Eguzkitakodun dama - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Eguzkitakodun dama

Zuloaga, Ignacio

Eibar (Gipuzkoa), 1870/07/26-Madril, 1945/10/31

Olioa mihisean

97,5 x 65,5 cm

I. Zuloaga ((ezkerreko beheko angelua)ezkerreko behe-angelua

c. 1895-1897

82/55

Severino Achúcarro jaunaren oinordekoen dohaintza 1924an

Itsasotik gertu paseoan dabil emakume hau, agian itsaslabar batean barrena itsasontziak urrutira daudelako eta hondoan, eskuinetara, giza irudi txikiak ikus daitezkeelako. Emakumea gorputzaren erdialdetik gora ageri zaigu, mahuka harro motz eta handiak dauzkan soineko batekin jantzita, buruan apain orrazia, mantelina eta zetazko xala. Mugitzen ari dela ematen du, edo mugitzear dagoela, ikuslearen begietara une batetik bestera ezkerretatik desagertuko delako sentsazioa eraginez. Laukiratzearen ezegonkortasuna eta mugimenduaren sentsazioa areagotu egiten ditu eguzkitakoaren giderrak marrazten duen diagonal sendoak. Gainera goragoko ikuspegi batetik hartua da emakumearen irudia: zinemako hiztegia erabiliz, goitik beherako hartzea da laukiratze hau. Ustekabeko begi batek ezin errepikatu daitekeen une hori harrapatu du antza, eta horrek argazkira eramaten gaitu, eta beraz, Degas gogorarazten digu, Villamarcielen erretratuak bezala. Eremutik ihesean doazen pertsonaia horiek kritikaren txantxa zorrotzen bat ekarriko zioten urte batzuk geroago artista eibartarrari.

Espainia zurikoa deitu ohi diren Zuloagaren margolanen artean sailkatu behar da obra hau, nahiz eta ustez oso argitsua den eguna paleta ilunarekin deskribatuta dagoen. Aipatu margolan horietan bere estiloa finkatzen hasia zen artista, baina oraindik ez zuen bere estilo helduari berezkoak izango zitzaizkion erretorika iluna eta tremendista aplikatuko. Hala eta guztiz ere, arian-arian bazterrera utzi zituen Parisko eraginak, eta leku handiagoa hartu zuten espainiar pintoreen ereduek, bereziki El Greco, Ribera, Velázquez eta Goyaren moldeek. Aitzitik, margolan batzuetan, esate baterako honakoan eta honekin zerikusia duten beste batzuetan, espainiar pintura horrekin lotura estuena izan zuen Édouard Manet (1832-1883) margolari frantsesarena da eragin agerikoena, Zuloagak bizi zuen egoera irudikatu ahal balu bezala; izan ere, askeak dira pintzelkadak eta enpasteak, irudiak presentzia handia du hondotik bereizirik, eta oso bizia da diseinu orokorra.

Landutako gaiaren ikuspegitik, inpresionismoaren aurrekari jakin batzuk ekartzen dizkigu gogora eguzkitako bat duen emakume honek. Hala eta guztiz ere, Alfred Stevens da Belle Époqueko emakumeak kostaldetik gertu aurkezten egile handienetakoa. Egun argitsuetan hondartzan edo itsasertzean egokitutako emakumeen irudi atseginetatik lan ilunagoetara (iluntasun hori ez zen beti atmosferako fenomenoek eraginda) eta pintura ez hain landuetara lerratu zen Stevens 1890eko hamarraldian. Gogora ekarri behar da, zuhurki ekarri ere, Zuloaga Henri Gervexeren Parisko estudioan hasi zela ikasten, eta Gervex Stevensen lagun mina zela, harekin batera landu baitzuen 1889ko Parisko Erakusketa Unibertsalaren harira Mendeko panorama izenburuko obra (Musée de lArmée, Paris).

Bukatzeko, esan dezagun sinadurarekin batean eskaintza ageri dela: Al amigo S. Achúcarro. Severino Achúcarro (1841-1910) bilbotar arkitekto ezagunari eskainiak dira hitz horiek. Arkitekto horren lanen artean, aipagarria da Bilboko zabalgune berriaren diseinua, Alzola eta Hoffmayer ingeniariekin batean burutuko zuena. Zuloagaren laguna izan zen Achucarro, eta haren oinordekoek obra hau dohaintzan eman zioten Museoari 1924an.

[Javier Novo González eta Javier Viar, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 34, n° cat. 106. (Con el título La dama de la sombrilla, y atribuido a Ignacio Zuloaga)
  • Pintores y escultores vascos de ayer, hoy y mañana. Bilbao, La Gran Enciclopedia Vasca, 1976. p. 20.
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 132. (Con el título La dama de la sombrilla).
  • Cat. Pintors espanyols a París, 1880-1910. Barcelona, Fundació ”La Caixa”, 1999. pp. 142, 172.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 254-255, n° cat. 66.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Caja Duero, 2006. pp. 254-255, n° cat. 66.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 254-255, n° cat. 66.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 531-533, n° cat. 119.
  • Días de verano : de Sorolla a Hopper [Cat. exp.]. Málaga, Fundación Palacio Villalón, 2014. pp. 142-143, 206, n° cat. 55.
  • Lafuente Ferrari, Enrique. La vida y el arte de Ignacio Zuloaga. Barcelona, Editorial Planeta, 1990. p. 493, n° cat. 74.