Hegazterrena - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Hegazterrena

Anonimoa, III-IV. mendeak

Brontzea

4,57 x 3,61 x 2,14 cm

82/902

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Pauma baten irudia, gorputz handikoa, bi hanka zuzen eta paraleloen gainean atseden hartzen duena. Hegoak gorputzaren goiko zatian ditu itsatsita, hein batean irtenak ditu plano horizontalean, eta gorputzaren alde osoa alderik alde igarotzen dute bisera baten gisara. Lepo luzea eta lodia du, buru txikia eta moko zorrotza, eta buruaren gainean luzakin bat, espezie honi berezkoa zaion lumazko gandorra irudikatzen duena. Isats handia eta laua du, bertikalean goratuta. Lepoa, gorputza eta isatsa ebaki txikiekin dekoratuta ditu, ebaki horiek lumak irudikatzen dituzte, eta elkarren gainean egokitutako geruzak eratzen dituzte, barruan adarrak hedatzen direla. Lau zerrenda bertikaletan zatituta du isatsa, zerrenda horiek marra eten paraleloekin beteak direla.

Erromatarren garaian oso arruntak ziren olio lanparak eta altzariak apaintzeko xedean erabiltzen zituzten hegazti irudiak. Gehien-gehienak erraz erauzten diren pieza soldatuak dira, eta beraz, zaila da zer objektu mota osatuko zuten ondorioztatzea. Konfigurazioaren eta apainduraren ikuspegietatik oso pieza antzeko bat dago Marokoko erromatarren garaiko brontzeen artean. Burua atzera biratua du eta isatsa zeiharrean, antzeko formatu baten barruan betiere, izan ere, ohikoa zen artisauek beren gustuko aldaerak egitea. Alemaniako antzeko beste pieza batek brontzezko argimutil bat osatzen du, eta kazola txiki bat darama isatsaren puntan. Reginan (Casas de Reina, Badajoz) aurkitutako uso formako argimutilean ikus daitezke lumak irudikatzeko ebaki mota berdinak; pieza horrek estalki biragarria zuen diskoaren gainean, eta K.o. IV. edo V. mendean datatua da.

Pauma da mitologia klasikoan Hera irudikatzen duen animalia. Herak eraldatutako Lamiaren irudia da, Lamiak jainkosari eskatu baitzion beti esna edukiarazteko, eta jainkosak eskaera onartu ondoren nekeak jota hil baitzen Lamia. Orduan Pauma bihurtu zuen Herak, eta haren lumetan beti zabalik dauden begiak marraztu zituen, Lamiarenak bezalakoak. Paumaren eta Zeusen emaztearen arteko lotura hori, antzinako artean sarri errepikatua, ez zuten bazter utzi lanparak egiten zituzten artisauek, animalia hori erabiliko baitzuten argia eta argiztapena uneoro gogorarazteko. Erromatarren azken garaian eta kristautasunaren lehen mendeetan, data horietan kokatu behar baitugu ale honen estiloa, Paradisuan bizi ziren arimak irudikatzeko ikur bihurtu zen pauma, eta hori bateragarria da gure alearen eta olio lanpara txiki baten arteko balizko erlazioarekin. (Ramón Corzo, 2011)