Gaztea pergamino batekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Gaztea pergamino batekin

Guercinoren iruzurgilea

Aktibo XVIII. mendearen lehenengo zatian

Tinta sepia arkatz eta lapitzez

26 x 20,8 cm

82/816

María de Arechavaleta andrearen legatua, José Palacio jaunaren bildumakoa, 1954an

Sepia koloreko tintaz egindako marrazki hau José Palaciok eskuratu zuen 1926. urtean Parisen egin zen Boussac bildumaren enkantean Giovanni Barbieriren (Il Guercino --begi okerra--izengoitiz ezaguna, Cento de Ferrara, 1591- Bolonia, 1666) obra zelakoan. Guercinok jarraitzaile eta imitatzaile asko izan ditu, besteak beste marrazki honen egilea, Gabriele Finaldik eta Denis Mahonek 1998an adierazi zutenaren arabera 'Guercinoren faltsutzailea' bera, Ferrarako maisuaren marrazkien estiloa imitatu zuen XVIII. mendeko artista, antzeko teknika eta materialak erabili zituena; izan ere, asko dira Guercinoren obratzat hartutakoak egiazki beste egile honenak direnean. Prisco Bagni italiar ikerlariak artista horren ibilbidea eta obrak aztertu baditu ere (egile horren paisaiekin eta erretratuekin bi liburuki osatu ditu), oraindik ezin izan da egilea identifikatu.

Marrazki honetan emakume gazte bat ikusten dugu albotik begiratuta, aldaketatik gora. Hiru fase bereizten dira lan hau sortzeko prozesuan: lehenengoan laukiratze azkar bat, arkatzaz, ia hautematen ere egiten ez dela; bigarrenean oso trazu solteak eta bihurgunetsuak; eta azkenik, ondoz ondo paraleloan egokitutako marra zuzenak, laburrak eta luzeak, arinak eta sakonak, marrazkiari azken ukituak ematen dizkiotenak. Aipagarria da gaztearen bizkarrean jotzen duen argiaren estudio interesgarria, baita aurpegiaren modelatua ere, haren profila azpimarratzen duen ingerada nabarmenarekin, paraleloan egokitutako marra finen bidezko itzal leunekin kontrastea eginez. Marrazkia 'Guercinoren modura' bikain landuta dagoela kontuan izanda ere, badira haren estilotik aldentzen diren bi ezaugarri. Alde batetik, arkatzaz egindako lehen zirriborroa, eta bestetik gaztearen ezkerreko mahukako tolesetako itzalak, azken hauek trauskil landuta baitaude. Nolanahi ere den, ez dago egile honen maisutasuna ukatzerik, obra honetan zintzoki aplikatu baitu Guercinoren estiloa. Gainera obra honek antz handia du maisuaren Emakumearen gorputz erdiaren estudioa izenburuko marrazkiarekin; obra hori 1620. hamarraldiaren amaieran datatua da eta Pradoko Museoan dago. (Ana Sánchez-Lassa, 2005)

Bibliografia hautatuta

  • Collection M. J. Boussac. Catalogue des dessins et aquarelles des ecoles francaises & etrangeres du XV au XIX siecle. Enluminures. Galeries Georges Petit, Vente 10 et 11 mai 1926. Paris. p. 42, n° cat. 88.
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 175, n° cat. 42-a. (Con el título Joven con un pergamino, y atribuido a Il Guerchino)
  • Dibujos y grabados, siglos XV-XVIII : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2005. pp. 56-99. (Atribuido al Falsario del Guercino)