Herakles erasoa jotzen, leontea ezquerreko besoan eta mazoa eskuinekoan - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Herakles erasoa jotzen, leontea ezquerreko besoan eta mazoa eskuinekoan

Anonimoa, III. mendea, K.a.

Brontzea

5,75 x 3,82 x 1,84 cm

82/844

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Heraklesen irudia, zutik. Eskuineko hanka zuzen eta apur bat atzeratuan hartzen du atseden, ezkerrekoa tolesturik eta aurrerantz urrats bat egiteko keinuarekin duen bitartean. Soinaren muskulaturari tratamendu orokorra eman dio egileak bularrezurraren lerroan ildo bertikal handi bat marrazturik, eta oso ongi du zehaztuta pubis aldeko triangelua. Bularrean bi sakonune erdiesferiko txikien bidez daude adierazita titiburuak. Motza du ezkerreko besoa, kanporantz luzatuta du esku ahurra irekita duela sorbaldek eratzen duten marrarekin bat egiteko. Leontea (lehoiaren larruazala) darama eskuan, bi aldeetatik du irudikatuta ilajea erdian bat egiten duten bi ildo lerroren bidez, gibelaldekoak desitxuratuago daudela. Eskuineko besoa altxatuta eta gorantz tolestuta du, eskua itxita duela hautsi den makilaren muturrari eusteko. Globo formako burua du, hazpegiak ongi markatuta, ahoa handia eta erdi irekia, ezpainak lodiak, sudurra motza eta zabala eta begiak obalak bekainek inguratutako bi zuloetan sartuta. Kopeta txikia du, eta burugainetik abiatzen diren eta ildaxka erradialek bereizten dituzten ile xerloen bidezko orrazkera ageri du. Gainera, piramide formako punta lodi bat du kopetaren goiko aldean, aurreko piezek bezala.

Taldeko gainerako piezekin duen zuzeneko erlazioaren barruan, esan dezagun kasu honetan antzekotasun handiagoa duela Parmako Museo Arkeologiko Nazionalean dagoen brontze batekin. Azken hori, anatomiari eta hazpegiei emandako tratamenduagatik, samnitar estiloaren baitan kokatzen da, baina zaila da hazpegi jakin batzuen nagusitasuna eremu geografiko jakin batera mugatzea, gisa honetako piezak jabe asko izan baititu XVIII. mendeaz geroztiko antigoaleko gauzakien merkataritza jarduera biziari esker. Gainera, kontuan eduki behar da jada Antzinaroan distantzia handiak egingo zituztela Heraklesi emandako iruditxoek, gutxienez aziendak egiten zituen distantzia berak , irudiok animalia horiek babesten baitituzte. Zentzu horretan, oso adierazgarri ona da Chalon-sur-Saõnen antzeko beste ale bat aurkitu izana: irudi horren zangoak eta besoak jarrera berdinetan daude eta kopeta gainean ere punta lodi bat du. Beraz, Italiatik iristen zen aziendak Frantzian barrena erabiliko zituen bideetako bat adierazi lezake irudi horrek.

Milango Museo Zibiko Arkeologikoko ale batek, samnitar seriearen eboluzioaren tarteko piezatzat hartua denak, ageriko bat etortzeak erakusten ditu anatomia laburbiltzeko forman, muskulatura ahulduta du, pubis aldeko triangelua eta titiburuak nabarmenduta. Horrek ere punta bat du kopeta gainean, egileak leontea estilizatzeko baliatu zezakeen, baina agian Alexandro Handiaren orrazkerarekin lotu behar da, haren orrazkera anastoleak Heraklesen irudia kutsatu baitzezakeen. Erlazio hori aintzat hartzen badugu, K.a. IV. mende amaieran edo III. mende hasieran kokatu beharko genuke gisa honetako irudia. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 256-259, n° 40.