Mihia moztuta duen txolarrea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Mihia moztuta duen txolarrea

Eizan, Kikukawa

Japonia, 1787-1867

Xilografia

21 x 24 cm

Kikugawa Eizan

1818-1823

XIX. Mendearen lehen laurden

82/743

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Emakume eder edo bijingen eszenetan espezializatutako Ukiyo-e artista bada era Kikugawa, oso ohikoa zen margolariek era askotako enkarguak egitea, batik bat literaturaren alorrera zuzenduak. Mukashi banashi moldeko ipuin tradizionaleko eszena bat irudikatzen du estanpa honek, Bazen behin esaldiarekin hasten diren gure haurrentzako ipuinen antzekoa. Japonieraz setsuwa bungaku hitzekin aipatzen da ipuinen literatura. Izen horrekin biltzen dira aspaldiko ahozko tradiziotik datozen ipuinak eta legendak, haietako asko jatorri kontinentalekoak, baina japoniarren mentalitatera egokituak eta Heian Aroaren amaieratik hasita bilduak, eta baita Kamakura denboraldian ere, antologia ospetsuetan. Ipuin horiekin ilustraturiko liburuak, eta baita estanpen sailak ere, agertu ziren Edo Aroan.

Naturarekiko begirunea, mitologia nazionala, Konfuzioren morala, seme-alaben maitasuna, samurai gerlariaren balioak, umore aldartea, zenbait animaliaren humanizazioa eta alegiazkoarekiko joera izugarria dira herri tradizio japoniarrak bereizgarri dituen osagaiak. Kasu honetan, Mihia moztua duen txolarrea da ilustratua ageri den ipuina. Txolarre saldoa ongi tratatzen zuen senar-emazte zahar batzuek beren bizilagun bihozgabeen aurrean izango zuten patua kontatzen du historia honek, bizilagunek txoritxo haietako batzuei mihia moztu baitzieten handik uxarazteko. Senar-emazteak kutxa batekin saritu zituzten txolarreek eta aberastasun handiak ekarri zizkien kutxa hark. Aldiz, gaizkileek kutxa ireki zutenean, haserrez beteriko ogro eta munstro batzuen erasoa jasan zuten beren jokabide ankerra zigortzeko. Guztiz deigarria den azken eszena hori zen ohikoena ukiyo-e estanpetan. Mintzagai dugun honetan bi txolarre eme finekin solasean ari da agure bihozbera, haiek itxura humanizatuarekin, hala agertzea oso ohikoa baitzen herri ipuinetako ilustrazioetan. Eszenarekin batera lau tanka poema ageri dira, Tetsunoya Tatenari, Matsunoya Hanasei, Kinnoya Terushige eta Kyokado izengoitiekin sinatuak. Honela transkrabitu eta itzuli daitezke horiek: Tetsunoya Tatenari: / Gizon aberats bilakatua / altxorra jasotzean / izena galdetu dio txolarretxoari. / Matsunoya Hanasei: / Airean aran usainarekin / sastrakari galdetzen dio / non dago urretxindorraren etxea. / Kinnoya Terushige: / Udaberriko zelaian / gezurrik esaten ez duen zahar zintzoak bisitatu duen / txolarrearen mihia / ebakia dago. / Txolarretxoak agureari eman zion saskia / zein arina ukitzean. / Kyokado. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 223, 294-295, n° cat. 84.