Profetaren bandera - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Profetaren bandera

Guinea, Anselmo

Bilbao, 1855/05/18 - Bilbao, 1906/06/10

Akuarela paperean

76,6 x 56,7 cm

AGuinea (eskuineko beheko angelua)

1882

01/8

2001ean eskuratuta

Guinea oso gaztetan hasi zen ur teknikak lantzen; izan ere, haren lehen biografoaren arabera, 15 urte besterik ez zituela erakusten omen zituen, egiten zituen akuarela lan polit eta ugarietan, geroago, bere bizitza osoan zehar garatu zuen dotoreziaren hastapenak. 1870eko hamarkadako lehen erdialdean, urtez urte, nabari da teknika mailan trebetasun handia hartu zuela, eta oso bereziki Erroman egin zuen lehen egonaldian, 1875 eta 1876 artean. Hala ere, Guinea akuarelagile hoberena Erromara egin zuen bigarren bidaian eman zen ezagutzera, 1881. urtean, garai hartan izugarri hobetu zuen bere marrazketa eta teknikaren sekretuak bereganatu zituen. Horri esker, kolorista handi bilakatu zen eta era guztietako efektuak irudikatu zituen, efektu atmosferikoekin hasi eta objektuen kalitateekin buka.

Garai horretakoak dira Profetaren bandera eta Maja bat lanak, Erroman bizi izan zen denboraldietan landu zituen gaietako biren: gai orientalistak eta eszena kastizoak (askotan zezenketa munduarekin lotuak), adibide paradigmatikoak, hain zuzen ere. Bestalde, esan behar da, kolonia artistiko espainiarreko kideen artean puri-purian zeuden gaiak zirela horiek biak.

Ekialdeko eszenek 1882. urte aldera erakarri zuten bereziki, urte hartako data baitute genero horretara hurbildu zeneko beste batzuk ere, Odaliska etzana eta Odaliska lautea jotzen. Profetaren bandera lanean, aldiz, baztertu egiten ditu harem baten barneko aisialdi uneak, bere lagun Jose Echenaren ekoizpenetik hurbilago baitaude haiek, eta gerlari arabiar talde bat (hitzaldi batekin nahas liteke haien errezoa) gudurako prestatzen ari den istanta aukeratu du. Une hartako tentsioa areagotu egiten da margolariak beheko ikuspegia erabili izanagatik.

Akuarela hauek ondo asko erakusten dute Guinearen garai hartako estiloen dualtasuna, eta olio pinturaz egindako lanetan ere nabari da hori. Alde batetik, Profetaren bandera obrako Guinea preziosista izango genuke, eszena xehetasun guztiekin azaltzeaz arduratzen dena, marrazkiari arreta berezia emanez, eta bestetik, akuarela orbanen bidez aplikatzen duena eta uren efektuek eta egikera bukatu gabeak obrari ematen dioten xarmarekin jokatzen duena. (Mikel Lertxundi, 2007)

Bibliografia hautatuta

  • Arenaza Urrutia, José María. Anselmo Guinea, 1854-1906 : un pintor para la modernidad. Bilbao, Fundación BBK Fundazioa, 2006. p. 38.
  • Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 168, 170-171, n° cat. 247.
  • Anselmo Guinea, 1855-1906 : los orígenes de la modernidad en la pintura vasca [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. 101.