Kuros - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kuros

Anonimoa, VI mendea, K.a.

Brontzea

8,53 x 2,15 x 1,40 cm

82/890

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Gizon biluzi baten irudia. Zutik dago, zangoak zuzen eta paraleloan egokituak, orkatilen mailan eta izterren erdialdetik gora elkartuta. Laburrak eta zapalak dira oinak, aurrera begira daude. Zangoak oso zabaltzen dira aldaketan, eta gerria zeharo estutzen da jarraian. Gerriaren beheko aldean daude nabarmenduta zakila eta barrabilak. Zabalak eta sendoak dira sorbaldak, bularrak ozta-ozta irudikatuta dituela. Besoak zuzen ditu, beherantz, eskuak irekita eta aldaketan jarrita. Motza eta zabala du lepoa, eta gainean globo formako buru handia, gainazala oso higatuta duela; izan ere, koskor txiki bat baizik ez da hautematen eskuineko begian, ez dago beste hazpegiren baten eta orrazkeraren arrastorik bat ere, baina horiek ere oso bakunak izango ziren.

Vatikanoko Gregoriar Etruriar Museoko III. aretoan bada neurri bereko beste pieza bat, antz handia du gurearekin (12.090. Inb. zk.). Ale horretan askoz ere hobe antzematen dira gure irudian ia erabat desagertu diren hazpegiak eta forma anatomikoak. Joniar estiloko Aro Arkaikoaren azken aldiko kuroi motako botozko iruditzat hartua da. Hala eta guztiz ere, zuzeneko erlazioa baitu Italiako beste pieza batzuekin, etruriar giroan birsortutako hasierako joniar jatorriko prototipotzat hartu beharra dago ale hori. 1842. urtea baino lehen dago Vatikanoko bildumetan, baina ez dago adierazita nondik iritsia den. Antzeko beste ale bat dago Aquileiako Arkeologia Museoan (17.749. Inb. zk.), berdinak dira neurrietan, baina oso kontserbazio egoera txarrean dago, oso higatuta du gainazala, gureak bezala, patina oso degradatua baitu eta gune batzuetan altxatuak baititu; ematen du kuroi hauek tailer batean eta berean eginak direla kalitate txarreko materialarekin, edo oso baldintza txarretan egon direla luzaroan, baldintza txarregietan behar bezala kontserbatzeko.

Kuroi honen eta aurrekoaren oso antzeko aleak aurkitu zituzten Lapis Nigerreko botozko irudien deposituan: bertan bi sexuetako irudiak daude, segur asko bertako Vulkanori eskainiak dira ustez Romuloren hilobia zegoen lekuan. K.a. 550. eta 530. urte bitartean daude datatuta.

Iberiako botozko irudien artean oso arrunta da kuroi mota hau, gizonezkoen irudi gisa daude sailkatuta eta ez daramate objekturik eskuetan; baina aldaera asko izan daitezke zangoen eta besoen azken egokieran, eta ez dugu gure alearekin halako antza izan dezakeen besterik aurkitu. Izan ere, gure alearen erregulartasunak eta simetriak isla garbiagoa dute Italiako piezetan. Hortaz, Greziako kuroiak imitatu zituen italiar motako piezatzat hartu behar da botozko irudi hau, eta K.a. VI. mende amaieran datatu daiteke. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 325-328, n° 59.