Dantza - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Dantza – 82/2218

Souto Feijoo, Arturo

Pontevedra, 1902/02/04-Mexiko DF, 1964/07/03

Arkatza eta urkolorea paperean

65 x 49,7 cm

Souto (eskuineko beheko angelua)

c. 1931

82/2218

1932an eskuratua

Soutok bere karrera osoan erakutsi zuen oso gogoko zituela ohitura eszenak eta obra plastiko handia sortu zuen haiekin loturik. Egunerokoa mintzaira soil eta errealistarekin hautemateko eta irudikatzeko gaitasun handia erakutsi zuen bere lanetan. Naturalismoaren barruan prestatu bazen ere, 1930eko hamarkadaren hasieran Parisen ezagutu ahal izan zituen kubismoaren ondoko mintzairetatik etorritako elementu formal batzuk sartu zituen bere obran, pixka bat lehenago hara joana baitzen. Garai hartan Rafael Diesterekin eta beste intelektual eta artista galiziar batzuekin (Carlos Maside, Manuel Colmeiro) izan zuen harremana, abangoardiako korronteak eta arte garaikideko berrikuntza formalak elkartzearen aldekoak ziren haiek, urte haietako gizarte galiziarra irudikatzean. Soutok haiekin ezagutu zituen (eta bereganatu ere) Galiziako herri artearen modernitatea eta espresionismoa.

Guztiek halako adostasun bat azaltzen dute artista honen 1930-1936 urteetako akuarelak eta gouacheak urte haietako arte espainiarrari egindako ekarpen hoberenetakoa izan zirela esatean. Obra horietan, irudikatutako objektuen formarekiko eta sendotasunarekiko zuen kezkaz gain, Soutok primitibismoa eta espresionismoa erabili zuen aldizka salaketa sozialeko gaiak agertzeko. Obra horietako gehienek, artistak aukeratutako kolore sortaren ondorioz ia beti, tristura eta doilortasun giroa iradokitzen dute. Horren harira, gaiei dagokienean, Soutoren interesa batik bat gizarte maila baxuenetan oinarritu bazen ere, haien errutinak eta ohiturak jaso baitzituen bere olio pinturetan eta marrazki eta gouache askotan, bere Galizia sorterritik --oraindik nekazaritzarekin lotutako Galizia- etorritako gaiak ere landu zituen bere ekoizpenean, esate baterako, azokak eta merkatuko eszenak, nahiz prostituzio etxe, taberna eta, oro har, hiriko giro marjinalak. Pieza horien lehen multzokoa da haren margolan bat, Museoko bildumaren barnean dagoena, "Azoka" (c. 1931, Inb. zk. 82/349), iruzkin honek mintzagai dituen hiru gouacheekin batera erosia 1932. urtean Bilboko Euskal Artisten Elkartean egindako erakusketa zela eta. Bestalde, Dantza, Barnealdea eta Soinu jotzailea izenekoak barrualde ilunetan girotuak daude, margolariak haietan irudikatu baitzituen baztertuta zauden zenbait pertsonaia (prostitutak, marinelak, musikariak...). Nolanahi ere, gouachea bezalako baliabide tekniko batek eskatzen duen lan azkarra ez da oztopo izan elementu hasiera batean anekdotikoak ere hautemateko, esate baterako, lehen planoko natura hilak edo jantzi mota desberdinak, eta pertsonaien orrazkerak eta burugainekoak, haien keinuak eta espresioak xehetasun handiz azaltzen baititu Soutok. "Dantza" zaratatsuan, gainera, arreta pizten dute bere konposizioaren ñabartasunak eta horror vacui edo hutsarekiko izuak, margolari honen lanean ohiko bilakatu zirenak. (Miriam Alzuri, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Sobrino Manzanares, María Luisa. Cuatro pintores gallegos contemporáneos : Carlos Maside, Manuel Colmeiro, Arturo Souto y Laxeiro [tesís inédita]. Santiago de Compostela, Universidad de Santiago, 1974.
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 173. (Con el título Baile).
  • Arturo Souto : 1902-1964 [Cat. exp.]. A Coruña, Fundación Pedro Barrié de la Maza, 1997. p. 306.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 268-270, 272, n° cat. 110.