Capriko oroitzapenak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Capriko oroitzapenak

Guinea, Anselmo

Bilbao, 1855/05/18-Bilbao, 1906/06/10

Olioa mihisean

121,5 x 201,5 cm

Guinea ((ezkerreko beheko angelua)ezkerreko behe-angelua

1884

82/2402

Hilario Lund jaunaren semeen dohaintza 1920an

1883ko negua amaitzear zegoenean Erroman zegoen Guinea Il rittorno della Madonna izenburuko margolanari azken ukituak ematen: Erromako hiriaren inguruetan girotutako eszena alaia da, baina ordurako Caprira egin asmo zuen bidaian zuen jarrita gogoa, margolan handi bat landu nahi baitzuen hurrengo urteko Erakusketa Nazionalean aurkezteko. Apirilaren amaieran Caprira iritsi zenean liluratuta utzi zuen uharteak, eta behin eta berriz itzuliko zen Avilako margolari Blas Olleros Quintanaren hitzetatik ondorioztatu daitekeenez, 1884an adierazi baitzuen Guinea sarritan joaten zela Caprira, bere etxea bezain ongi ezagutzen zuela. Uhartean nazio askotako (italiarrak, espainolak, amerikarrak) artista taldearekin bat egin zuen, eta artista horiekin lan egin eta iritziak trukatu zituen, Tiberioren Trattorian biltzen ziren eta artista horiekin batean parte hartu zuen uztailaren 28an lurrikara handi batek astindu zuen ondoko Ischia uharteko biztanleei laguntzeko espedizio batean.

Guztia hartzen duen argitasuna da inguru horretara iristen den bidaiariaren arreta pizten duen ezaugarrietako bat. Hala eta guztiz ere, Caprin egin zuen lehenengo egonaldi hartan, naturalismo ilunetik gertu dagoen estetikarekin esperimentatu zuen aldi labur batez, urrundu egin zen aldi horretan zehar landutako obra askotan erabilitako kolore distiratsuetatik eta obra horietan argi garbi batek hartzen zituen eredu idealizatuetatik. Hala eta guztiz ere, azken horien artean sailkatu beharra dago Capriko oroitzapenak izenburuko lana: egilearen obraren bilakaera plastikoa uzten du agerian, hamarraldi horren erdialdera gero eta gehiago erabiliko baitzituen pintzelkada solteak eta zabalagoak eta enpaste urtsuak.

Ez dakigu uda hartan margolan hau zuzenean lantzen hasi ote zen ala zirriborro batzuk egitera eta apunte batzuk hartzera mugatu ote zen gero Erromako tailerrean obra osatzeko, baina 1884ko martxoan Olleros Quintanak espainiar artistek Erroman zituzten estudioak bisitatu zituenerako amaituta zuen. Harena izan zen margolanaren lehen deskribapena, Madrilgo El Liberal egunkarira igorria:

Guinea bilbotarrak Napoliko golkoan ere bilatu du inspirazioa, Capriko uhartera eramaten gaitu, sarritan joaten baita hara eta bere etxea bezain ongi ezagutzen baitu. Tiberioren eta Neronen uharteko patio tipiko horietako batean, zutabe zuriak mahats parra ederrez inguraturik, tarantella bat antolatu du Guineak; hamabiren bat gizon eta emakume dira, dantzan ari dira, jostatzen ari dira Vesubio sumendiaren eta mahats parrei eusten dieten zutabe zuriekin harmonia berezia eratzen duen anil koloreko itsasoaren begietara.

Pertsonak eta hondoa kolore atsegin batez margotuta daude, eta margolan honi erreparatuta batek uste du uharte zoragarri hartan dagoela, izan ere, ezin hobe islatzen du Capriko uhartearen izaera.

Erdi Aroan guztiz hedatuta zegoen ustearen arabera tarantulak egindako hozka sendatzeko balio zuen dantza bazen ere (izerdia botaz aterako baitzuten pozoia beren gorputzetatik), dantza honen jatorria kokatu behar den lekutik dator tarantella izena, Tarentotik alegia. Oso zabaldua Italiako hegoaldean, limurtzeko dantza da, erritmo bizikoa, dantzariak sinkronikoki mugitzen dira; gainera exotikoa zenez, oso erakargarri bihurtu zen XVIII. mendetik aurrera Europako pinturarentzat. Izan ere, XIX. mendean, musikagileen artean oso pieza ezagun bihurtzeaz gain, aitzakiatzat hartu zuten margolariek mugimenduan ari den gorputz emearen sentsualtasuna irudikatzeko, horren erakusgarri dugu margolan hau, begi beltz handiak dauzkan gazte beltzaranak (Guinearen ohiko modeloa urte horietan) bereganatzen baititu margolanaren barruko eta kanpoko ikusleen begiradak. Ollerosen testuan, gainera, Guinearen margolanarekin lotzen da Rafael Seneten Napoliko arrantzaren itzulia obra, biek edan baitzuten Napoliko golkoko uretatik beren oihaletara ohitura gai atseginak eramateko, adiskide askok eta askok Madrilera helarazi zituzten kontu ilunak alde batera utzirik. Behin Erakusketa Nazionala inauguratu zenean oso harrera ona egin zion Madrilgo kritikak, aintzat hartu zuen gaiaren atsegina. La Época aldizkariko orrialdeetan Erakusketako nota alaia zela adierazi zuen Luis Alfonsok, eta honako hau ohartarazten zien bisitariei: Ongi erreparatu lan honi, oraindik ikusteko dauzkazuen hamabi geletan ez baituzue aurpegian halako bozkariorik sentituko ez eta bihotzean halako lilurarik ere; ongi erreparatu, hementxe amaitzen baita alaitasuna; gero heriotzak eta zoritxarrak baizik ez dituzue zain.

Epaimahaikideek ere oso aintzat hartu zituzten margolan honen ezaugarriak, eta ekainean brontzezko dominarekin saritu zioten. Sariak honako hau ozenki esatera eraman zuen Enrique Segovia Rocaberti kritikoa: Guineak merezita jaso du saria, eta hala behar lukete beste saritu guztiek ere!

Capriko oroitzapenak izenburuko margolanaren arrakastaren ondorioz, Italiako eta bereziki Napoliko ohitura gaiak lantzeari eman zion Guineak. Arrantzaleen idilioak eta hondartzako dantzak margotu zituen, eta batzuetan berriz ere aukeratu zituen Capriko terraza mahats parrek babestuak bere margolanetan agertokirena egiteko. Laurogeigarren urteetan aurrera egin ahala landu zituen obretan garbiago ageri da argia, aratzagoa da pintzelkada. Eta XX. mendeko hasierako urteetan berriro ere ekin zien gai horiei, nahiz eta ez zuen aurrenetako obrekin lortutako grazia erdietsiko. (Mikel Lertxundi)

Bibliografia hautatuta

  • "Un artista y una exposición : en honor del malogrado pintor bizkaino D. Anselmo de Guinea", Jel. 16/06/1911. pp. 321-352.
  • "Un artista y una exposición : en honor del malogrado pintor bizkaino D. Anselmo de Guinea", Euzkadi, n° 25. 1914. p. 43. (Con el título <i>La tarantela</i>).
  • Roda, Damián. Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Caja de Ahorros Municipal de Bilbao, 1947. pp. 187-189. (Con el título </i>La tarantela</i>).
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 65. (Con el título La tarantela).
  • Galilea Antón, Ana María. "A propósito de las obras del Museo de Bellas Artes de Bilbao depositadas en otras Instituciones", Urtekaria 1992 : asterlanak, albistak = anuario 1992 : estudios, crónicas. 1993. pp. 37-39.
  • Castañer López, Xesqui. La imagen de la mujer en la plástica vasca contemporánea, s. XVIII-XX : aproximación a una metodología del género. Bilbao, Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea, 1993. p. 56.
  • Castañer López, Xesqui. "Iconografía de la mujer en los pintores vascos, siglos XIX y XX", Kobie : bellas artes, n° 2. 1984. p. 105.
  • Zugaza Miranda, Miguel. Euskal margolariak Aurrezki Kutxen bildumetan I = Pintores vascos en las colecciones de las Cajas de Ahorros I. Bilbao, Bilbao Bizkaia Kutxa; Gipuzkoa Donostia Kutxa; y Vital Kutxa, 1993. p. 28.
  • Artistas vascos en Roma : 1865-1915 [Cat. exp.]. Donostia-San Sebastián, Kutxa Gizarte eta Kultur Fundazioa = Fundación Social y Cultural Kutxa, 1995. pp. 197, 536-537, n° cat. 32. (Imagen de la cubierta).
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 386-389, n° cat. 78.
  • Anselmo Guinea, 1855-1906 : los orígenes de la modernidad en la pintura vasca [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. pp. 114-117, n° cat. 20.