Oleto eta Desdemona - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Oleto eta Desdemona

Sans y Cabot, Francisco

Bartzelona, 1828/04/07-Madril, 1881/05/05

Olioa mihisean

57 x 47 cm

Sans (eskuineko beheko angelua)

69/222

Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an

Obra hau 1927. urtean sartu zen Bilboko Arte Ederren Museoan Eszena galaia izenarekin, baina aldiz, berau osatzen duten elementuen identifikazio formalari besterik ez dio erantzuten. Hala ere, orain egiaztatu ahal izan da Francisco Sans y Cabot-ek irudikatu zuen gaiak, egia esan, lotura duela William Shakespeareren Otelo. Veneziako mairua obrarekin (c. 1603-04).

Obra honetan, Sans-ek trebetasun handiz hauteman zuen Otelo logelara emaztea hiltzeko asmoz doan unea, zati batzuetan Shakespeareren deskribapenaren kontrakoa bada ere, halako arte lizentzia batzuk hartuz, eszena ulergarriago egiteko beharbada. Horren harira, eta Shakespearek deskribatzen duen bezala, gaztelu zipretar bateko logeletako batean garatzen da gertakizuna. Margolariak bitan banatu du gela. Alde batetik, hondo iluna margolanaren ezkerreko aldean; han, Desdemona lotan zegoen ohea ikus daiteke desegina, oinetan zutabetxo bat ageri da eta ohe errezela hartan oinarritua; eta bestetik, lehen espazioan, Otelo bere emaztearekin elkartu da. Hain zuzen ere, Sans-ek lehen espazio honetan sartu zituen dramak jasotzen ez dituen aldagai txiki batzuk. Desdemonaren oinetan ageri den lautea, esate baterako, Shakespearek aipatzen ez duena. Koadroan une batzuk lehenago joko zuen Desdemonak sahatsaren kanta abesten zuen bitartean. Lauteak, anakronikoa izan arren, aukera ematen du ikonografikoki protagonista identifikatzeko. Xehetasun horretara behin baino gehiagotan jo zuten XIX. mendeko beste margolan batzuetan ere, Ramón Rodríguezek 1868. urtean egin zuen Otelo eta Desdemona obran egiazta daitekeen bezala. Gainera, dramaren arabera, Emiliak, ikusleari bizkar emanda irudikatua, kristau bihurtutako Otelo musulman etorri berriari ardo kopa bat zerbitzatzen, ez luke senar-emazteekin logelan egon behar.

Bestalde, Otelok, eskua eztiki jarria Desdemonaren sorbaldan, berehala itoaraziko zuela iradokiz agian, Veneziako ohiko jantziak daramatza, baina buruan daraman fez eskarlata edo tarbush-ak bide ematen du jatorri musulmanekoa dela ohartarazteko. Horren harira, 1833. urtean, Frank Howard-ek (1805-1866) egin zuen Shakespeareren obrei buruzko liburuan zihoazen ilustrazioetan, eta gainera hedapen handia izan zuen liburuak, Otelo guztiz mendebaldekotua ageri da, bere arabiar izaera iradokiko lukeen ezaugarririk gabe. William Powell Frith-ek ere bere Otelo eta Desdemona lanean (c. 1840, Fitzwilliam Museum, Cambridge), Museoko koadroak jasotzen duen istant bera irudikatu zuen, baina egunez, terraza batean, eta hartan ere guztiz mendebaldekotua ageri da Otelo, inolako ikur edo ezaugarri ikonografikorik gabe. XIX. mendean ondo aurrera egin arte ez zen finkatuko Oteloren ikonografia klasikoa, hauxe da, gizon beltza, turbantearekin edo ekialdeko jantziekin, eta ezpata zimitarrarekin, beste ezaugarri batzuen artean.

Estilismoari dagokionean, historiari buruzko bere koadro handiengatik nabarmendu bazen ere, formatu txikiekiko eta hain garrantzitsuak ez diren eszenekiko interesa duen Sans bat erakusten digu obra honek. Zalantzarik ez dago Frantzian egin zituen egonaldietatik zetorkiola alderdi hori, han era honetako pinturak ospe handia izan baitzuen XIX. mendearen zati handi batean. Genero piktoriko horrek ordezkari bikainak izan zituen, inolaz ere, Mariano Fortuny eta Eduardo Zamacois bere adiskideak, besteak beste. Azken honek Sans-en obra bat zuen bere bilduma pertsonalean, tableautin bat izango zen, Ofizial espainiarra izenekoa. [Javier Novo González, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 57, n° cat. 235. (Con el título Escena galante, y atribuido a Francisco sans y Cabot)
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 104, n° cat. 222. (Con el título Escena galante, y atribuido a SANS Y CABOT, Francisco).
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 215-218, n° cat. 31.