Flora nanoa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Flora nanoa

Larroque, Ángel

Bilbao, 1874/09/06-Bilbao, 1961/01/22

Olioa mihisean

145 x 89 cm

1904

82/2423

1934an eskuratua

Velazquezek nanoen eta gizaki gutxi gorabehera itxuragabeen hainbat erretratu landu bazituen ere, Juan de la Encinak nabarmendu egin zuen Larroqueren emakume nano honen eta Velazquezen beste margolan baten arteko zuzeneko harremana; Velazquezen lan horretan ez da bufoi ero bat edo gorteko morroi bat ageri, filosofo bat baizik, Esopo, alegia. Bi erretratatuen alde fisikoak agerikoak badira ere, arte kritikariak ez zuen aipatu harremana finkatzeko argudiorik eskaini. Hala eta guztiz ere, ez da zaila haren pentsaera irakurtzea: alde batetik, Velazquez ekartzen zion gogora nanoen gaiak, baina bestetik, Sevillako artista gogoan hartuta, Esoporena gogorarazten zion Floraren buruak.

Esoporen seriotasun dotore eta patxadatsuak, hein batean behi baten itxurako hazpegi zuri eta koipetsuekin, haragi bigunek eta beratuek ohi dutenez, halako antza du Floraren jarrerarekin, baina soilik hein baterainoko antza. Esoporen begi lausoetan halako destaina antzematen da, eta haren jarreran neke fisikoa nabari da, agerikoa liburu bati esku batez eusteko moduan, beste eskua soineko luze arrunt eta zaharreko tolesen artean ezkutatzen duela sabelaldearen parean.

Bestelakoa da Flora. Nanoa da, baina ez ditu hazpegi mongoloideak. Izan ere, adimena salatzen dute Floraren hazpegiek, baina baita etsipen malenkoniatsua ere. Tentsio prospektiboa du haren begiradak, eta halako gogortasun zaintsua eta leuna nabari zaio lepoan, masailetan eta kopetan, Esopori ez bezala. Izan ere, gorputzagatik ez balitz, soilik buruari erreparaturik (bi kasuetan ezkerretarantz alboraturik), Flora emakume heldu eta guztiz normala dela esan genezake. Aurpegi hori eta begirada galdetzailea ikusirik, inork ere ez luke zalantzan jarriko emakume osoa, betea, dela irudikatutakoa, gaitzak jota ez dagoen emakumea. Velazquezen ergelek eta bufoiek beren urritasuna (burukoa eta fisikoa) modu integralean adierazten badute ere (agian Diego de Acedok, Lehengusuak, izan ezik), Flora honek argi eta garbi bereizten ditu bere gogoa izan daitekeena (bere buruaren bidez irudikatua) eta bere errealitatea (bere gorputzaren bidez irudikatua).

Larroquek Espainiari eta Gaztelari buruzko metafora bat landu zuen Flora obrarekin, iraganari eta etorkizunari buruzkoa, laurogeita hemezortzigarren belaunaldikoentzat oso gustukoa zen joerari jarraiki. Herri bateko (Ledesma ikusten da emakumearen gibelaldean) emakume batek bizirik ditu iraganeko garai historikotik jasotako memoria eta jakintza, halako duintasunez jasandako txirotasunera murriztuta geratu den orainaldi apalarazian. Aldean eta eskuko hatzen artean estu helduta daramatzan bi objektuek berretsi egiten dute interpretazio hori: eskuineko eskuan, bularraren eta sabelaldearen artean, bihotzetik hurbil, giltza bat du, babestu denaren (ezagutza zein aberastasuna), garrantziaren eta oinarrian baliotsua denaren sinboloa, hau da, etorkizunean beste batzuei utzi beharrekoaren sinboloa. Bere iraganaren zaindari ez ezik bere herriaren zaindaria ere bada Flora. Beste eskuan duen buztinezko ontziak, bertan behar duen edukiak bezala (ura eta, beste zentzu batean, baita ardoa ere) berretsi egiten du adierazitakoa (gorde, eraman, kontserbatu...), berretsi egiten du bizitza bera, dagokion karga malenkoniatsuarekin ez baita eteten eta uneoro ari baita mugitzen.

Emakumeak, txiroki jantzita, piltzarrik gabe baina, kolore gorri iluneko gona du amantal beltz batez estalita; sorbaldetan, artilezko tokilla laukiduna, lauki horiek ere beltzak eta gorri ilunak, tokillaren muturrak ia gerriraino iristen zaizkiola bularraldean gurutzatu eta gero. Emakumearen irudiak erabat hartzen du lehen plano ilundua. Haren gibelaldean, tarteko distantziara eta urrunean, eguzkiak argiturik, mazela leun batean behera egokitzen dira herri bateko etxeak margolanaren erdi altueran halako zerumuga eratuz; arratsaldeko hodeiek zeharkatzen duten zeru urdinak hartzen du gainerako zatia goiko aldean.

Obra honi erreparatzean Ignacio Zuloaga aipatu ohi zuenez, Juan de la Encinak margolan hau baliatu zuen Larroque Zuloaga baino gehiago zela adierazteko, gehiago zela sendotasunean eta pinturaren teknikaren ezagutzaren alorrean, azken buruan maisulana dela egileak ezin gaindituzko moduan irudikatu zuelako Floraren izaera berezia. Velazquezen gorteko pertsonaietatik eta nano atseginetatik urrutira, Zuloagaren Mercedes mongoloidetik urrun (Bordele inguruko emakume itxuragabea, Zuloagak 1899an margotua: Mercedes andre nanoa, Musée d'Orsay, Paris) eta Gregorio zahatogile nanotik (Ermitage Museoa, San Petersburgo; Flora lehenagotik landua izan zen), 1900. urte inguruko Bilboko aldirietako bazter jendea, jende itxuragabea, handinahikeriarik gabekoa, bere horretan erretratatzean Manuel Losadak erakutsiko zituen errukiarekin, urrikalmenduarekin eta humanismoarekin estu lotuta dago Larroqueren emakume honenganako begirada. (Javier González de Durana)

Bibliografia hautatuta

  • Encina, Juan de la. "Exposición Larroque : comentarios de un visitante", El Nervión. 17-21/02/1910. s.p.
  • Tovalina. "De arte : la exposición Larroque : en casa de Delclaux", El Porvenir Vasco. 22/02/1910-01/03/1910. s.p.
  • Larroque [Folleto]. Madrid, Patronato Nacional de Museos, 1976. pp. 11, 22, n° cat. 27.
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 76 (Con el título La enana de Ledesma).
  • Quesada, Luis. Tipos y escenas de Castilla en la pintura española, 1840-1940. Burgos, Caja de Burgos, 1988. p. 60.
  • Arnáiz, Jose Manuel [dir.]. Cien años de pintura en España y Portugal, 1830-1930. Madrid, Antiquaria, 1990. Vol. IV, p . 240.
  • Galilea Antón, Ana María. "A propósito de las obras del Museo de Bellas Artes de Bilbao depositadas en otras Instituciones", Urtekaria 1992 : asterlanak, albistak = anuario 1992 : estudios, crónicas. 1993. pp. 19-72, il.
  • Castañer López, Xesqui. "Iconografía de la mujer en los pintores vascos, siglos XIX y XX", Kobie : bellas artes, n° 2. 1984. p. 110.
  • Castañer López, Xesqui. La imagen de la mujer en la plástica vasca contemporánea, s. XVIII-XX : aproximación a una metodología del género. Bilbao, Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea, 1993. p. 67.
  • La mirada del 98 : arte y literatura en la Edad de Plata [Cat. exp.]. Madrid, Ministerio de Educación y Cultura, 1998. p. 148, n° cat. 82.
  • Emakumearen irudia : bestelako begiratu bat = La imagen de la mujer : otra mirada [Cat. exp.]. Vitoria-Gasteiz, Diputación Foral de Álava, 2003. pp. 56-57. (Con el título La enana Ledesma)
  • Ángel Larroque : un pintor, el olvido y la memoria [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2003. s.p., n° cat. 10.
  • Mezu gurutzatuak : denboraren esparruan errealitatearekin mintzatuz = Mensajes cruzados : parlamentar con lo real en el tiempo [Cat. exp.]. Vitoria-Gasteiz, Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa = Centro-Museo Vasco de Arte Contemporáneo, 2005. p. 166
  • Manterola Ispizua, Ismael. Hermes y los pintores vascos de su tiempo. Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia = Diputación Foral de Bizkaia, 2006. p. 242.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 545-547, n° cat. 123.
  • García-Figuerola, Miguel. Salamanca y la pintura costumbrista durante la época de la Restauración, 1875-1931. Salamanca, Centro de Estudios Salmantinos, 2020. pp. 58, 148-149, il.