Gazte eskaintzailea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Gazte eskaintzailea

Anonimoa, VI-V. mendeak, K.a.

Brontzea

11,93 x 5,32 x 4,64 cm

82/854

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakume baten irudia, besoak zabalik eta aurrerantz luzatuta dituela. Zuzen eta paraleloan jarritako hanketan hartzen du atseden, oin lodiak moztuta ditu puntan. Belaunetatik gora elkartuta ditu hankak, sexua adierazteko ildo bat du izterren artean, eta aldakak zabalegiak ditu. Oso-oso estua du gerria, eta kalizaren formarekin irekitzen da besoetan luzatzeko; aurrerantz kurbatzen diren sekzio zilindrikoko besoak ditu, eta ez da artikulaziorik antzematen sorbaldetan eta ukondoetan. Eskuak falta zaizkio baina ezkerreko eskumuturra goratuta du, bi eskuekin objektu bati heldu izan balio bezala. Bularraldean oso markatuta ditu kono formako bularrak. Lepo motz eta sendo baten gainean du egokituta burua, eta burugaina horizontalean du moztuta, beste material batez landutako orrazkerari leku egiteko prestatuta balego bezala. Oso meheak dira hazpegiak, baina era orekatuan daude banatuta, sudurra zuzena eta motza, begiak handiak arku bikotzean elkartutako bekainen azpian, eta ahoa ebaki sakon batez adierazita. Disko formakoak ditu belarriak, burezurraren alboetan ditu itsatsita.

Jarrera bera eta antzeko ezaugarri estilistikoak antzematen dira Saint-Germain-en-Layeko Antigoaleko Gauzakien Museoan dagoen irudi batean; azken hori Apolo gisa dago kalifikatuta hemeretzigarren mendeko tradizioari jarraiki, antzinako Greziako kurosekin zuzeneko erlazioa baitu, bereziki Berlingo Museoan dagoen Naxos uharteko Apolorekin. Frantziako piezak, Orange inguruan 1868. urtean aurkituak, mugimendua salatzen duen jarrera du, eskuineko hanka aurrera eramana du urratsa egiteko, artikulazio anatomikoak landuago ditu, baina zabalduta dituen besoen jarrerak eta hazpegien egiturak --belarri txikiak buruaren alboetan itsatsiak eta burezurraren gainaldea horizontalean moztua-- iradoki lezakete bi obra horiek tailer ezberdinetan landuko zuten jatorri estilistiko bera dutela.

Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionaleko botozko irudien artean, Collado de los Jardines (Santa Elena, Jaen) santutegitik iritsitako irudien artean, bada bat aldaka berdinak dituena: bi objektu txikiri (ustez fruituak izango ziren) heltzen die zabalik dauzkan eskuekin, eta ez zaio antzekorik ezagutzen. Santutegi beretik etorritako beste emakume bat irudikatzen duen brontzean antzeko estilizazioa hautematen da soinean, besoak zabalik ditu eta kono formako bularrak ditu. Pieza horretan kapelu zilindriko zapalaren forman dago buruari itsatsita burugainekoa, uhin formako zerrenda batez apaindua, bertatik bizkarra estaltzen dion beloa erortzen zaiola. Gure alea Iberiako botozko irudi horrekin erlazionatzerik baldin badago, burugainekoa eta mantua bereizirik landuak izango zirela ondorioztatu genezake, agian urrezkoak edo zilarrezkoak izango ziren, eta burugainean egokituko ziren. Anatomia estilizatu honen antzeko ezaugarriak ditu Museo Arkeologiko Nazionaleko beste brontze batek, azken hori Vives bildumatik iritsia, aurkikuntzaren berririk eman gabe. Azken irudi horrek diseinu triangeluarra ageri du, hankak bloke bakar batean egituratuta, aldakak oso zabalak, gerria oso-oso estua, besoak bularraldean bilduta, bularrak gure piezan ikusten diren kono formako botoi berdinekin irudikatuak. Oso kopeta txikiaren gaineko burugain horizontal moztuak ere gerora erantsiko zioten burugainekoari egingo zion leku.

Gure brontzea Iberiako botozko irudi motetatik oso gertu dagoela ondorioztatu dezakegu, nahiz eta ez den oso eredu arrunta; izan ere, agerikoa da antzinako Greziako artearen ereduak irudiaren irudikapen egokiaz baino anatomiaren sektore bakoitza elkartzen duten kurben efektu harmoniatsuaz arduratzen den estilizazio geometriko batera eramanak direla. Itsatsita izango zuen burugainekoak, agian belo bat bizkarraldean, nabarmendu egiten du pieza honen izaera berezia, eta agerian uzten du pertsona garrantzitsu batek egindako enkargu berezi baten emaitza dela. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 311-314, n° 55.