Izenbururik gabea (Emakumea gutuna irakurtzen) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Izenbururik gabea (Emakumea gutuna irakurtzen)

Utamaro, Kitagawa

Japonia, 1753-1806

Inprimatze xilografikoa koloretan

38,4 x 25,6 cm

Sokan Utamaro koga (相,観,歌,麿,考,画,)

c. 1792-1793

82/777

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Palacio Bilduman Fujo ninso juppon (lehendik Fujin sogaku juttai izena zuen) serieko Emakumea gutun bat irakurtzen izenburuarekin ezagutzen den estanpa da Utamaroren beste maisulan bat. Estanpa honek, berekin batera doazen beste askok bezala, ez du izenburua kartutxoaren tarteko zerrendan adierazita, hor seriearen izena baizik ez da ageri. Beste aldean artistaren sinadura ageri da zentsorearen zigiluarekin eta Tsutaya Juzaburu argitaldari handiaren zigiluarekin batera, argitaldari horrekin landu baitzituen Utamarok bere lan onenetako batzuk, argitaldari harekin lan egin zuten beste artista askok (Hokusai, Kiyonaga eta Sharaku) bezalaxe. Azken egile horrek ibilbide laburra eta enigmatikoa izan zuen, irauli egin zuen antzerkiaren mundua kabukiko izarrak bizitasun handiz eta modu ez konbentzionalean erretrataturik, betiere mika hautsezko geruzez estalitako hondoaren aurreko aldean nabarmendurik. Utamaro izan zen estanpa mota zoragarri hori emakume ederren generora (bijin-ga) eramateko arduradun nagusia.

Utamarok marrazkia guztiz menderatzen zuela eta emakumeen buruaren barnean begiratzen maisua zela utzi zuen agerian, emakumea seduzitzen aurkeztetik barne gogoetetan murgilduta aurkeztera iristen da. Erretratuaren artearen bidez emakume bakoitzaren psikologia harrapatzeko modu horrek eraman zuen egilea estanpa hau Utamaro fisonomistak marraztua formula hertsiarekin sinatzera. Ez dakigu artistak zer nolako nortasuna eman nahi izan zion irakurle horri, emakume ezkonduari, hortzak beltzez tindatuta dituela, gutun bat arreta osoz irakurtzen ari dela.

Japoniar artearekin osatutako funtsak dauzkaten munduko museo nagusietan dago obra hau, serie honetako estanpak baliotsuenak bihurtu baitira Utamaroren ibilbidean, hain baita handia haien kalitate artistikoa eta estanpazio bikaina, Tsutaya Juzaburo argitaldariarekin izandako elkarlan estuarekin bat egiten duena. Zentzu horretan, esan dezagun ukiyo-e grabatuaren Urrezko Aroko obra klasiko baten aurrean gaudela. 1797an bat-batean hil zen argitaldari hori, eta eskuarki data hori hartzen da Utamaroren ibilbidean inflexio-puntu gisa, nahiz eta geroago ere maisulan batzuk egin zituen. Kontserbatu diren kopiek aldaketa batzuk erakusten dituzte kimonoen kolorean, baina horrek ez du esan nahi beste kronologia bateko argitaraldi bati dagozkionik. Estanpa hau duten beste museo batzuen artean daude Amsterdamekoa (Rijksmuseum), Londreskoa (British Museum) eta Bostongoa (Museum of Fine Arts). (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 213, 270-271, n° cat. 72.