Kuros - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kuros – 82/921

Anonimoa, IV-III. mendeak, K.a.

Brontzea

12 x 3,28 x 2,20 cm

82/921

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Segur asko gizon bat irudikatzen duen pieza, aldaketatik beherakoa falta duela. Ingerada angeluzuzeneko soin lau eta luzea du, besoak gorputzaren alboei itsatsita, ildaxka bertikal batez bereizirik, eskuak adierazi gabe daudelarik. Bularrak adierazten dituzten bi zirkulu grabatu dira ñabardura anatomiko bakarrak. Luzea eta mehea da lepoa, soinaren erritmoarekin eta estiloarekin bat etorrita, eta formaz eta proportzioz egokia da burua, kokotsa goratuta eta begirada ere gorantz jarrita. Orekatua da aurpegiaren modelatua, irudiaren gainerako atalen mehetasunarekin halako kontrastea egiten duen naturaltasunaz landua da. Handiak dira begiak, niniak nabarmenak, eta ongi landuta ditu sudurra eta ahoa. Paraleloan egokitutako ile xerlo kiribiletan du antolatuta orrazkera, adatsak burugainetik abiatuta ongi markatutako ildaxkekin bereiziak. Modu erradialean antolatutako xerlo horiek halako ile lerro bat osatzen dute irudiaren kopetan, eskuineko begiaren goiko aldean.

Lazioko brontzezko laminak deitu arte motan sailkatu behar da irudi honen estiloa. Estilo horretako pieza ezagunenetako batzuk dira Nemi aintziraren ondoko Diana Nemorensis santutegiko botozko irudi sagaratu batzuk.

Organo sexualen adierazle zehatzik ez duenez, ez dago gizon bat irudikatzen duela ziurtatzerik, baina ageri duen orrazkera hobe egokitzen zaio gizonezko bati emakumezko bati baino. Antzinako etruriar eta italiar artearen aldaera estilistiko erakargarrienetako batean sailkatu ahal izatean datza pieza honen interesgune nagusia; izan ere, aurpegia irudikatzeko erak agerian uzten du egileak ongi asko zekiela errealitatea irudikatzen, nahiz eta oso forma argalak erabili zituen proportzio anatomikoak irudikatzeko. Irudi honetako aurpegiak antz handia du Veronako Arkeologia Museoko botozko irudi batenarekin, eta azken hori hizpide hartuta erretratu baten antza duela esan ohi da, hazpegiak oso errealistak baitira. Gure bilduman badira antzeko hazpegiak dituzten beste bi pieza (71 eta 77. zk.), burua ere antzera dute itxuratuta, eta beraz, guztiak sailkatu litezke brontzezko laminak deitu arte motan.

Brontzezko multzo honek antz handia du Volterrako Guarnacci Museoan ikus daitekeen Etruriako brontzezko estatuen artean ospetsuenetakoa den pieza batekin. Gizon baten irudia da, gure brontzezko irudiaren antzera proportzio guztiz estilizatuak dituena, 57 zentimetro garai baita puntu bakar batean ere ez denean 3 zentimetro zabal. Erabateko argaltasun horren aurrean esango zion Gabriele D'Annunzio italiar poetak L'ombra della sera, hots, "arratsaldeko itzala", ilunabarreko azken argiak argiztatutako giza irudi baten proiekzioa balitz bezala. Izen horrekin zabaldu da haren izena. Alberti Giacomettik ere eredutzat hartu zuen bere Emakumea zutik irudia lantzeko. Bi irudiak antzekoak direla aitzakia harturik erakusketa bat egin berri da Leccoko Manzoni Etxean. Obra honek zuzeneko harremana du Nemiko brontzeekin, baita gurearekin ere, halaxe aitortzen dute ikertzaile guztiek, nahiz eta Buonarrotti familiaren Florentziako bilduman aurreneko aldiz ikusi zuena Francesco Gori izan zelako albisteak --Volterra eskualdean aurkitu zutela azaldu baitzuen-- zalantza batzuk planteatzen dituen piezaren jatorriaren inguruan eta Miguel Angelen eskulturen artera biltzeko formaren inguruan. Nolanahi ere den, agerikoak dira antzekotasun estilistikoak, baita Giacomettirentzat estilistikaren ikuspegitik horren erakargarriak ziren ukitu modernoak ere, gure piezan are nabarmenagoak direnak irudiaren gorputzaren egitura guztiz laua delako. Izan ere, Volterrako piezaren soinak halako bolumena duela esan behar dugu.

Zentzu horretan, gure brontzeak oso elementu interesgarria eskaintzen du Italiako herrietako aspaldiko arte plastikoa aztertzeko, agerian uzten baitu artistak erabateko askatasuna zuela gizakiaren anatomia irudikatzeko orduan, ez baitzen Greziako kuros arkaikoaren antzinako eredua --modeloaren bikaintasuna adierazteko kanona lortzea zuen helburu--, gaur egun baliabide formal adierazkorren inguruko ikerkuntzarako erabiliko genuen eredua, izan abiapuntu. Beraz, gure obraren egilea, agian L'ombra della sera obraren eta brontzezko italiar moldeko beste irudi ezagun batzuen egilea ere badena, harritzeko moduan hurbildu zen estetika garaikidera. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 329-333, n° 60.