Iwai Hanshirô IV.a kabuki aktorea, dantzatzen dagoen itsu gisa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Iwai Hanshirô IV.a kabuki aktorea, dantzatzen dagoen itsu gisa

Shunsho, Katsukawa

Japonia, 1726-1792

Xilografia

32,7 x 15,2 cm

Shunsho ga

1787

XVIII. Mendearen azken laurden

82/770

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

XVIII. mendearen azken hamarraldietako artista arrakastatsuenetakoa izan zen Katsukawa Shunsho antzerki munduko estanpen generoan. Bere garaian oso ohikoa zenez, bere konposizioak lantzeko ere formatu luze bertikalak erabili zituen, halakoetan gorputz osoarekin irudikatzen zituen antzezlariak, betetzen zuten rolei zegokien arropekin jantzita eta makillatuta, irudiak betiere hondo neutro liso edo oso sinpleen aurrean kokaturik. Estanpa honetan protagonista nor den identifikatzen ez bada ere, artistaren garaian denek ezagutzen zuten Iwai Hanshiro IV.a (1747-1800) antzezlaria, artista handia baitzen emakumeen rolak jokatzen, onnagatarena egiten zegoen espezializatuta. Izan ere, kabuki antzerki motan agintariek debekatuta zegoen emakume antzezlarien presentzia. Aurpegi mehea erakusteaz gain, artistak hondoan ipini dituen haizetako zabalduek salatzen dute antzezlaria, izan ere, haizetako ireki horiek antzezlarien leinua nabarmentzeko nortasun marka modura erabiltzen zen mon edo ikurrari egiten diote erreferentzia. Zirkulu bat marrazten zuten hiru haizemaile irekien bidez (ziriak zentrorantz bideratuta) adierazten zen Iwai Hanshiroren mon edo ikurra. Ohi zenez, ikur hori antzezlariaren arropetan azaltzen zen, kasu honetan mahukaren parean.

Iwai Hanshiro IV.a ia beti antzezlanetako emakume protagonisten itxurarekin azaltzen bazaigu ere, salbuespen bat dugu honakoa. Masajista itsu baten modura ageri zaigu antzezlaria 1787ko udaberriaren amaieran parte hartu zuen Nanae Ginu Azuma Hinagata izeneko dantza ikuskizunaren harira. Bertan, Iwai Hanshiro IV.a askotariko zazpi rol jokatzen ditu, bakoitza dagokion dantzarekin; besteak beste, zato edo pertsonaia itsuarena egiten du, eta dantzatzeko orduan itsuek erabili ohi duten makila baliatzen du. José Palacio bildumagileak antzezlari itsua dantzan izkiriatu zuen arkatzaz estanparen ifrentzuan. Estanpa hau Katsuwaka Shushok antzezlarien jarrerak irudikatzeko zuen talentu apartaren adibide bikaina da, antzezlarien keinuak eta mugimenduak nabarmentzen ditu, biluztu egiten du agertokia, eta antzezlarien keinuak nabarmentzeko ahalik eta elementu gutxien ekartzen ditu eszenara. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 216-217, 264-265, n° cat. 69.