"Kardinal baten harrera" lanerako zirriborroa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

“Kardinal baten harrera” lanerako zirriborroa

Álvarez Catalá, Luis

Madril, 1836/01/22-Madril, 1901/10/04

Olioa mihisean

30,5 x 50,5 cm

L. Alvarez (eskuineko beheko angelua)

c. 1877

69/3

Laureano de Jado jaunaren dohaintza 1914an

Tamaina erdiko konposizio bat prestatzeko zirriborroa da, sarri askotan azaldu da nazioarteko merkataritzan, eta margolanean islatzen den argudioari eta giroari erreparatuz gero, Barónek aipatzen duen kardinal baten harrera ekitaldiarekin (1791) identifikatu liteke, zalantzak zalantza. Izan ere, jauretxe bateko areto eder asko batean, apezpiku zahar batek laguntzen dion kardinalaren inguruan bilduta daude maila handiko pertsona gutxi batzuk, Erregimen Zaharreko aurreneko estatuko kideak, itxurakeriak eginez solastatzen ari direnak, inguruan gertaera bitxiak jazotzen ari diren bitartean oroz gain nagusi den protokolo giroaren baitan. Historiako gertaera jakin bat irudikatzetik urrutira, 1791. urte hartan bertan Frantziatik alde egin zuten aristokratek eta elizgizon frantsesek zituzten ohitura finak birsortzen dituen eszena da. Izan ere, Álvarezek guztiz landu zuen arte generoaren baitara bildu behar da lan hau: iraultza aurreko goi mailako gizartearen eguneroko ohiturak irudikatzen dira, gerora casacón izenarekin ezagutuko ziren, halako obretan gehien irudikatutako gizonezkoen arropari mespretxuzko aipamena egite aldera. Baina bere garaian, sofistikazio handiko argudiotzat hartu ziren halakoak, margolariaren gaitasun artistiko apartenen erakustaldia ahalbidetzen baitzuten.

Prestaketa lan txiki bezain interesgarri honek agerian uzten du Álvarezek bere egindako behin betiko obra burutu aurretik bideratutako prozesu akademikoa, izan ere, konposizioaren marrazketa bere perspektiba ildoetan antolatu eta gero, arkitektura elementuetan arreta berezia jarririk, zoruekin eta koloretako eremu distiratsuekin bete zituen margolaneko irudi eta elementu gehien-gehienak. Xehetasun osoz ageri dira baita bigarren mailako apaingarriak ere; izan ere, tronuko stemma edo armarria (haren beheko aldean azalduko dira goi mailako elizgizonak) eta aretoan sartzeko atea estaltzen duen errezelean antzematen den kardinalen armarria alde batera utzirik, azken horiek azken bertsioan baizik ez baitira deskribatuko, kontu handiz landuta daude apaingarri guztiak lehen ideiatik beretik.

Baina margolari madrildarrak, zirriborroa egiteko alderdi materialetan historiako margolari gisa jaso zuen prestakuntza garaian ikasitako teknika aplikatzeaz gain, eszena girotzeko garaian ere historiako margolari gisa jardun zuen, eta dokumentuak baliotuta erabateko zorroztasun historikoa eman zion margolanari, adibide honetan bezala, tronuaren behe aldeko Pio VI.a Aita Santuaren erretratua erakusgarri; izan ere, Aita Santu horrek okupatzen zuen Pedroren egoitza 1791. urteaz geroztik, eta haren itxura Pompeo Batoniren obren bidez ezagutzen da (antz handia du behin betiko margolanean agertzen denarekin). Hala eta guztiz ere, argudioaren garrantzirik ezak eta obra honen narrazioan gertatzen diren bigarren mailako pasarteei emandako garrantziak --adibidez, alboetako eszenetako zerbitzarien eta elizgizonen jarrerak-- garai horretako generoko eszenak ezaugarritzen dituzte. Eta, gainera, hein handi batean bermatzen zioten egileari halako arrakasta obra merkaturatzeko garaian.

Garai hartan margotu zituen ezaugarri bertsuko koadroak asko izan zirenez, bere obraren norako zuen nazioarteko merkatu burgesean arrakastatsu gertatzea bermatuko zioten erreferenteak bilatu behar izan zituen Álvarezek. Horrenbestez, margolan honetan, batez ere arkitektura elementuetan, ongi asko antzeman daiteke Jean-Léon Gérõmeren (1824-1904) margolan ezagun baten eragina, 1863koa, Luis XIV eta Molière (Public library, Malden, Massachusetts); Goupil arte salerosleak birsortu zuen lan hori 1866. urtean, arrakasta handiarekin, Girardeten grabatu baten bidez, eta 1867 eta gero, merkatuan XX. mendean ongi barneratu arte izan ziren argazki/grabatuen bidez. [Carlos G. Navarro, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 11, n° cat. 1. (Con el título Recepción en el palacio de un cardenal, y atribuido a Luis Álvarez)
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 4, n° cat. 3. (Con el título Recepción en el palacio de un cardenal, y atribuido a ÁLVAREZ CATALÁ, Luis).
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 126-127, n° cat. 26.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus de la Comunitat Valenciana ; Caja Duero, 2006. pp. 126-127, n° cat. 26.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 126-127, n° cat. 26.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 251-253, n° cat. 41. (Con el título Boceto para La recepción de un cardenal)