta orrazkeraren ñabardurak ohi duen mehetasunarekin irudikatu ditu artistak. José Palacio bildumagileak Gauez senarraren zain idatzi zuen arkatzaz estanparen ifrentzuan. Utamarok liburuaren azalaren bidez eskaintzen digu irakurle nagia harrapatuta duen eleberriaren izenburua. Takeuchi Kakusaik idatzitako eta Okada Gyokuzanek ilustratutako Ehon Taikoki liburu marrazkidunaren hirugarren liburukia da (1802. urtean kaleratu zuten azkeneko zenbakia). Hideyoshik lortutako Japoniaren batasunaren narrazioa da kronika hori. Gaiak halako polemika bat sorrarazi zuen herritarrek oso maite zutelako Hideyoshi, eta hura hil zenean, 1598an, bere bidezko ondorengoaren lekua hartu zuelako Tokugawa Ieyasuk, 1868an Inperioa berrezarri zen arte Edo Aro osoan agintean egondako Tokugawa familiako lehen shogunak. 1804. urtean kartzela zigorra ezarri zioten Utamarori berari, Tokugawa Ieyasuri buruzko parodia bat egiteagatik. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 213, 278-279, n° cat. 76.
  • Mas allá del negro : el grabado en color en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2017. pp. 26, 99, n° cat. 9.