Herakles aurra eta sugeak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Herakles aurra eta sugeak

Anonimoa, III-II. mendeak, K.a.

Brontzea

5,31 x 2,46 x 3,52 cm

82/906

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Haur baten irudia, mugitzen ari da. Biluzik dago, aurrerantz dago inklinatuta, ezkerreko zangoa luzatuta eta eskuinekoa atzerantz tolestuta. Keinu berari laguntzen diote besoek, ezkerrekoa aurrerantz goratuta, eskuinekoa atzerantz eta beherantz inklinatuta; ondorioz, oso kiasmo nabarmena erakusten du irudiak. Eskuineko izterra mehetua du barruko aldetik, eta ildo batzuk dauzka markatuta gibelaldean. Aurrerantz inklinatuta du burua, nabarmendu egiten du gorputzaren eta eskuineko eskuaren ahalegina. Adierazkortasun txikiko ebakien bidez daude irudikatuta hazpegiak. Ileak, batzuk ildo sakonen bidez irudikatuak, kopetatik abiatzen dira garondorantz eta buruaren bi aldeetarantz, ordenarik gabe, ile batzuk besteak ebakitzen, burezur osoa oso modu zehatzean inguratzen duen ildo batek mugatuta.

Zango eta beso muturrak galduta baditu ere, tentsioan dagoen irudiaren jarrerak eramaten gaitu garrantzirik gabeko egoeran dagoen haur baten irudikapena ez baizik eta eskuz helduko zuena urrunarazteko ahalegin nabarian borrokatzen ari den haurraren irudikapena dela ondorioztatzera. Jarrera horretan dauden aspaldiko haurren irudien artean ageri zaigu Herakles edo Altzides sugeen aurka borrokatzen, Herak haren sehaskara itotzeko xedearekin igorri zituen sugeen aurka borrokatzen. Gure alean eskuineko izterra barruko aldera mehetua duela ikus dezakegu, atzetik aurrera atxikiko zitzaion pieza biribilduari leku egiteko balego bezala, eta beste horrenbeste salatzen digute izterraren gibelaldeko ildoek. Oso litekeena da sugeetako bat eskuineko zangoan kiribilduta egon izana; pieza independente bat izango zen, baina galdua dago era berean lotuko zituen zango eta beso muturrekin batean.

Pasarte hori irudikatzen duten marmolezko estatuetan Herakles haurra eserita ageri zaigu, eskuak gorantz edo beherantz; halaxe ageri zaigu San Petersburgoko Hermitage museoko eskultura ederrean, bertako Heraklesen hazpegiek antz handia baitute gure brontzearenekin. Jarrera berean ageri da Greziako txanpon batzuetan, esate baterako, Crotonako K.a. 370. urte inguruko estatera baten ifrentzuan. Baina brontzezko eskulturak aukera ematen du konposizio arinagoak lantzeko, Herakles zutik aurkezteko eta mugimendu askatasun handiagoarekin irudikatzeko.

Frantziako Liburutegi Nazionalean sugeen aurka borrokatzen ari diren sei haurren irudi daude, haietatik hiru Heraklesekin identifikatzen dira, eta beste hiruak sehaska partekatzen zuen anaia hilkor Ifiklesekin, azken hori ongi asko bereizten baita izuak hartuta dagoelako anaiak ito beharrean dauzkan sugeen aurrean. Etruriar zista baten heldulekua dekoratzen du pasarte osoak, eta British Museum museoan dagoen erromatarren garaiko beste ale batean ere dago pasarte hori irudikatuta. K.a. III. mende inguruan datatu beharreko etruriar alean bi anaiak kontserbatu dira, haien aurrean dago Anfrition, Alkmenaren senarra eta Ifiklesen aita, itxura batean harrituta eta gogoetetan murgilduta dagoena bi haurren portaera ezberdinen aurrean. Horixe izan liteke konposizioaren jatorrizko zentzu ikonografikoa, berpizkundeko obretan ere gisa horretan irudikatu baitzuten, baina Heraklesen jaiotzetiko indarra da nabarmentzen den funtsezko kontua, haren geroagoko biografia osoa iragarriko baitzuen gertaera horrek, izan ere, Herak igorriko zizkion beste munstro askoren aurka borrokatu beharko zuen, eta beti gertatuko zen garaile bere loria eta Herarena , Herari zor baitio izena, agerian uzteko.

Ale honen estiloak antz handia du gure bildumako beste etruriar brontzeekin, ileak ebaki sakonekin eta ordenarik gabeekin irudikatuta dauzkaten aleekin. Hazpegiek ere etruriartzat edo italiartzat hartutako piezak ekartzen dizkigute gogora, eta beraz, Herakles haur hau jatorri berekoa izan daiteke, K.a. III. eta II. mende bitartean datatu behar da, helenismo beteko garai hartan ugaldu baitziren haurren irudi horiek. Segur asko British Museum museoko aipatu zistaren antzeko zista baten estalkia apaintzeko pieza bat izango zen. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 205-208, n° 26.